Balazta, bi gurpilen alde

Balazta, bi gurpilen alde

Asier Perez-Karkamo

Uztail bukaeran Bidasoaldeko Bizikletaren Aldeko Balazta plataforma aurkeztu zuten Hondarribiko Kasino Zaharrean. Lurrean oihalekin prestaturiko bidegorri zati bat jarrita, Bidasoa eskualdean bizikletaz lasai ibiltzeko eskubidea aldarrikatu zuten, eta bidegorri sarea osatzeko eskatu zieten erakundeei. Hogeita hamar bat kiderekin sortu zen Balazta.

Balazta plataformaren helburua “hiri garraiobide gisa bizikletaren erabilera sustatzea” zela adierazi zuten aurkezpenean, hau da, aisialdirako ez ezik, bizitzako beste eremuetarako ere bizikleta erabili ahal izatea aldarrikatzen dute; lanerako, eskolara joateko, erosketak egiteko, batetik bestera mugitzeko. Manex Arzakek argi du: “Bizikleta erabiltzaile naizen aldetik, uste dut gure eskualdean beharrezkoa dela hiru hiriak lotzen dituen bidegorri sarea, eta horregatik naiz Balaztako kidea”.

Txingudi badiako hiru herrietatik Hendaia (Lapurdi) da bidegorri sarea osatua duen bakarra. Bai Irunek, bai Hondarribiak hutsune dezente dituzte; are gehiago, Irundik Hondarribira edo Hondarribitik Irunera igarotzea abentura “arriskutsua” izaten da bizikletaz egin nahi dutenentzat. “Hirien arteko lotura egitea beharrezkoa da —adierazi du Arzakek—, eta, horretarako, hiru udalek elkarlanean lan egin beharko lukete, proiektua osatua eta eraginkorra izatea nahi bada”.

Amute-Mendeluko inbutuari soluzioa ematea da Balaztaren lehentasuna. Egunero milaka autok zeharkatzen dute Mendelu auzoa, eta ez da segurua haien ondotik bizikletaz bidea egitea. Nolanahi ere, aukera handirik ez dago, zeharbideko espaloiak oso estuak direlako eta oinezkoen eta bi gurpildunen artean arazoak sortzen direlako. Hondarribiko auzoa da Mendelu, eta alkatearekin elkartuak dira Balaztako kideak arazoaz mintzatzen hasteko. Baina, Kote Gebarak esan duenez, informazioa trukatu baino askoz gehiago ez dute egin: “Egia da abuztua ez dela garai onena. Alkateak esan zigun udalak eskutan dituen proiektuak pasatuko zizkigula, eta udazkenean aztertu ahal izatea espero dugu”.

Arzak bezala, bizikleta erabiltzailea da Gebara, eta prest azaldu da erakundeekin elkarlanean aritzeko: “Trafikoa geroz eta konplikatuagoa da, eta bizikleta zale bezala arazoaren partaide sentitzen naiz; ez bakarrik gure segurtasunaren alde egiteko, baizik eta herritar guztien mugikortasun iraunkorra sustatzeko”. Horregatik, udalek esku artean dituzten asmoak ezagutu nahi ditu Balaztak, baina, arazoa “larria” denez, urtea bukatu aurretik zer edo zer mugitzea espero dute. “Agian hasieran behin-behineko soluzioa eman behar zaio, eta gero bilatu beste bat behin betiko”.

Pabiloien atzealdetik hobe

Balazta plataformak gogorarazi duenez, badira hainbat proiektu Irun eta Hondarribia arteko lokarria askatzeko xedea dutenak. “Ez dugu ezer berririk nahi; dauden proiektu horiei heltzea nahi dugu, irtenbidea arindu”, erantsi du Gebarak. Eta, bideragarritasunari buruz galdetuta, Balaztakoek ez dute zalantzarik: aukerarik onena bizikletentzako bide berri bat moldatzea litzateke, Amutaldeko pabiloien atzealdetik, errekaren ondotik. Hori da babesten duten aukera.

Behe Bidasoko bizikleta erabiltzaileak biltzeko sortu da Balazta plataforma. Mendeluko korapiloa askatu nahi dute aurrena, badiako hiru herrietako bidegorri sarea osatzeari heltzeko gero. Mugitzeko nahi dute bizikleta, eta helburu horrekin mugitzeko prest azaldu dira.

Leave a Reply

Your email address will not be published.