“Sanpedroburun bost bat mendez ehorzketak egin ziren”

“Sanpedroburun bost bat mendez ehorzketak egin ziren”

Imanol Garcia Landa

Bosgarren kanpaina egiten ari dira Bidania-Goiazko Iromendiko Sanpedroburu muinoan dagoen aztarnategian. Iosu Etxezarraga arkeologoa da aztarnategiaren zuzendaria, eta, urtero moduan, oso gustura dago egin dituzten aurkikuntzekin.

Zein da orain arte egin duzuen lanaren balantzea?

Balantzea oso ona da. Aurtengo helburu nagusietako bat zen Iromendiko San Pedro elizaren nekropolia edo hilerria induskatzea. 24 metro koadro inguru ireki ditugu, eta, guztira, hamahiru bat hilobi aurkitu ditugu, eta horietatik hamarretan gorpuzkiak daudela dirudi. Kopuru polita da, eta nahiko lan ematen digute.

Aurkitu dituzuen gorpuzkiak zein adinetako pertsonenak ziren?

Denetatik dago. Badakigu Erdi Aroan zehar haurren heriotza tasa oso altua zela; osasun zerbitzurik ez zuten, eta gaixotasunen aurka ez zuten egun dugun bezainbesteko baliabiderik. Orduan, haur hilobi nahiko dira, dozena erditik gorakoak gure kasuan. Elizatik gertuen dagoen eremuan gaude, eta, garai hartan, Goi Erdi Aroan-eta, haurrak elizaren alboan edo oso gertu ehorzten zituzten.

Eta zein mendetakoak izan daitezke hilobiak?

Aurten ez dugu oraindik datarik, baina aurreko urteetan jasotako informazioari esker, badakigu hilobi zaharrenak VIII. mendean eraiki zirela eta haietan ehortzi zituztela gorpuak. Gure aztarnategian hiru hilobi mota daude. Lehenengoak, VIII. mendekoak, bainuontzi formakoak dira, hau da, haitzean egindako zuloak, obalo antzekoak gorputzaren formarekin, eta gainean harlauzak dituzte tapa moduan. Badakigu IX. mendean hilobiak aldatu egin zirela. Kasu horretan, lurrean zuloak egiten dituzte, baina harlauzak jartzen dituzte paretak balira bezala, eta, gero, tapa ere jartzen dute; beraz, hilkutxak ematen dute. Azkeneko hilobi mota, berriz, hobi arrunta da: hobi bat egiten dute lurrean, eta hantxe bertan ehorzten dute hildakoa. Holakoak XII. eta XII. mendekoak dira. Ehorzketen azken datak ez dakizkigu oraindik, ikerketa aurrera doalako, baina uste dugu XIII. menderako ez zela inor ehorzten San Pedro herrixka honetan. Aurten topatutakoen artean baditugu bainuontzi formakoak, harlauzazkoak, baita bestelakoak ere.

Kanpainarako aurreikuspenak bete dira, beraz, orain arteko aurkikuntzekin?

Iaz topatu genituen hilobi zahar horietako batzuk, eta hilerria pixka bat ezagutzen hasi ginen. Iaz jarritako helburuak izan ziren orduan aurkitu genituenak baieztatzea eta ziurtatzea. Guk egindako interpretazio eta berreraiketa historikoak bere hartan dirau. Agertu diren hilobi hauek iazkoaren antzekoak dira, eta, alde horretatik, pozik gaude. Kasu honetan, argi dugu eliza eta hilobi zaharrenak VIII. mendekoak direla, eta bost bat mendez ibili zirela tokian bertan edo inguruan bizi zirenak ehorzten.

Indusketa lanak orokorrean hartuta, zer garrantzi dute aurtengo aurkikuntzek?

Alde batetik, VIII. mendean han bertan bizi zen jendea bazegoela, komunitate txiki bat izan arren inguruan bizi zirela, eta hildakoak bertan ehorzten zituztela. Hilobiez aparte topatu ditugu eguneroko bizitzako ontziak, eta abar. Batetik, hilobiak, eta, bestetik, horrelako zeramika edo lapiko zatiak-eta topatzea ez da batere normala Gipuzkoan. Aztarnategiaren balioa aurten ere handitu da, urtero aurkikuntza berriak egiten ditugulako, eta oraintxe bertan esan daiteke aztarnategi hau dela Gipuzkoan puntakoena alde horretatik. VIII, IX. eta X. mendeko aztarna asko ez dago, eta topatzen ari garenak oso garrantzitsuak dira. Batez ere, garai hartako historiari buruz gutxi dakigulako, eta uste dugu aztarnategi honek informazio garrantzitsua emango digula.

Aipatu izan duzu beste kanpainetan ere Sanpedroburuko aztarnategiaren berezitasuna.

Garai hartako bakarra da oraingoz. Ikerketa hau egiten hasi ginenean, hartu genuen ikuspuntua ez zen ohikoa izan ordura arte. Goi Erdi Aroan, teorian esaten zenez, Gipuzkoan jende talde ibiltariak bizi ziren, animaliekin ibiltzen ziren batetik bestera, eta herrixkarik ez zuten. XI. mendetik aurrera sortuko zituzten herrixka horiek. Zenbait urtetatik hona, beste talde batzuek eta guk egindako indusketei esker, hipotesi horiek hankaz gora jarri dira, eta, orain, hipotesi berriak eraiki behar dira, gero horiek frogatu eta beste batzuk osa ditzaten. Azkenean, aztarnategi hau da, Zarautzen edo Getarian topatu direnekin batera, Goi Erdi Aroan lehen mende horietan jartzen gaituztenak, 700. urtetik aurrera. Bai kostaldean eta bai barnealdean ere, komunitate finkoak bizi zirela erakusten digute. Batetik, mapa hori gehiago osatzen du, gainera oso data goiztiarretan, eta, bestetik, jende hori nola bizi zen ikusteko aukera ematen digu. Oraindik ez gara sartu jende horien etxeak-eta bilatzen, oraingoz elizaren inguruan ari garelako, baina datozen urteetan hasiko gara ikerketa horiekin.

Zehaztu daiteke, beraz, Sanpedroburun herrixka bat zegoela?

Oraindik hipotesi bat baino ez da, baina gero eta sendoagoa. Ezusteko handia izango litzateke bertan induskatzen jarraitu eta inguruko eremuak aztertu ondoren, bizilekurik edo beste aztarnarik ez aurkitzea. Normalena da, beste leku batzuetan agertzen dena ikusita, eliza horren inguruan komunitate baten bizilekua topatzea. Iberiar penintsularen iparraldean eta Frantzia hegoaldean agertu diren aztarnen antzekoak dira Sanpedroburun topatzen ditugunak. Gure historia Europako Mendebaldeko historian txertatzen da inongo arazorik gabe, eta hori berrikuntza da. Lanerako urte asko geratzen zaizkigu oraindik, eta gauza asko frogatu behar ditugu, baina dagoen hilobi dentsitateak eta eguneroko bizitzako tresnak topatzeak nahiko argi uzten digute aukera handia dagoela bertan bizi zen komunitate horren aztarna gehiago topatzeko eta frogatzeko bertan herrixka bat zela.

Herrixka esatean, jende kopuru handia baino, zenbait familiaz osatutako komunitatea izan daiteke, ezta?

Gure asmoa hasiera batean izan zen, San Pedro ermita zaharraren aztarnak miatuz gero eta parrokia bat zela frogatuz gero, horrek erakutsiko zuela zer-nolako bizitzeko modua zuten Erdi Aroaren hasieran, Bidania-Goiatzen, 700 metroko altueran. Zortea izan genuen aztarnak topatu ditugulako, eta adierazten digu bai behealdean eta bai goialdean kokapen horiek existitzen zirela. Batzuk txikiagoak izan ziren, beste batzuk handiagoak. Uste dugu kokapen txiki edo ahulenek desagertzera jo zutela azkenean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.