“Kaotikoa zen egoera”

“Kaotikoa zen egoera”

Ariane Vierbücher

Siriako gatazka piztu zenean, iristen ziren albisteei begira hunkitu zen Idoia Caballero ordiziarra. Milaka pertsona beldurturik, ihesi, babesa emango zien lurralde baten bila. “Barren osoa zirrara batean jartzen zitzaidan hain irudi gogorrak ikustean”. Egoera horretan, zerbait egin behar zuela pentsatu zuen; Rosa Agundezekin batera udan Greziara bidaiatu, eta han dauden errefuxiatuei laguntzeko ideiari forma ematen hasi zen.

“Bidaia prestatzen ari ginela, inguruko jende askok Greziara eramateko gauzak eman nahi zizkigun; arropak, jostailuak, janaria…”. Hala ere, guztia kudeatzea eta bidaltzea “ikaragarri garesti” ateratzen zela dio. Jendearen laguntzeko interesa zela eta, beste norabide bat hartzea erabaki zuten: “Herritar eta inguruko lagun asko gehitu ziren gure kausara, eta, horrela, Bizi Ekin sortzea erabaki genuen”. Egun, bederatzi lagunek osatzen dute taldea.

Material bilketa

Ekainean sortu zuten ofizialki Bizi Ekin, eta uztailean egin zuten lehenengo ekintza. “Rosak eta biok Greziara bidaiatzeko asmoa genuela agertu genuenetik sortutako laguntza guztia ikusirik, Siriako errefuxiatuentzat material bilketa egitea erabaki genuen”. Uztailaren 2an egin zuten, eta, Bizi Ekineko kideez gain, boluntario ugari aritu ziren lanean egun hartan. Asociacion de Ayuda al Pueblo Sirio elkartearekin harremanetan jarri ziren bidalketa egiteko, eta Seurren bitartez egin zuten. Gutxienez bi palet betetzeko baldintza jarri zieten: “Bederatzi palet bete genituen bilketa egunean jasotakoarekin. Jende kontzientziatu asko zegoela bagenekien, baina hainbeste?”, aitortu du Caballerok. Arropak, mediku materiala, jostailuak… denetarik bildu zuten. Horrek lanean jarraitzeko indarra eman zien.

Greziara bidaia

Bizi Ekin osatzen duten taldekide bat baino gehiago izan da Grezian. Agundez eta Caballero abuztuaren 1ean joan ziren, eta bederatzi egun pasatu zituzten Grezian, Atenasen, hain zuzen. “Gu Zaatar gobernuz kanpoko erakundearekin harremanetan jarri ginen, eta haiekin lan egiten aritu gara Atenasen duten Orange House-n”. Caballerorentzat lehenengo aldia zen boluntario bezala horrelako zerbaitetan parte hartzen zuena, eta “ilusio eta lan egiteko gogo handiarekin” joan zen.

Arazoaren “tamaina ikaragarria” gertutik ikusi ahal izan zuen: “Grezia gainezka dago errefuxiatu kopuruagatik, eta gatazka hau guztion erantzukizuna da”. Orange House-n Siriatik Atenasera heltzen diren emakumeak eta horien seme-alabak, hautsitako familiak… daude. Caballeroren arabera, Orange House hutsik zegoen lokal bat zen, eta lo egiteko tokia eta janaria ematen zaie. Horretaz gain, abokatu bat dago, hara iristen diren errefuxiatuei paper kontuetan laguntzen diena. Han hainbat egun pasatzen dituzte.

Tokira heltzean, Caballerok aitortu du ez zietela “oso harrera beroa” egin, baina segituan lanari ekin zioten. “Zeregin eta proposamenekin osatutako taula bat zegoen pareta batean. Baratze bat egitea proposatu genuen guk”. Han bizi zirenen erantzuna “oso ona” izan zen: “Hilabeteak daramatzate jaki freskorik jan gabe, eta, horretaz gain, lanpetuta egongo ziren lurra eta landareak zaintzen”.

Oztopo ugari aurkitu zituzten bidean. “Baratzea egiteko materialak erosteko dirua behar genuen, baina gastua gure gain hartu behar izan genuen, erakundeak ez zuelako interesik agertu”. Dioenez, baratzea egiteko tokira heltzeko bidea ere ez zen aproposa, eraikinaren teilatuan egitea baitzen asmoa.

Atenas hego-ekialdean kokatuta dagoen aireportu zaharrera ere joan ziren: “Material asko eta asko heltzen zela esan ziguten, eta txukuntze lanetarako jendea behar zuten”. Birritan pentsatu gabe abiatu ziren, eta han aurkitutakoa “guztiz kaotikoa” zela dio. 11:00etan irekitzen zuten, eta hara iristen ziren kaxak txukuntzeko egun osoa pasatu zuten. Aireportura janari eta arropa kaxak heltzen dira, eta sailkapen lana egiten aritzen dira, ondo- ren “kanpamentuetara bidaltzeko”.

Kanpamentuetan ez zieten sartzen utzi. “Militarren esku daude guztiak, eta erakunde bakar bat dago horietako batean lanean, A Drop in The Ocean”. Grezian ezagutu duten jendeak kontatutakoaren arabera, “kanpamentuetako bizitza ez da batere erraza, eta horien aldeko eta kontrako iritziak aurki daitezke. Han behintzat eguneroko janaria ziurtatua dute”.

Aurrera begira, Bizi Ekin taldekoek lanean jarraituko dute. “Laster hasiko gara berriz bilerak eta ekintza berriak egiten, eta gurekin lan egin nahi duen orori ateak irekiko dizkiogu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.