“Denon artean egingo dugu”

“Denon artean egingo dugu”

Maite Alustiza

Diada munduari azaltzen erreportajea zekarren asteleheneko El Punt Avui egunkariak. Vilaweb atariak ingelesezko bertsioan tartea egin dio Aste Katalanari, eta #catalanWeek traolak zabaldu du egitasmoa sare sozialetan. ANC Biltzar Nazional Katalanak mundu osora hedatu nahi du independentziari buruzko eztabaida, eta indar berezia jarri du irailaren 11ren bueltan. “Aste Katalana sortu da mundu mailan, ikusten delako prozesua internazionalizatu egin behar dela. Eta kasu egiten ari zaizkio: Kataluniako prentsan kanpoko ekintzen berri ematen ari da, ANCtik bertatik ere zabaltzen ari gara…”. Begotxu Olaizola Euskal Herriko ANCko ordezkaria da. Atzerriko beste batzorde ugarik bezala, Euskal Herrikoak ere bat egin du Aste Katalanarekin, eta ekitaldi sorta prestatu dute. Bihar, Donostian, bertsolariek eta glosadoreek saioa eskainiko dute eguerdian, eta ekitaldi bukaeran mezua irakurriko du ANCk.

Errealitate ezberdinak izan arren, sinergiak sortzea garrantzitsua da Olaizolarentzat: “Ezin dugu pentsatu han egiten dena hemen kopiatu behar denik, ez, baina sinergiak egon behar dira. Bakoitzak bere bide orria egin behar du, baina Euskal Herria eta Katalunia, biok gara estaturik gabeko herriak, biok daukagu nahi bat estatua edukitzeko, eta estatu hori sortu nahi dugu herritarren borondatean oinarrituta. Momentu honetan hori da modu bakarra gure kultura, gure herria, herri justu eta dezente bat sortzeko”.

“Talde txikia” da Euskal Herriko ANC. Duela ia hiru urtetik ari dira lanean, eta “presentzia handiagoa” eduki nahiko luke. 8-10 laguneko “nukleo gogorra” biltzen dira, eskubide osoko 60 bat bazkide, eta unean-unean laguntzaile gehiago. “Saiatzen gara urtean zehar hitzaldi pare bat antolatzen, eta Sant Jordi eguna eta Diada eguna ere egiten ditugu”.

Katalunia barruan, lurraldeko biltzarrak ditu ANCk, eta atzerrikoak handik kanpo. Olaizolak azaldu duenez, Euskal Herrikoa izan zen Espainiako Estatuan sortu zen atzerriko lehenengo biltzarra. “Atzetik sortu ziren Madrilen eta Galizian, eta Kanarietan antolatu nahian dabiltza”. Mundu osoan badira 60 inguru, baina “aktibo” 30 bat daude. “Ingalaterran oso aktiboak dira, baita Irlandan ere; eta Txilen, Argentinan, Mexikon, Frantzian, Suitzan, Herbehereetan, Italian, Polonian…”. Australiakoa atzerrian dauden entitate katalanen elkartean sartuta dago —hura da atzerriko ANCko biltzarren bozeramailea—, eta AEBetan ere asko daude —17 hiritan bat egin dute Aste Katalaneko ekitaldiekin—.

Diada Katalunian

Igandeko Diadak bost kokaleku izango ditu Katalunian: Bartzelona, Salt, Berga, Lleida eta Tarragona. 200.000 lagun pasatxok eman dute izena, iaz baino 60.000 gutxiagok —joan den ostiralean 203.808 atxikimendu zituen—. Olaizola kezkatuta azaldu da jende gutxiagok eman duelako izena, baina sare sozialetan-eta mugitzen ari dira, eta itxaropentsu da aurreko egunetako bat egiteekin: “Badago joera azken momentuan izena emateko. Espero dugu azken egunetan mugitzea, eta beste urteetan bezain erraldoia izatea”. Dioenez, deszentralizaziora jota “apustu handia” egin du ANCk, zerbait ezberdina egiteko: “Kataluniako hainbat lekutan egiteko aukera planteatu zen pentsatuz errazagoa zela jendea mobilizatzeko; erraztasunak eman nahi ziren Bartzelonaraino mugitu beharrean gertuago joateko aukera izateko. Polita izango da”.

Horrela egitea erabaki aurretik, apiril edo maiatz inguruan, bestelako aukera bat izan zuten mahai gainean: Bruselan “zerbait erraldoia” egitea. “Pentsatu zen orain egongo ginela ia-ia Errepublikaren atarian, eta hori zen asmoa. Baina atentatua egon zen, eta gero Katalunian egondako tirabirekin, ikusi zen berriro egin behar zela indarra Katalunian, bat egin egin eta jendea han bildu”.

Gure Esku Dago-rekin

Besteak beste, Gure Esku Dago-rekin elkarlanean ari da Euskal Herriko ANC —atzo, adibidez, erabakitzeko eskubideari buruzko hitzaldia antolatu zuten Bilbon—. “Ikusten dugu antzekoa dela, eta nahiko aktiboa. Gu gusturago sentitzen gara Gure Esku Dago-rekin zerbait planteatzen, alderdi politiko batekin baino. Gizarte zibileko mugimendu bat gara, eta hemen ere jendea denetik dago: ideologia ezberdinekoak, batzuk afiliatuak, besteak ez… ANC denean beste guztia utzi behar dugu, eta ANC gara; ez gara ez Junts Pel Si, ez CUP, ez beste ezer… Gure Esku Dago-ren filosofia ere ildo horretatik doa”.

Euskal Herriko prozesua “poliki baina aurrera” doala ikusten du: “Kontsulta batzuk egin dira, eta badatoz gehiago. Ikusten da Euskal Herrian ere jendea hasi dela hitz egiten zein herri mota nahi dugun; garrantzitsua da guk erabakitzea hori”. Hala ere, uste du “askoz gehiago” hitz egin beharko litzatekeela: “Ez gu bezala pentsatzen dutenekin bakarrik, baizik eta beste guztiekin. Hau denon artean egingo dugu, denok kontatzen dugu, baita oso ezberdin pentsatzen dutenek ere. Harekin hitz egin beharko dut, eta adostu zer egingo dugun”.

Aurrean “bide luze bat” aurreikusten du, “gizartean dauden zauriak sendatzeko eta ondo josteko”. Dena den, mugimendua gorpuzten doala nabari du: “Gero eta jende gehiagorengana iristen da mezu hori, etorkizuna guk erabaki behar dugula eta eskubidea dugula horretarako. Oso pentsaera ezberdineko jendea batzen ari da, gero eta gehiago ikusten dut taldeetan heterogeneotasun bat, eta hori da bilatu behar dena. Geratzen bagara gu bezala edo ia gu bezala pentsatzen dutenekin, ez goaz inora”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.