Komunitatetik eszisiora

E. Goenaga Lizaso

Abbe Pierre apaizak sortu zuen Emaus mugimendua, 1949an. Parisen, Senna ibaiaren bi aldetara ibiltzen zen hura. Alde aberatsean jendeak botatzen zituenak bildu eta alde txiroan kalean bizi zirenei laguntzeko erabiltzen zuen. Egun, Emaus 40 herrialde baino gehiagotan dago. Gipuzkoan 1981ean eman zituen lehen pausoak, eta 1982an Emauseko trapuketarien lehen komunitatea sortu zuten. “Hamabi bat gazte ginen, eta Errenterian bizi ginen, komunitatean. Nik 18 urte nituen orduan”, dio Inma Puerta Emaus kooperatibako zuzendariak.

Papera eta kartoia biltzen hasi ziren. “Gauetan txandak egiten genituen, hondakinen artean papera eta kartoia biltzeko, eta gero hori saldu egiten genuen. Baratza eta animalia batzuk ere bagenituen, eta horrekin bizi ginen. Nire alaba zaharrena komunitatean jaio zen”. 80ko hamarkada oso gogorra izan zela dio Puertak, “zerikusi gutxi du egungo egoerarekin”. Jende asko zegoen kale gorrian, alkohol eta droga arazo handiak zeuden, krisi ekonomiko latza… “Nik hiru krisi ekonomiko bizi izan ditut Emausen nagoenetik. Eta gure lanean asko nabaritzen da. Azken krisia segituan antzeman genuen. Lehen gauzak ekartzera etortzen zen jendea, curriculuma ekartzen hasi zen. Halere, hau ez da krisi ekonomiko bat izan, gizartea aldatzeko beharrak eragindako krisi bat baizik”.

Emausek lehen kamioia lortu zuen, eta egoitza berri bat ere bai. Denda ere ireki zuten Antigua auzoan, eta foru aldundiak utzitako lokal batera igaro ziren gero. 1994an, kooperatibaren krisi ekonomiko eta ideologiko baten ostean, komunitatea desegin egin zuten. Diru laguntzak ere iritsi ziren, eta horrekin, bestelako jarduteko modu bat; Emaus kooperatiba eta Emaus fundazioa sortu zituzten. “Asko handitu ginen, eta iparra galdu genuen, hasierako filosofiatik aldendu egin ginen. Hala, duela zazpi bat urte, Emausen hasieratik geunden pertsona talde batek berriro zerotik hastea erabaki genuen. Gogorra izan zen zatiketa, baina orain berriro trapuketariak gara, hori egin dugu beti, eta ondo egiten dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.