Ardiak laster du kofradia

Ardiak laster du kofradia

Tere Madinabeitia

Idiazabalgo gaztak Ordizian, ardikiak Zaldibian, odolkiak Beasainen… eta, laster, ardiak Legazpin. Goierrin, eskualdeko ikur diren produktu gastronomikoak sustatzeko ez ezik, ardia babesteko ere izango da kofradia bat.

Legazpin, urtebete daramate ardiaren kofradia hori sortzeko lanetan, eta urri-azaroan egingo dute aurkezpen ofiziala. Dagokion erregistroan izena emanda dago, logotipoa ere badu, baita lehendakaria ere —Koldobike Olabide Legazpiko alkatea—, eta, orain, ardiarekin lotura duen egun apropos baten bila dabil talde eragilea.

Azken 26 urteotan Legazpin iraileko lehen igandean egiten den Artzain Eguna biziberritzeko egitasmotik sortu zen Ardiaren Kofradia sortzeko ideia. Iaz, 25 urte bete ondoren, festa indartu behar zela ondorioztatu zuten udalean sortu berria zen Berrikuntza zerbitzuan, eta Artzain Egunetako protagonista den ardiari gorazarre egitea erabaki zuten.

Izan ere, ardia, Artzain Egunaren ikurretako bat izateaz gain, Legazpiren historia eta garapenarekin zuzenean lotuta dago. Hala, herriko baserrietan hazi den aberea da, eta artzainak, baserritarrak eta olariak elkarrekin bizi izan dira Legazpin mendeetan. Gaur egun ere, ardiak ikus daitezke herriko zelaietan, eta, gainera, ardi esnearekin egindako Idiazabalgo gaztaren bi ekoizle daude: Erraizabal eta Makatza.

Talde eragilea

Arrazoi horiek guztiak elkartuta, eta udalak bultzatuta, Ardiaren Kofradia sortzeko talde eragilea eratu zuten iazko udazkenean. Talde zabala da: udal teknikari batzuk, Artzain Egunaren antolatzaileak, baserritarrak, tabernariak, kazetari bat, diseinatzaile bat, sukaldari bat eta herriko beste gizarte eragile batzuk biltzen ditu.

Txakel Urarte diseinatzailea da kofradiaren sorreraren eragileetako bat. “Kofradia Legazpi indartzeko baliagarri izango delakoan ari naiz parte hartzen proiektuan”. Taldera elkartzeko dei egin die berak bezala herriaren garapenaren alde lan egin nahi duten guztiei. Urtebeteren ondoren, kofradia martxan jartzeko tramite guztiak nahiko aurreratuta daude, baina bada oraindik zer egin. Talde irekia da, eta bilerak deialdi publiko bidez iragartzen dituzte.

Igande honetako Artzain Eguna igarota, talde eragilekoak laster bilduko dira berriz. Kofradiaren aurkezpenerako egun aproposa aukeratu behar dute horretarako, ardiarekin zerikusia duen egun bat: “Artaldea mendiko larreetatik behera ekartzen da udazkenean, eta transhumantzia izan daiteke gure kofradiaren aurkezpen egunerako aitzakia; edo San Martin, ardikia eta buzkantzak jateko eguna”.

Behin aurkezpenerako eguna aukeratuta, Ardiaren Kofradiaren lehen kapitulua ospatuko dute. “Festa ospatuko dugu, eta ohorezko kofradeak izendatzeko baliatuko dugu; jende ezaguna, gure taldearen helburuak eta zereginak zabaltzen lagunduko diguna”. Izen batzuk ba omen dituzte buruan, “baina ezin da oraindik ezer aurreratu”. Hortik aurrera, ardia babestea eta sustatzea izango da beren zeregina.

Helburu orokor batek mugitzen ditu Ardiaren Kofradiaren sorreraren hariak: Legazpi ardiarekin zerikusia duen guztiaren erreferente bihurtzea, eta, horrekin, herriaren garapena bultzatzea. Nola gauzatu, ordea, hain helburu handia? Dagoeneko idatzita daude estatutuak, eta horietan jasotzen dira helburu apalagoak edo zehatzagoak: ardiaren produktuak sustatzeko ekitaldiak egitea —gazta, ardikia, buzkantza, mamia, artilea…—; Artzain Eguna bultzatzea; ardiaren inguruko ikerketak edo argitalpenak babestea; artzaintzaren memoria berreskuratzea; Legazpiko turismoa ardiarekin lotzea…

Zehatzagoak ere izan dira, eta zerrendatu dituzte helburu horien lorpenean egin daitezkeen ekintzak ere. Horrela, herriko sarreretan laster ikusi ahal izango dira, esaterako, Legazpi ardiarekin identifikatzeko artalde txikiak, metalezkoak edo beste material batekoak. Horrez gain, ardiaren produktu gastronomikoekin osatutako menuak dastatu ahal izango dira Legazpiko jatetxe eta tabernatan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.