Kantuz eramanez bizia

Xabier Meabe Sarriegi

Zuk edo zuek, nik edo guk, elkartasunean bat, Aspanogi Ner Group. Hori da bihar Lazkaon egingo duten festaren leloa. Izan ere, egun osoko jaia egingo dute, Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkarteak eta Ner Group enpresa elkargoak antolatuta. Elkarteak hainbat ekitaldi egingo ditu uztailetik aurrera urtebeteko epean, eta Lazkaoko festak hasiko du zikloa, bihar. Horren harira, Lazkao Txiki musika eskolak abesti berezi bat prestatu du, biharko festan eta datozen hilabeteetan egingo diren ekitaldietan “ereserki” gisa erabiliko dena.

Aspanogiko kide Rakel Arenazaren esanetan, helduentzat zein haurrentzat egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean Esparru mendira lasterketa egingo da, oinez, korrika edo bizikletan. Kirol probak, tailerrak eta aisialdi guneak izango dira. Eguerdian bazkariak emango dituzte, herriko hainbat lekutan. Arratsaldean, berriz, “giro ona” ziurtatuta egongo da; Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen Amalur ikuskizuna izango da lehenik, Joxemiel Barandiaran kiroldegian, eta, segidan, Lazkao Txiki musika eskolako kideen kontzertua. Bertan aurkeztuko dute ofizialki ereserkia: “Abestiak ilusio hazia gehitzen du. Espero dugu ereserkiarekin urte osoko proiektuaren oihartzuna gehituz joatea”.

Arenazak esker ona adierazi du: “Herritarren erantzuna eta laguntza bikaina izan da, jendeak laguntza deialdiari segituan erantzun diolako”. Horren erakusle jarri du musika eskolako kideek sortutako “abesti bikaina”. Ildo berean, “herriko boluntarioen zein erakundeen” lana eta babesa eskertu ditu. Aspanogirentzat izango da bildutako dirua.

Arenazak dioenez, datozen hilabeteetan egingo diren ekitaldien oinarria “Lazkaon jaiotakoa” da. Haren arabera, “kirola dela tarteko”, hainbat ekintza antolatuko dituzte Lazkaon: zikloturista probak, maratoiak, triatloiak… Horien koordinatzaileak Joseba Arratibel eta Etor Mendia kirolari lazkaotarrak izango dira.

Ekintza sortaren helburua Aspanogiri laguntzea izango da, Arenazak azaldu duenez “haur minbizidunen errealitatea ezagutzeko eta indar solidarioak sortzeko”. Haren esanetan, “urtean zehar lortuko den dirua elkarteari emango zaio, bereziki haur minbiziaren ikerkuntzarako”, eta hori jasaten duten haurrek zein haien familiek “bizi-maila hobea izateko”.

Arenazaren ustez, gaiaren inguruan “heziketa lana” egitea da egungo erronka nagusia, eta funtsezko jo du “gizartean haurren minbiziaz hitz egitea”. Horren erakusgarri jarri ditu Aspanogik ikastetxeetan, ikasleekin zein irakasleekin, egiten dituen hitzaldi eta topaketa hezitzaileak: “Funtsezkoa da txikitatik minbiziari buruz kontzientzia hartzea. Garrantzitsua da emozionalki isilik ez egotea”. Kasu horietan “penari eta beldurrari boterea ez ematea” eta egoera zailei aurre egiteko indarren alde borrokatu beharra dagoela dio.

Azkenik, Aspanogi elkarte osoaren izenean mezu bat zabaldu nahi izan du Arenazak:”Aupa piratak [haurrak] eta familiak. Indar solidario guztiek eurengana heldu behar dute, beraiek baitira egunero borrokan ari direnak”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.