Zaharrak Donostian berri

Zaharrak Donostian berri

Maite Alustiza

Soinu zaharren “benetako maratoia” dakarte Donostiako Euskal Jaiek. Gipuzkoako 50 dantzari Konstituzio plazan elkartuko dira bihar, ia galdutako dantza bat taulara eramateko. “Urte osoan aritu gara lanean, eta hau izango da soinu zahar guztiak egiten diren lehen aldia”, azaldu du Estibaliz Iturria Gipuzkoako Dantzarien Biltzarreko ordezkariak. Lurralde osoko “maila handiko” dantzariak bilduko dira, horietako asko aurresku eta soinu zahar lehiaketetan txapela irabazitakoak. Besteak beste, Lezo, Oiartzun, Legazpi, Beasain, Tolosa, Asteasu, Irura eta Elgoibarko dantzariak dira. Soinu zaharretatik dantzara Euskal Jaietako bigarren asteburuan egongo den berrikuntzetako bat da; 19:00etan hasiko da.

XVIII. mendean ia desagertutzat eman ziren soinu zaharrak, eta Juan Ignazio Iztueta zaldibiarrak 1824. urtean berreskuratu zituen: Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan jaso zuen haien berri. Soinu zaharrak zer diren azaltze aldera, konparazioan jarri zituen zortzikoekin: zortzi konpas edo puntukoak dira beti zortzikoak; soinu zaharrak, berriz, luzera ezberdineko esaldiek osatzen dituzte. Dantzari bakoitzak, aukerako pauso bilduma baten barruan eta kode estetikoaren arauak errespetatuz, koreografia berri bat sor dezake, betiere hiru arauren baitan: dantza errazetik hasi eta zailagora joatea, alde batera egiten dena bestera ere dantzatzea —simetriaren legea—, eta dantzaren berezko egitura errespetatzea. Bihar, Donostiako Udaleko txistulari bandak lagunduko ditu dantzariak.

Urko eta habanerak

Euskal Jaietako beste nobedadeetako bi musikari lotuta egongo dira. Gaur, 19:30ean, Jose Antonio Larrañaga Urko abeslariak Urko herrikoi emanaldia eskainiko du Bilboko musika bandarekin batera, Konstituzio plazan. Bandak Donostian jotzen duen lehen aldia izango da, eta “berezia” izango da Urkorentzat: “Bakarlari batentzat formatu oso berritzailea da; atipikoa izango da, baina atsegina”. Azaldu duenez, orain hamabost urte eman zuen azken kontzertua plaza horretan, eta ilusio bereziz igoko da taulara: “Betetzea espero dut; donostiarrei zor natzaie”. Azkenaldian “kontzertu gutxi baina ondo antolatutakoak” ari da ematen, eta hala prestatu du gaurko saioa ere, bandarekin elkarlanean: “Lehen saioa Bilbon egin genuen, Campos Eliseosen. Banda ezin hobea da. Iñaki Urkizu zuzendariordearekin hitz egin, eta saio hau egitea adostu genuen”.

21:00etatik aurrera, berriz, habanerak izango dira kaian, arrantzaleen ontzien gunea izandakoan. Juan Jose Ocon ikuskizunaren koordinatzaileak azaldu duenez, “musikarako momentu onena” aukeratu dute saioa eskaintzeko: “Iluntzean soinua beste era batera hedatzen da”. Itsasontzietatik eta kai ingurutik entzungo da musika: akordeoia, klarinetea eta pianoa. Ahotsa, berriz, hiru abesbatzak jarriko dute: Goratzarrek, Ibaiertzek eta Luberrik. Euskarazko eta gaztelerazko habanerak kantatuko dituzte.

Horretaz aparte, lehenengoz Txakolin Eguna antolatuko dute Euskal Jaien barruan. Getariako Txakolina jatorri izena daukaten 22 upategi izango dira bihar, 11:00etatik 14:00etara, Konstituzio plazan. Trikitilarien saioa, bertsoak eta bideo emanaldiak ere prestatu dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.