“Jaiak ikuskizun hutsa ziren, eta hori ez zen Piraten ustea soilik”

“Jaiak ikuskizun hutsa ziren, eta hori ez zen Piraten ustea soilik”

Eider Goenaga Lizaso

Herri jaiak abordatzera! Aste Nagusia abordatzera! Hiria abordatzera! 2003an, zazpi baltsa atera ziren Donostiako portutik Kontxako hondartzara; hura izan zen Piraten mugimenduaren lehen harria. Hamahiru urte geroago, Aste Nagusiaren atarian, Donostiako Piraten mugimenduak heldutasuna, esperientzia eta, batez ere, jendearen aitortza irabazi dituela uste du Batiste Ezeizak (Donostia, 1985), mugimenduko bozeramaileetako batek. “Ez dut uste orain dela hamahiru urte inork esperoko genuenik mugimendu honek lortu duena lortuko zuenik. Mugimendua asko zabaldu da, profil ezberdineko jende askok bat egiten du Piratekin eta, zazpi baltsa izan ondoren, iazko abordatzean 350-400 baltsa irten ginen”.

Piratek egitarau propioa aurkezten dute Aste Nagusian, La Flamenka gunean —portuan—: herri bazkaria, umeentzako jarduerak, kirol ekintzak, kofradien jokoak, kontzertuak… eta, nola ez, abordatzea. “Urteekin, jendearen aitortza, jendearen ezagutza lortu dugu Piratek. Hasierako inpresioa agian bazen ‘hauek astapotro kuadrilla bat dira’, baina irudi hori joan da aldatuz; jendeak ulertzen du zer den Piraten mugimendua eta zertarako ari garen lanean”.

Jaien egitarau ofizialak urteotan lehengoari eutsi diola eta horren kontra ezer ez dutela nabarmendu du Ezeizak. “Guk ez dugu esaten lehen egiten zena kendu behar denik. Suak daude, eta Saguesko kontzertuak ere bai; jendea joaten da horietara, eta egin behar dira. Baina guk beste osagarri bat gehitu diogu; jai herrikoiak eta parte hartzaileak antolatu ditugu, Aste Nagusiko betiko eskaintza osatu dugu, eta aberastu egin dugu”. Hala, gaur egun Aste Nagusia Piraten mugimendua gabe ulertzerik ez dagoela iritzi dio, Aste Nagusiaren sinbolo bilakatu direla. “Pentsa, iaz Noticias de Gipuzkoa egunkariak Piraten irudi batekin ilustratu zuen Aste Nagusiko egitaraua, eta TVEko berriemailea pirataz jantzita ibili zen Aste Nagusiko erreportajeak grabatzen”.

2003ko abordatze hura ez zen gazte batzuen burutazio eroa izan. “Parte Zaharreko tabernariek sustatu zuten, beste mota bateko Aste Nagusi baten beharra ikusten zutelako; gero, gazteek hartu zuten beren gain, eta, orain, duela bost urtetik, kofradiek hartu dute antolaketaren pisua. Gabezia handi bati erantzutera etorri zen Piraten mugimendua. Aste Nagusia ikuskizun hutsa zen, ez zen batere parte hartzailea, eta horren falta sumatzen zen. Denborarekin ikusi da hori ez zela Piraten ustea soilik”.

Jai parte hartzaileak nahi dituzte piratek, herri jaiak, eta, jaiak eraldatzetik abiatuta, hiriari berari eta bizitzeko moduari buruzko gogoeta eta ariketa praktikoa sustatu nahi dute. “Jaiak esperimentazio eremu oso polita dira, egunerokoa apurtzeko eta konbentzioak hausteko aukera ematen dute, eta hori baliatzen dugu”.

Piratek kontsumo eredu eta gizarte eredu jakin bat sustatzen dute, eredu euskaldun eta parekidea bultzatzen dute, hiri parte hartzailea, hainbat gai eta balio jartzen dituzte mahai gainean, bai Aste Nagusiaren testuinguruan eta bai urte osoko jardueretan. “Eta ikuspegi hori txertatzen saiatzen gara egiten ditugun gauza guztietan; betiere, jai giroak ematen dituen aukerak baliatuta”. Aurten Aste Nagusiko leloa Gora kai herrikoiak izango da.

Gero eta zailago

Urte osoan aritzen dira Piratak hiri eredu berri bat lantzen lagunduko dieten altxorren bila. Baina, dudarik ez: haien ikurra abordatzea da. “Gero eta zailago jartzen digute, hala ere. Portua oso espazio berezia da, eta, baimenak eskatzean, Eusko Jaurlaritza, Donostiako Udala eta Espainiako Gobernua sartzen dira tartean; eta batzuetan batzuek eta besteetan besteek jartzen dizkigute zailtasunak”. Oztopo horiek, ordea, hurrengo urtean areagotuko direlakoan dago Ezeiza. “Obrak egin behar dituzte Donostiako kaian, eta guk erabiltzen dugun espazioa ezingo dugu erabili. Bestalde, azken urteetan abordatzea Aste Nagusiko egitarau ofizialaren parte da; beraz, ikusiko dugu ea zein konponbide topatzen dugun”.

Aurtengoari begira, berriz, piratak jada ari dira abordatzerako ontziak prestatzen. Ezeizak ziurtasun osoz erantzun die abordatzearen segurtasunari buruz egin diren adierazpenei: “Legeak ezartzen dituen segurtasun neurriak baino gehiago hartzen ditugu. Ekitaldi segururik baldin badago, hori abordatzea da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.