“Artea” kantuz aurkeztera

“Artea” kantuz aurkeztera

Maite Alustiza

“Zer ilusio! Zer ilusio! Gaur euskaldunen lurretara etorri naiz, nazio kurduaren artea aurkezteko”. Zinar Ala inprobisatzaileak hala hasi zuen Hernaniko saioa, kurdueraz, apirilaren 17an. Europa Bat-batean topaketen barruan, Kurdistango, Sardiniako eta Euskal Herriko kantariak bildu ziren orduan. Udaberrian egindako hainbat saioren ondotik, azken geltokira iritsi dira orain jardunaldiak. Astelehenetik larunbatera bitarte, herrialde ugaritako inprobisatzaileak elkartuko dira Donostian, Kantu Inprobisatuaren Nazioarteko Topaketan. Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzak prestatu dute, elkarlanean.

Jardunaldi akademikoak eta emanaldiak izango dira egunero. Goizetan, nazioarteko adituek hitzaldietan eta mahai inguruetan parte hartuko dute, Miramar jauregian —izen ematea itxita dago—. Egun bakoitzean gai bati helduko diote. Astelehenean, esaterako, kantu inprobisatu ezberdinen inguruko xehetasunak azalduko dituzte; asteartean, belaunaldiz belaunaldiko transmisioa jorratuko dute, eta, asteazkenean, generoa hartuko dute gaitzat. Herrialde askotako kantu inprobisatuez jardungo dute saio horietan: Herrialde Katalanak, Austria, Murtzia, Zipre, Brasil, Kuba, Mexiko, Sardinia, Euskal Herria, Karelia, Estatu Batuak, Galizia, Gales…

Hitzaldiekin batera, inprobisazioarekin zerikusia duten filmak eta argazki erakusketak ikusi ahal izango dira Miramarren. Munduko kantu inprobisatuaren datu basea ere aurkeztuko dute, ostegunean —uztailaren 14an—. Mapa dinamiko bat da Kulturartea, eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren bidez garatu da. Horretan, adierazpide bakoitzak dituen ezaugarriak, egindako ikerketak, biografiak, grabazioak eta bestelako informazioa bildu dute. Mundu guztiko aditu, ordezkari eta inprobisatzaileak egongo dira aurkezpenean.

Arratsaldeetan, berriz, kantu inprobisatuaren ikuskizunak egongo dira Donostian: sei, guztira —horietako bat, Oñatin—. Austria, Euskal Herria, Gales, Herrialde Katalanak, Kuba, Mexiko eta Zipre egongo dira ordezkatuta. Saio batzuk ikusteko beharrezkoa da sarrera erostea; www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke —astelehenekoak 10 euro balio du, eta asteazken eta larunbatekoak, 15—. Gaiak prestatzen Alaitz Rekondo, Arrate Illaro, Oihana Iguaran eta Maite Berriozabal aritu dira. Aurkezle lanetan ere ariko dira Berriozabal eta Rekondo, Uxue Alberdirekin batera.

Jardunaldi akademikoetan bezala, emanaldietan ere gai eta formatu ezberdinak landuko dituzte. Astelehenean, adibidez, portuko arranplan izango da saioa, eta itsasoarekin lotura duten herrialdeetako kideek parte hartuko dute. Asteazkenean, emakumeak izango dira protagonista, eta osteguneko saioa poteo formatuan egingo dute, Parte Zaharretik. Uztailaren 16an, larunbatarekin, topaketa bukatzeko “jaialdi handia” egingo dute, Kursaalean. Jon Martinek osatu du emanaldiaren gidoia. “Behar bezalako amaiera emateko asmoz” egingo dute Kursaaleko emanaldia, eta, bide batez, 2003koa gogoratuko dute. Orduko hartan, Ahozko Inprobisazioa Munduan topaketa egin zen Donostian, eta jaialdi batekin bukatu zuten jardunaldia, Bilbon, Euskaldunan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.