Kezkak partekatzeko tenorea

Kezkak partekatzeko tenorea

Julene Frantzesena

Ikaskide batek sexu erasoa jasan ostean, 2013aren bukaeran sortu zuten Mare More taldea Azpeitiko Iraurgi ikastetxeko ikasleek. Ordurako, baina, ari ziren Arremanitz kooperatibako kideak hezkidetzaren, sexualitatearen eta tratu onen inguruko saioak eskaintzen; Iraurgin ez ezik, Urola ikastolan eta Ikasberri ikastolan ere bai.

Eskoletako saioak bukatuta, eta ikasleek jarraitzeko “gogoa eta interesa” zutenez, eskolaz kanpo biltzen hasi ziren hiru ikastetxeetako ikasle batzuk, “elkarrekin aisialdi eremua konpartitzeko eta hainbat gairen inguruan hausnartzeko”. Autoantolaketa taldea sortu zuten Harremonak egitasmoaren barnean. Talde horretako kide dira Garazi Genova (Azpeitia, 2000), Olatz Bereziartua (Zestoa, 2000), Izaro Lizundia (Azpeitia, 1999), Garazi Etxeberria (Azpeitia, 1999) eta Mikele Lapeira (Azpeitia, 2000). Bidelagun izan dute Haizea Egiguren (Azpeitia, 1984) Arremanitzeko kidea.

Egigurenek dioenez, hiru ardatzen gainean egiten du lan Arremanitzek, eta gazteen “beharren arabera” lantzen dituzte horiek: “Hezkidetza lantzen dugu genero baldintzapenak gainditzeko; hau da, bakoitzaren indibidualtasuna indartzea pertsonak modu integralean garatzeko. Denok ez gara berdinak, baina ezin gara bi multzo homogeneotara bakarrik mugatu: aniztasunean dago errespetua. Gainera, tratu onak lantzen ditugu, batez ere, emakumeen aurkako indarkeriari modu eraginkorrean aurre egiteko. Zaintza lanak erdigunean jarri behar dira, norbere burua eta besteena zaintzearekin pertsona zein harreman osasuntsuak eta gustagarriak sortzen ditugulako”. Sexualitatea ere lantzen dute: eredu “idealizatuak” zalantzan jartzeaz gain, norbere burua eta gorputza ezagutu, buru estimua landu, jakin-mina eta autonomia indarberritu, mugak jartzen ikasi… “Hiru ardatz horiek elkarrekin ulertzen ditugu”.

Egigurenen arabera, beren lana da gazteak motibatzea eta haiei eragitea, beren beharrak identifikatzen laguntzeko: “Ahalmen izugarria dute, eta gogoa gauzak egiteko, baina askotan ez zaizkie horiek egiteko tresnak eskaintzen”.

Puntu beltzen identifikazioa

Autoantolaketa taldeko gazteek hainbat egitasmo egin dituzte azken hilabeteotan. Hala zerrendatu ditu taldeko kide Lapeirak: “Azaroaren 25aren eta martxoaren 8aren bueltako egitasmoak, jostailu ez-sexisten kanpaina, homofobiaren aurkako ekimena, edertasun ereduaren inguruko tailerra, maitasun erromantikoaren lanketa, autodefentsa tailerra, muralak… Orain arte eskolarako eta handik kanporako aritu gara lanean, eta, orain, geure kezken gainean-eta ari gara”.

Iaz, adibidez, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren bueltan, Gure herria emakumeen begietatik egitasmoa landu zuten Emakumeen Mahaiko kideekin batera. Egitasmoak izan du oihartzunik; izan ere, Azpeitiko planoa hartu eta bereziki gauez beldurra sentiarazten zieten guneak, puntu ilunak, identifikatu eta zehaztu zituzten. Ordutik, gune horiek nola egokitu aztertzen aritu dira udaleko hirigintza teknikariak, eta toki ilun horiek hobetzeko hainbat neurri hartu dituzte. Besteak beste, kontuan hartuta “batez ere iluntasunak” sortzen diela beldurra, “gune ilunetako argiteria” hobetu du udalak. Gainera, lur azpiko oinezkoen pasabideetan ispiluak jarri dituzte.

Lapeirak dioenez, “kuadrillan-eta jendea ohartu da egin dituzten aldaketez”. Hala eta guztiz, emaitzari ez ezik, aurretik egindako lanketari eman dio garrantzia Egigurenek: “Aurrelanketan beldurraz hitz egin dugu, zerk ematen digun beldurra eta zer sentitzen dugun beldurra dugunean. Bizipenetan jarri dugu arreta. Ondoren, beldur horren jatorriaz hausnartu dugu, eta irtenbide eta erantzunak landu ditugu. Autodefentsa feminista landu dugu gazteekin, beraz, jada horrek beste zentzu bat ematen dio ekimenari”.

Sentimenduak adieraztea

25 bat nerabek osatzen dute taldea, eta, Etxeberriak dioenez, “berdintasunerako bidean” oraindik asko dago egiteko gazteen artean: “Berdintasunaren alde daudela esan bai, baina askok gero ez du ezer egiten. Eta guri esan izan digute emakumeen alde soilik egiten dugula lan, baina hori ez da horrela”.

Proiektuak asko lagundu diela dio Bereziartuak. “Begiak ireki dizkigu zentzu askotan, eta halako lanketak egitea garrantzitsua da. Garrantzitsua da zer sentitzen dugun kaleratzea, eta horren atzean lan handia dago, ikusten ez bada ere”. Ildo beretik hitz egin du Genovak: “Ez gara adin berekoak, eta hasieran ez genuen elkar asko ezagutzen. Orain, oso ondo moldatzen gara. Konfiantza dugu, eta ez dugu arazorik nola sentitzen garen adierazteko. Taldeko kideok antzerako kezkak-eta ditugu, eta horiek taldean partekatzen ditugu”. Lizundiaren arabera, gai desberdinez hitz eginda eta ekintzak antolatuta, asko ikasi dute.

Autoantolaketa taldea bultzatzeaz gain, Harremonak egitasmoaren barnean hainbat egitasmo dituzte esku artean. Horren erakusle da Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako ikastetxeek eta herri horietako Berdintasun eta Gazteria sailek 2013-2014ko ikasturteaz geroztik martxan duten Hezkidetza Foroa. Egigurenen arabera, hezkidetzaren inguruan martxan jar ditzaketen proiektuak bideratzen dituzte. Abian jarritako egitasmoak baloratu egin ditu Arremanitzeko kideak, eta azaldu du elkarlanean “lan polita” ari direla egiten: “Parekidetasuna eta harreman gozagarriak lortzeko prozesuak abiatzea da gure helburu nagusia”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.