“Soka urarekin uztartzen dugun bakarrak gu gara”

“Soka urarekin uztartzen dugun bakarrak gu gara”

Iñigo Otaegi

Waterline jaialdiaren hirugarren aldia egingo dute bihar eta etzi Tolosan. Iñigo Manso (Ibarra, 1984) antolatzaileetako bat da, eta buru-belarri dabil dena pentsatu moduan atera dadin. Asteburu osoan izango da ikuskizuna, Zerkausian.

Zertan datza waterline fenomenoa?

Slackline barruko modalitatea da. Uraren gainean kokatutako sokan oreka mantentzean datza. Slackline munduan hasi nintzen garaian, pentsatu nuen Tolosako Oria ibaian zerbait ikusgarria egin zitekeela. Lagunartean antolatutako ekitaldi xume bat zen hasieran, eta nazioarteko jaialdi entzutetsu bihurtu da.

Inguruan antolatzen da waterline modalitateko beste ekitaldirik?

Ez, estatuan antolatzen den jaialdi bakarra da. Egia da Bartzelonan eta Madrilen ere antolatzen direla slackline barruko beste modalitateetako ekimenak, baina soka urarekin uztartzen duten bakarrak gu gara. Jendea oso urrutitik etortzen da hona, eta ia denek errepikatzen dute. Pentsa, mundu mailan jaialdi honen berri ere badute. Nolabait esatekotan, nazioarteko zirkuituaren barruan sartzen da jaialdia; bira guztia egiten duenik ere bada, eta horiek ere izaten dira gurean. Ertz guztietako pertsonak etortzen dira: suitzarrak, alemaniarrak, frantsesak… Finean, tokia bera ederra da, eta izugarrizko giroa sortzen da.

Nolatan hainbesteko zaletasuna?

Orain dela lauzpabost urte lagun bat sokarekin etorri zen; zuhaitzetatik lotu eta probatzen hasi ginen. Lehenik, pauso bakarra ematen ikasi genuen, eta, apurka, bakoitzak bere buruari jartzen zizkion mugak gainditzen hasi ginen. Kirol honen ederrena zeure buruaren aurkako borroka dela da; ez duzu aurkaririk. Aurten, highline modalitatean, marka pertsonala apurtu dut. Luzeran 120 metroko soka zeharkatu dut, 65 metroko altuerarekin. Gainera, lagunekin izugarri ondo pasatzen dugu kirol honekin; errutina aspergarritik ihes egiteko modu paregabea da.

Zein da jaialdiaren xede nagusia?

Helburu nagusia da waterline praktikatzen duen munduko jendea biltzea. Beste alde batetik, ikusleak erakarri nahi ditugu, kontura daitezela waterline bezalako kirolak existitzen direla. Gizarte honetan ez da soilik futbola edota saskibaloia praktikatzen. Jendea zur eta lur geratu ohi da egiten dugunarekin, eta bide beretik jarraitu nahi dugu. Gainera, lehorrean soka bat jartzen dugu urtero, hasiberriek sokarekin lehen kontaktua izate aldera.

Generoari dagokionez, kirol hau parekidea da?

Bai. Egia da gizonezkoek, oro har, gehiago praktikatzen dituztela arriskutsutzat jotzen diren kirol hauek. Halaber, joan den urtean bezalaxe, hamabi emakume etorriko dira Tolosara. Denak daude gonbidatuta; guk ez dugu inolako mugarik jartzen.

Urtero markak hausten ari zarete. Hirugarren aldia oraindik hobea izango al da?

Aurtengoa ikusgarria izango da. Iaz gisan, 70 parte hartzaile izango dira, gehiago ekarri ezin direlako. Batzuek esango dute gutxi direla, baina, jende ugari etorriz gero, ez dute gozatzen. Hobe da gutxi horiek gozatzea, asko etorri eta marmarka ibiltzea baino. Oraingoz, arrakastatsuak izan dira bi aldiak, eta espero dut aurtengoa ere bikaina izatea. Urte hauetan lana ondo egin izanaren ondorioa izango da datorren asteburuan biziko duguna.

Lehen bi aldiekin alderatuta, berrikuntzarik izango al da?

Bai. Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko marka hausten ahaleginduko gara; 120 metroko soka jarriko dugu. Asteburu osoko ekintza erakargarriena da, ezbairik gabe. Munduko marka 170 metroan dago, hortik atera kontuak. Horrez gain, lehen jaialdian zazpi soka jarri genituen, eta bigarrenean, bederatzi. Aurten, denera 11 soka jarriko ditugu, luzera eta zailtasun ezberdinekoak.

Ordea, lehen baldintza segurtasuna izango da.

Noski. Segurtasuna funtsezkoa da. Egitarauan pentsatzen jarri aurretik, probak egingarriak diren edo ez aztertzen dugu. Egia esan, errekak mugatu egiten gaitu, eta ezin izaten dugu nahi dugun guztia egin. Euskal Herriko marka haustea buruan dago; alabaina, gutxieneko arriskuren bat ikusi bezain pronto, bertan behera utziko dugu. Beste edozein kiroletan baino segurtasun handiagoa behar da.

Jendeak txanponaren alde ona ikusten du, eta ez atzetik dagoen lana. Nolakoa izan da antolaketa prozesua?

Lan handia eskatzen du. Jaialdi bat bukatu, eta bestean pentsatzen hasten gara. Hau dena ez da pertsona soil baten meritua; nire inguruko jendearen laguntzarik ez banu, hau ez litzateke aurrera aterako. Milaka gauza egin behar dira: laguntza topatu, babesleak lortu… Zerbait gustatzen zaizunean, ordea, horrelako kontuek zama gutxiago izaten dute. Asteburuan, orotara 15-20 lagun inguru ariko dira jo ta su lanean: ostiralean sokak jarri, parte hartzaileentzat bazkaria prestatu…

Waterline ikusteko abaguneaz gain, aparteko zerbait prestatu duzue?

Taberna egongo da, nahi adina jan eta edan ahal izateko; musika ere izango da, bertaratzen direnek dantza egin dezaten. Gainera, larunbat arratsaldean, Zerkausiaren goiko aldean dagoen terraza irekiko da; bertatik, ikuskizunaz gozatzeko ikuspegi ederra izango dute.

Ekitaldi garrantzitsua bilakatzen ari da Waterline Tolosan. Antolatzen jarraituko duzue?

Bai. Baina oraindik hirugarren aldia hasteko dago, eta hobe da ez aurreratzea. Ondo bidean, laugarrengoan pentsatzen hasiko gara, zalantzarik gabe.

Leave a Reply

Your email address will not be published.