Errauste plantaren ordez, “irtenbide adostu bat” eskatuko dute Donostian

Errauste plantaren ordez, “irtenbide adostu bat” eskatuko dute Donostian

Maite Alustiza

Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak argi du zein den errauste plantaren alternatiba: “Hondakinak murriztea, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea eta errefusa egonkortzea”. Hori aldarrikatzeko, giza katea antolatu du iganderako, Donostia Bizirik taldearekin batera. Donostian egingo dute, Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara jaisteko dagoen arrapalan, 11:30ean. Gipuzkoako plataforma ugaritako ordezkariak bilduko dira.

Bi eskaera egingo dizkiete Gipuzkoako diputazioari eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari: erraustegia egiteko asmoa alboratu dezatela, eta gaiari “irtenbide adostu bat” eman diezaiotela. “Benetako” prozesu parte hartzaile bat nahi dute, alderdi politikoekin batera gizarte eragileek eta adituek ere parte hartu ahal izan dezaten.

Giza katearen aurkezpenean adierazi zutenez, hondakinen kudeaketaren inguruko gatazkak “Gipuzkoako agintarien itsukeria interesatuan” dauka jatorria: “Duela ia hamabost urte erraustegiaren aldeko apustua egin zutenen ondorengoek tematuta jarraitzen dute konponbide berberaren atzetik”. Haien arabera, gainera, agintariak jakitun daude “oso zaila” dela proiektu bat aurrera ateratzea “gipuzkoarren parte handi bat” aurka dagoenean: “Kontrako jarrera hau gero eta antolatuago dago; behin eta berriz mobilizazio jendetsuen bidez aurkako jarrera bistaratzen ari da”.

Uste dute planta egiteak diru publikoaren “xahuketa izugarria” ekarriko lukeela, eta gizakien osasunerako eta ingurumenerako kaltegarria izango litzatekeela: “Gipuzkoan, errausketa zaleen kalkuluen arabera, 163.000 tona errefus sortuko dira 2030ean, baina ozenki diogu 2017an 50.000 tona sortzera pasa gintezkeela; dena erabaki politikoen menpe dago”. Horregatik, “absurdoa” da errauste planta bat egitea kopuru hori hartzeko, haien iritziz.

Proiektua esku pribatuetan utzita, gainera, haren kostua eta errefusaren tratamenduarena “ikaragarri” garestituko direla salatu dute: “1.500 milioi euro ordaindu beharko ditugu herritarrok 35 urtean, eta hori ordaindu egin behar dugu errefusa sortu ala ez”. Gaineratu dute errauste plantak zabortegiak behar dituela, handik ateratzen diren zepak eta errauts toxikoak tratatu eta gordetzeko.

Adjudikazio, azaroan

Uztail bukaeran onartu zituen GHK-k Zubietako errauste plantaren eraikuntza eta kudeaketa adjudikatzeko agiriak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin —Tolosaldeko eta Urola Erdiko mankomunitateek bakarrik bozkatu zuten kontra —. Enpresek euren proposamenak aurkeztu ondoren, azaroan egin nahi dute behin betiko esleipena, eta obrak 2017 hasieran hasi.

Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuarentzat, hondakinen kudeaketaren arazoa “behin betikoz konponbidean” jarri du erabaki horrek: “Onarpen honek erakusten du normaltasuna gailendu dela eta agintera iristerakoan gipuzkoar herritarrekin hartutako konpromisoak betetzen ari garela”, adierazi zuen adjudikazioak onartu berritan.

Proiektuak lau eraikin izango ditu: TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta, erraustegia, biometanizaziorako planta eta zepak balioztatzeko zentroa. Kalkulatu dute 217,583 milioi eurokoa izango dela erraustegia eraiki eta kudeatzeko kontratua, eta adjudikazioa 35 urterako izango da. Espero dute 2019ko udarako lanean hasteko prest egotea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.