[Herriz herri] Deba. Bi herri batera bizitzen, udalerri bakarrean

[Herriz herri] Deba. Bi herri batera bizitzen, udalerri bakarrean

Eneritz Albizu Lizaso

Deba ibaia amaitzen den leku berean dago izen bereko udalerria, itsasertzean. 4.500 bizilagun inguru ditu Debak, eta turismoa eta aisia dituzte, gaur egun, tokiko jarduera. Udalerri arrantzalea eta industriari lotutakoa izan da historikoki, Cristobal del Corte udalerriko alkateordeak azaldu duenez. Halere, beherakada jasan dute bi sektore horiek azken urteetan, eta eskualdean turismoaren erreferentzia izatea dute helburu orain herrian.

Hala ere, Del Cortek esan du turismoa indartzeko zenbait zailtasun dituztela: “Garraio komunikazioa ez da nahi bezain ona. Batzuetan, bakartuta sentitzen gara, leku guztietatik urrun; eta gustatuko litzaiguke erraztasun gehiago izatea Eibar, Elgoibar edo Mutrikurekin lotuago egoteko. Dena den, saiatzen ari gara turismoa indartzen; horrela, eskualdean aktiboki parte hartzeko”, azaldu du alkateordeak.

Hori dela eta, udalak epe laburrera dituen proiektuak hirigintzari lotuta daude: “Batetik, trenbidearen, herrigunearen eta portuaren arteko lotuneak hobetuko ditugu. Horretarako, eskailerak, igogailuak eta abar egitea aurreikusi dugu. Bestetik, bidegorri sarea nahi dugu osatu”. Horrekin batera, herriko geoparkea osatzea eta ibaiak eta itsasoak bat egiten duten eremua txukuntzea ere aurreikusi dute, luze gabe.

Luzera begira, Itziarko industrialdea dute “kezka eta helburu” udal agintariek. Izan ere, “krisiaren eta beste zenbait faktoreren eraginez”, lehen zuen martxa galdu du. “Gipuzkoako lehenetakoa eta aktiboenetakoa izan zen, baina berezitasun bat zuen: kudeaketa pribatua zuela. Oraindik ere pribatua da, baina udaletik saiatzen ari gara eragiten”, azaldu du. Orain, “lursailak ordenatzen” ari dira, poligonoak “balio eta espazio handia” duelako, eta industria “suspertzeko” modua izan daitekeelako, Del Corteren hitzetan.

Ikerketa eta lankidetza

Udalak berak garatzen dituen proiektuez gain, ikerketa bat ari dira egiten Cita Alzheimer fundazioarekin eta Afagi alzheimerra duten pertsonen familia eta lagunen elkartearekin batera. Bi elkarteek Debako Udalari proposatu zioten alzheimerra aurrez detektatzen laguntzeko ikerketa bat egitea herrian, eta “oso gustura” jaso zuten berria.

Udal ordezkariak azaldu duenez, Debako demografia “berezia” da, oso egonkorra delako jaiotza eta heriotza tasei dagokienez, eta ez duelako immigrazio handirik. Horregatik aukeratu zuten Deba 65 urtetik gorako herritarrei alzheimer probak egiteko: “Helburua da antzematea zein pertsonak izan dezaketen gaitz hori etorkizunean”. Del Cortek uste du bi arrazoirengatik dela “garrantzitsua” proiektua: batetik, debarrei lagunduko dielako gaixotasuna identifikatzen, eta, behar denean, aurretiazko tratamendua jasotzen; bestetik, Gipuzkoako gainontzeko udalerrientzat ere baliagarria izango delako ikerketa zientifikoa.

Alkateordeak dioenez, dagoeneko herritar ugarik parte hartu dute proba horietan. Halere, oraindik lanean ari direnez, debarrek aukera dute udaletxean informazioa jasotzeko. “Debarentzat anbizio handiko proiektua da; beraz, herritarrak animatu nahi ditugu beldurrak alde batera utzi eta bertan parte hartzera”. Del Corteren arabera, “erreferentea” izango da udalerria alor horretan.

Itziar eta auzo udala

Herrigunetik at, herri izaera berezia duen Itziar auzoa dute Deban. Udalerrian erroldatuta dauden lagunetatik mila inguru bizi dira Itziar auzoan. Debatik sei kilometro ingurura dago Itziarko herrigunea, eta zazpi azpi-auzo ditu inguruan. Euskararen txokoetako bat da Itziar; izan ere, bizirik eta mugimenduan mantentzen dute hizkuntza bertan.

Debaren mugetan kokatutako herria bada ere, auzo etxea dute Itziarren, eta han hartzen dituzte auzoko kudeaketaren inguruko zenbait erabaki. Horretarako, Debako aurrekontuetatik Itziarri dagokion zatia jasotzen du auzo udalak. Dena den, zenbait esparrutan soilik dute eskumena; esate baterako, zerbitzu orokorren, festen eta kulturaren arloan. Eskaerak ere auzo udalean egin ditzakete auzotarrek. Zigor Aizpurua auzo alkatearen arabera, hori da, gaur-gaurkoz, beren helburua: “administrazioa deszentralizatzea” eta Deba urrun duten auzotarrei udal zerbitzuak “hurbiltzea”. Aurrera begira, Itziarren bertan garbitzaileak eta brigada izatea aurreikusten dute, baita teknikari bat hartzea ere, udalarekin eta aldundiarekin jarraipena egiteko.

2014an egin zuten galdeketa Itziarren, auzo udala izan nahi zuten galdetzeko. Maiatzean izan zen lehen kontsulta, eta, aldundiak eskatuta, abenduan errepikatu egin zuten, erabakia berresteko. Botoa emateko eskubidea zuten lagunen %72 joan ziren bozkalekuetara, eta %96k erantzun zioten baiezkoa galdera honi: Debako udalbatzak Itziarko auzo udala eratzea onartu du. Ados zaude?

Aizpuruaren arabera, “ariketa demokratikoa” izan zen hura, eta auzotarren “berme osoa” jaso zuen: “Itziarrek badu herri izaera berezia, baina legeak ez du uzten auzoa udalerri bihurtzen. Horren konponbidea da auzo udala izatea, auzotarren eskubideei erantzuteko. Argi duguna da egiten dugun guztia legearen barruan egingo dugula, foru dekretua oinarri hartuta”. Urte eta erdiren ostean, “harremanak eta hitzarmenak lantzen” ari dira udalarekin. Aurrera begira, “auzo udala egonkortzea” eta Debako Udalarekin “erlazioak hobetzea” dute helburu itziartarrek.

Eztabaidak herrian

Itziarren egin zuten galdeketa dela eta, bi mugimendu sortu ziren udalerrian: auzo udalaren aldeko Denon Herria eta haren kontrako Debarron Ahotsa. Denbora apur bat pasatu den arren, “ezinegona” badagoela ikusten du Aizpuruak. Hori konpondu nahi dutela esan du: “Ez dakigu etorkizunean zer pasatuko den, baina Debako udalerrian jarraitu nahi dugu, oraingoz; eta ikasi behar dugu herritar guztion arteko harremanak lotzen, klima normalizatua lortzeko”.

Bestalde, Del Cortek azaldu du “debarren gehiengoa” ez dagoela ados hartutako erabakiarekin, eta ez duela begi onez ikusten galdeketa hartan auzokoek bakarrik parte hartu izana. “Bere garaian, ez ziren erabaki egokienak hartu. Herritar ugari irten zen kalera, eta sinadura asko bildu zituzten, baina ez ziren kontuan hartu”, azaldu du Debako alkateordeak. Haren hitzetan, “amorrua” sorrarazi zuen prozesuak herritarren artean.

Dena den, nabarmendu du gaur egun egin dezaketen gauza bakarra “akordioak lortzea” dela: “Herritar guztiok merezi dugu ezinikusiak alde batera utzi eta harreman onak izatea”. Elkarbizitza dute xede, beraz, batzuek zein besteek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.