Hirugarren larrialdi irteera

Danel Agirre

Duela lauzpabost urte okintza irakasten duten lanbide eskolei buruz informazioa biltzen hasi nintzen sarean. Kazetariok —ere— sarri samar igaro ohi ditugun bokazio krisialdi horietako baten erdian nengoen. Hamarkada luzea neraman egunkarietan lanean, ez nuen besterik ezagutzen. Eta, erredakzioetatik ihesten hasita, erabakia nuen ofizioko hiru larrialdi irteera ohikoenak ez nituela erabiliko. Irakasle izateko prestatzea zen bat, eta aspaldi frogatu nion neure buruari oso irakasle kaskarra naizela. Ke salmentan aritzen diren komunikazio agentzietan curriculuma botatzea izaten da bigarrena, baina katalogo, panfleto edo triptiko txatxu horietako bat diseinatu edo idatzi beharra imajinatzeak bakarrik hotzikarak eragiten zizkidan. Baina, batez ere, hirugarren larrialdi irteera da oso urrun mantendu nahi nuena: politikarekin zerikusirik duen jardun profesionalik ez nuke sekula izan nahi. Aurretik kazetari moduan egindakoak zerbait balio izan badu, nire izena alderdi batekin nahastearekin guztiz baliogabetuta geratuko litzatekeela sinetsita bizi izan naizelako.

Diputatu, alkate, zinegotzi edo hautagaien prentsa bulegoetako behargin izatera pasa diren lankide ohi andana dut. Elkarrekin ari ginenean, gehienek bere eguneroko jardunean ni baino bokazio gehiago azaltzen zutela iruditzen zitzaidan. Kasta batere gabeko kazetaria nintzen haien aldean, alferrontzia eta kemenik gabea. Eta, nire munduan, horrek bihurtzen zuen are ulergaitzago geroago hartzen zuten erabakia.

Ziur aski, kazetaritzatik politikara aldatze hori begirada zinikoegiarekin aztertu ohi nuen nik, berriemailea alderdi baten kamiseta janzteko prest badago, lehenago bere kroniketan estuegi ere ez zuela hartu izango ondorioztatzeko joera bainuen. Irakurketa baikorragoa egitea ere posible da ordea, lagun batek kontu honek barrenak jaten dizkidala aitortu nionean erantzun zidan moduan. Gizarteari eta erakundeei buruzko balio handiko informazio mordoa bildutako norbait ere izan daitekeelako erreportari hori, ariketa zintzo baten ondoren landu dituen sektoreetan ahal den modu zuzenenean eragin nahi duena. Lankideak izandakoei diedan estimuagatik, azalpen horrekin geratzen saiatuko naiz ni ere aurrerantzean.

Kapuscinskik idatzita utzi zuen zinikook ez dugula ofizio honetarako balio, pertsonak mugitzen dituzten indarrak benetan ulertzeko begirada puru bat ezinbestekoa dela. Kazetaritzatik politikara salto egite horretan printzipioz ezer txarrik ez dagoela pentsatzeko birprogramatu nahi dut neure burua, halakorik egiterik badago. Mundua maltzurkeria filtrorik gabe behatuz gero, edo laser batekin gaiztakeriaren miopia zatar hori ezabatuz gero, lanbidea aukeratu nuenean aurreikusten nuen eta sekula sentitu ez dudan garra ere topatuko nuke beharbada. Baina pasio hori eskuratu eta bokazio krisialdirik gehiago ez badut, Zarautzek okin bikain bat galduko du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.