“Libreki mugitzeko askatasuna islatzen du erakusketak berak”

“Libreki mugitzeko askatasuna islatzen du erakusketak berak”

Xabier Meabe Sarriegi

Beneditarren artxiboak piztutako jakin-minetik eratorritako erakusketa ibiltaria da Eduardo Molinarirena (Buenos Aires, Argentina, 1961). Lazkaon ikus daiteke, uztailaren 23ra arte. Proiektu “bisuala” da; artea eta historia uztartzen ditu, eta irudi guztiek indarkeria islatzen dute.

Nolatan Argentinako artista bat Lazkaon erakusketa bat jartzen?

Bake-ituna proiektuko Aldiriak sailean parte hartzeko gonbidapen bat jaso nuen Donostia 2016tik. Jatorri ezberdineko zazpi artistarekin jarri ziren harremanetan, eta Donostiatik kanpo garatuko zen proiektu jakin bat lantzeko eskatu ziguten bakoitzari. Lekua aukeratu behar genuela esan zigutenean, eta nik Argentinan ordura arte eginiko lanak kontuan izanda, Lazkaora etortzea erabaki nuen, oso leku interesgarria iruditzen zitzaidalako.

Interesgarria zergatik?

Bertako Beneditarren artxiboak beti sortu izan dit jakin-min handia. Argentinan nengoela, neure kasa ikertu nuen artxibo hori bera, eta, orain, Lazkaora etorrita, artxibora bertara zuzenean joanda, nire kontsulta propioak egiteko aprobetxatu dut. Horri esker, hemengo historia ezagutzeko aukera izan dut. Artxibo honek eman dit Lazkaon jarritako erakusketa ibiltari hau egiteko inspirazioa.

Proiektu hau Lazkaora egokitua dago. Beste lekuren batera molda daitekeela uste al duzu?

Nire esperientzia pertsonala aintzat hartuta, behintzat leku honekin lotura berezia aurkitu dut. Ikusi eta aztertu egin beharko nuke erakusketa hau egiteko Lazkaorekin lortu dudan konexioa beste lekuren batekin ere lor dezakedan.

Erakusketa ibiltaria. Zer lortu nahi duzu bisitaria leku batetik bestera mugitu behar horrekin?

Nire praktika artistikoak izaera edo nortasun jakin bat garatu du, erakusketa ibiltariarena. Proiektu bisuala da, baina artea eta historia lotzen ditu berarekin. Era berean, lortu nahi izan dut ikusten den horrek inguruan daukan testuinguruarekin lotura izatea ere. Eta Lazkaon zehar ibili izan naizenean, puntu estrategiko jakin batzuk aurkitu izan ditut nik izandako ideia hori islatzeko.

Beraz, zuk Lazkaorekin lortu duzun “konexio” hori lazkaotarrei itzuli nahi diezu.

Hori da. Nire barnean sentitu izan dudan hori jendeari transmitiarazi nahi diot erakusketa honekin. Horrexegatik, leku bakoitzean ikus daitezkeen irudiek testuinguru jakin bat azaltzen dute, baina, era berean, lotuta daude erakusketa guztiarekin.

Euskal Herriko historia azaltzen duzu koadro, irudi, inskripzio eta oharrak erabilita. Hala ere, erakusketak ez dio ordena jakin bati jarraitzen. Zergatik?

Jendeak bere erara bisita dezake nahi duen eremua: udaletxeko zatia ez beste guztia egunez nahiz gauez ikusi ahal izango du. Nolabait esateko, ipuin edo kontakizun bat kontatzen dut, eta irudi guztiek indarkeria islatzen dute; bai indarkeria historikoa eta bai ingurumenaren aurkako indarkeria. Proiektuak gai horien inguruan hausnartzera gonbidatu nahi du ikuslea. Garrantzitsua iruditzen zait ibili bitartean pentsatzea, erakusketak berak libreki mugitzeko askatasuna islatzen baitu.

Izenburu iradokitzailea du erakusketak: ‘Pozoia zure makinerian’. Zer mezu gordetzen du?

Nire ikuspegitik, badaude puntu komun batzuk azken mendeetan egon izan diren gizarteko indarkeria mota ezberdinetan, eta baita negozioen, industriaren eta teknologiaren makinerian ere. Puntu komun hori lurraldeen konkista da, gizarte horrek edo lurralde horrek izan ditzakeen errekurtsoak kontrolatzeko. Era berean, indarkeria hori babesgabeen aurka jotzeko ere erabiltzen da —zibilen aurkako gerrak, adibidez—, eta, makineriaren ikuspegitik, natur errekurtsoak eraldatzeko edo desegiteko joera dago, bizitza bera deuseztatzeko joera, bai gizakiena, bai animaliena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.