“Bidaniarrek eta goiaztarrek euren nortasuna izaten jarraitzen dute”

Asier Imaz

Herri bat ezagutzeko ez dago herria bizi duen herritar batekin herriaz hitz egitea bezalakorik. Luis Galarraga (Bidania-Goiatz, 1956) da horren adibidea. Besteak beste, herriko Saiaz elkartearen sorreran parte hartu zuen.

Nola deskribatuko zenuke Bidania-Goiatz?

Bi herri. Garai batean, bakoitzak bere udala zuen. Gero, bateratu egin ziren, gehienbat diru laguntza kontuengatik; hau da, udal ikuspegitik begiratuta. Babes ekonomikoa jasotzea errazagoa da ondoan dauden bi herri txiki elkartzen direnean. Horrek ez du esan nahi bakoitzak bere nortasuna galdu duenik. Bidaniarrek eta goiaztarrek euren nortasuna izaten jarraitzen dute. Urte askoan, Bidegoian izena eman zitzaion herriari, baina ez zen egokia; hain zuzen, nortasun hori hor zegoelako.

Luis Luisito txikia zenetik hona, gauzak asko aldatu al dira?

Bai. Asko. Esango nuke izaera mantentzen dela, baina baserri giro peto-petoko herri batean industria sartzen ikusi genuen. Zortez, gaineratuko nuke, bertako biztanle askok egiten baitute bertan lan. Bestalde, baserri giroa galtzen ari da; hutsik geratzen ari dira. Nire ustez, baserriak laguntza txikiak eta txarrak jaso ditu. Oso gutxi lagundu zaio baserritarrari. Hortik etorri da aldaketa. Baserri girotik kaleko etxeko girora egin da jauzi. Gero, herrian bertan ikastetxea dago, eta hor ere aldaketa nabaria izan da: maisu bat izatetik ikasle kopuruaren araberako irakasleak izatera. Herri giroa ikastetxearen inguruan asko mugitzen da orain. Etxebizitzen kontua ere aldatu da. Gazteei bertan bizitzen jarraitzeko aukera eman zaie. Nire ustez, herri txiki bizi bat da Bidania-Goiatz.

Bidania-Goiatzen jaio, eta bertan bizi zara oraindik. Ez zaitu tentatzen beste herri batean bizitzeak?

Ez. Eta errez ulertzeko gauza da, gainera. Lau urtez bizi izan nintzen Azpeitian, eta hango bizimodua oso desberdina da. Jaiotzatik ingurune bati lotuta zaudenean, gustukoa baduzu behintzat, berriz ere hara jotzen duzu. Hori gertatzen da Bidania-Goiatzekin. Bertako giroa bizi baldin baduzu, nahiz eta ikastera kanpora joan, adibidez, ondoren bizimodua herri horren inguruan egiten saiatuko zara. Beste herri txiki batzuetan ez bezala, Bidania-Goiatzen bizitzea oso erosoa da, Tolosa edo Azpeitia kilometro gutxira dituzulako. Haurrak baldin badituzu ere, maila oneko ikastetxea dago hemen. Beraz, alde horretatik ere joateko arrazoirik ez duzu izaten.

Zer gustatzen zaizu herritik gehien?

Lasaitasuna. Herri handietan ez dago lasaitasun eta elkarrekin bizitze hori. Eta, zoritxarrez, bilakaera hori hartzen ari dira herri txikiak. Biztanle gutxiago izatean, elkarrekiko babesa biziagoa izaten da; albokoa gertuago sentitzen duzu, eta bestearekin bizitzen zara. Herri handietan, bakoitza berera doa, egoismo ikuspuntu horrekin; berea egin eta albokoarengatik ez ezer sentitu. Lastima litzateke herri txikiak ere horretan galduko balira.

Zein da garairik egokiena Bidania-Goiatz bisitatzeko?

Ez nuke esango garai on bat eta txar bat dagoela. Garaian garaikoa ematen dio herriak bisitan datorrenari. Altuera batean dagoen herria denez, neguan neguko giro hori ezagutzeko aukera dago. Udan, behean baino freskoago mantentzen da herria, eta baserriko bizimodua ezagutzeko aukera izaten da. Hotela ireki zutenetik, atzerritar askorekin egoteko aukera izan dugu hemen, amerikarrekin gehienbat, eta ikusi dute gune oso erosoa dela, edozein garaitan. Herriaz gain, batera eta bestera mugitzea oso erraza da.

Norbait gonbidatuko bazenu egun-pasa egitera, zer plan prestatuko zenioke?

Goiza herria bera ezagutzeko hartuko genuke. Herriko tabernaren funtzionamendua ezagutzeko, kafea bertan hartuko genuke. Ondoren, ingurunea ezagutzera joango ginateke. Eliza, udaletxea, hotela, Goiazko plaza, baserri giroa… Gero, Urraki aldera joanez gero, Urola eskualdeko paisaia ederra ikusten da; Herniotik, kostaldea. Amaitzeko, elkartean afaria egingo genuke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.