“Euskal Herriko arkeologiaren barruan, aparta da aurkikuntza”

“Euskal Herriko arkeologiaren barruan, aparta da aurkikuntza”

Ikerne Zarate

Aurkikuntza garrantzitsua egin du Aranzadi zientzia elkarteak Errenteriako Kapitain Enea kaleko Kapitain Etxean. Igogailua jartzeko lanak egin ditu han udalak, eta testuinguru horretan egin dute aurkikuntza. Erdi Aroko sutondo baten egitura osoa eta hondatu gabea aurkitu dute han, zortzi mende geroago. Ez da topatu duten Erdi Aroko arrasto bakarra: Errenteriaren azken 700 urteetako historia biltzen duen sekuentzia osoa ere aurkitu dute etxe berean. Azaldu diren aztarnak lehenengo hiribilduaren sorrerarekin lotuta daude.

Alfredo Moraza (Donostia, 1966) Aranzadi zientzia elkarteko arkeologoa indusketa lanak egiten aritu da. Esan duenez, egindako aurkikuntzak ez dira ikusgarriak, baina bai garrantzitsuak, halakoak aurkitzea ez delako erraza: “Euskal Herri osoan bizpahiru gehiago izango dira”.

Zein garrantzi dute aurkitu dituzuen elementuek?

Harresiak, jauregiak eta elizak kontserbatu dira, baina halako elementurik ez dago; garai hartako bizitoki arrunten aztarnarik edo haietan zeuden elementurik ez dago. Sutondoa Erdi Aroko etxebizitza baten aztarna da. Gaur egun ezagutzen dugun Kapitain Etxe horretan garai hartan norbait bizi zela erakusten du horrek.

Zein garai zehatzetakoak dira sutondoa eta sekuentzia?

Erdi Arokoak dira, baina, eman diguten datazioaren arabera, ez dago argi hiribildua sortu aurrekoak edo behin sortutakoak diren. Tarte horretan kokatzen dira, 1290. eta 1370. urteen artean, zehazki. Horrek erakusten digu bazegoela zer edo zer, bizitoki bat han, Errenteria sortu aurretik. Aurkikuntzek datu oso interesgarriak eskaini dituzte Errenteriaren jatorriaren eta Erdi Arotik hona izandako bilakaeraren gainean, eta, xumeak badira ere, Euskal Herriko panorama arkeologikoan apartak dira. Izan ere, Erdi Aroan halako sutondoak etxe guztietan zeudela jakin badakigu, dokumentatuta dagoelako, baina halakoen arrastorik ez dago ia. Halako elementu bat azaltzea garrantzitsua da, badakigulako etxe guztietan egoten zirela, baina ez delako ezer gelditzen. Euskal Herri osoan bakarrik bi adibide daude, Bilbon eta Gasteizen, eta hangoak, gainera, Errenterian aurkitu duguna baino txikiagoak dira. Beste hiribilduetan eraikitze prozesuak ulertzeko eredua dira aurkitutakoak. Oso garrantzitsua da.

Zein ezaugarri dauzka sutondoak?

Sutondoa etxearen eta familiaren bihotza zen, etxe erdialdean kokatzen zuten eta haren bueltan lotarako guneak eta hazienda izaten ziren. Sutondoaren bueltan biltzen ziren egunerokoak kontatzeko. Lau angeluko oinplanoa duten egiturak dira, estalkirik gabeak, eta harrizko blokeekin mugatuak. Suaren eraginez gogortutako buztinazko plaka bat dute barruan. Halako hiru elementu daude Kapitain Etxean, baina bakarra mantentzen da osorik. Laukia da aurkitu dugun sutondoa, 1,15 metro neurtzen du alde bakoitzak, eta zutik jarritako harriekin egina dago. Sua zaintzen zuen jendea belauniko edo banku baxu batekin aritzen zen lanean. Sutondo horiek denerako baliatzen zituzten: berotzeko, otorduak prestatzeko, argia izateko.

Euskaldunok suarekin eta ikatzarekin harreman handia daukagu. Mendian mugarria jartzen dugunean, ikatza sartzen da barruan. Sua eta jabetza lotuta daude gure kulturan.

Sutondoa garrantzitsua da, azaldu diren bakarretakoa delako. Horrekin batera, sekuentzia bat ere aurkitu duzue.

Bai, hala da. Aurkitu dugun sekuentziak herriaren 700 urteko historia biltzen du, eta zaila da aurkitzea horrek bezain ongi iraun duenik. Oso garbia da, eta hor bilduta daude Errenterian izandako suteak, besteak beste. Sekuentzia osoa bilduta egotea arraroa da, eta hortik garrantzia; bikain kontserbatuta dago. Sekuentzia horrek, gainera, erakusten du gaur egun Errenteria garai hartan baino bi metro gorago dagoela. Etxeak suntsitzen zirenean, edo erre —Errenteria bost aldiz erre zen edo zuten— ez zuten gaur egun bezala egiten, zulatu eta berriro eraiki. Orubea berdindu, eta gainean eraikitzen zuten, gainjarri egiten zuten.

Zer esan nahi du arkeologo batentzat halako aurkikuntza bat egiteak?

Ni profesionala naiz. Arkeologoarena, beste lan bat da. Polita da halako elementu bat aurkitzea, prozesu batzuk askoz hobeto ulertu ahal izateko. Gure arbasoen paisaia hobeto ulertzen laguntzen digute halakoek, beraien bizimoduaren berri gehiago izaten.

Indusketa lanak egitea ez da beti erraza izango, ezta?

Beti agintzen duena arlo ekonomikoa izaten da, eta, askotan, indusketa lanak eta gu geu, arkeologoak, traba bihurtzen gara eraikitze prozesuetan edota obretan. Epe bat izaten da lanak amaitzeko, eta diruak markatzen du azken batean.

Errenteriaren kasuan, ez da horrela izan. Alde zaharrean kokatuta dauden eraikin edo orubetan indusketa lanak egin behar izaten dira, legez araututa dagoelako. Kapitain Etxean sartu ginenean eta aztarnategia aurkitu genuenean interes handiko elementuekin, udalak indusketa egitea erabaki zuen, jarraitzeko aukera eman zigun. Beste hainbat lekutan, ez dugu halako jarrera topatzen. Hemen ateak zabalik izan ditugu, eta eskertzekoa da teknikariek zein politikariek erakutsi duten jarrera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.