“Aitortuko diogu bakoitzari egindakoa, euskaldun izan zein ez”

M. Alustiza

Iban Arantzabal (Elgeta, 1975) Goiena komunikazio taldeko zuzendaria da. Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko presidente izan zen 2012an, erakundearen sorrera urtean, Tokikom elkarteko zuzendari gisa. Elgetako Espaloia kafe antzokiko sustatzaileetako bat izan zen.

Nola gogoratzen duzu duela 30 urteko Elgeta? Asko aldatu da?

Gogoratzen ditut espaloi apurtuak, ur-hodi apurtuak… Gaur, zoru sendoko herri bat da, zentzurik zabalenean, eta oraindik ere euskararen arnasgune bat, horri eusteko lan egin behar badugu ere.

Espaloia kafe antzokiaren sorreran izan zinen. Auzolana garrantzitsua izan zen, ezta?

Auzolana izan da gakoa. Askok eta askok eman du zertxobait proiektu horrek bizitza izan zezan eta bizitza eman zedin. Euskaratik pentsatutako kulturaz blaitu ditu herritarrak eta maila oso altuko ekintza sortaz gozatzeko aukera izan dugu. Urte haiek ilusioz gogoratzen ditut, bor-bor genuen burua eta herritarrek behin eta berriz esaten digutenez, sinistu ere egin dugu asmatu egin genuela horrelako proiektu batekin.

Ba al duzu Espaloiako une berezirik gogoan?

Asko. Herrixa dantzan, zineman sei lagun elkartzen ginenekoak, jende gutxiko kontzertu zoragarriak, baita arrakastatsuagoak ere: Magia Mostra, Gu ta Gutarrak, Berri Txarrak, Fernando Saunders, Bide Ertzean… Artea antzezlana edo Errautsak moduko obra ahaztezinak… Eta pertsonalki kontzerturik onena uste dut Juan Carlos Perezek eman duela Espaloian, Ruper Ordorikarenarekin batera. Zenbat jaso dugun! Atzera begiratzeak poza ematen du!

Eta aurrera begira, zer nolako Espaloia gustatuko litzaizuke?

Uste dut aurrera egiteko ondo dagoela atzera begiratzea, baina Espaloiak 2016an beharko du ezberdina izan. Eta pentsatu beharko dute gaurko gazteenek. Kudeaketa berria badator eta zorterik onena opa diot. Ez luke txarto egingo, hala ere, herritarrei entzunez.

Txoko berezirik ba al duzu herrian?

Bat aipatzekotan Asentzio. Egia esan gutxiagotan joaten naiz orain, baina leku lasaia, ederra eta zabala da, esaterako, liburu batekin joateko. Gainera, orain inoiz baino lur eremu publiko zabalagoa du eta asko irabazi du.

Norbait egun pasa Elgetara badator, nora eramango zenuke?

Gustatuko litzaidake Espaloira eramatea. Ia laster egiterik dudan eta kontzertu on bat ikusteko moduan izaten garen.

Soka batekin irudikatu du Goibekok biharko Euskaltzaleen Eguna. Euskararen sokak zein luzera du Elgetan?

Luzera baino erakargarriagoa egiten zait osaera. Elkartuko gara euskararen kontra ez gauden guztiak eta aitortuko diogu bakoitzari egindakoa, euskaldun izan zein ez. Euskara bizikidetzarako tresna da, eta, sokarekin hori erakusten bada, Goibeko Euskaltzaleen Topaguneko helburuak beteko dira. Aterako dugu eztabaida bat plazara ere, erabilera apaltzen doa-eta Elgetan.

Urteak daramatzazu tokiko hedabideekin lanean. Nola egin baliabide gutxirekin, atzera ez gelditzeko?

Ba gure aurrekoek egin zuten moduan, imajinazioarekin. Gu Pello Zabalarekin konektatzen gara webcam baten bidez. Hori telebista handiek ezingo dute egin, baina txikiok bai. Eduki ona izatean dago gakoa eta hori modu multimedian zabaltzean. Eta sekretua? Lana. Kristoren ekipoa dago Goienan.

Zein garrantzi dute Tokikom eta Hekimen bezalako sareek?

Egunerokotik burua altxatu eta aurrera begira jartzeko beharko lukete elkarteok. Gura baino denbora gehiago ematen dugu burua altxatu gabe… Txikion kasuan, igurtziak asko lagundu digu aurrera egiten.

Leave a Reply

Your email address will not be published.