“Sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean”

“Sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean”

Iñigo Otaegi

Aspaldidanik dabil bertsotan Unai Mendizabal (Zizurkil, 1992), nahiz bertsozaleentzat orain ari den ezagun bilakatzen. Lizardi sariko txapelaz, aurrera begirako asmoez, eta Harituz bertsozale elkarteaz hitz egin du.

Lizardiko txapela jantzi aurretik, nolako ibilia egin duzu bertso munduan?

12 urte nituela hasi nintzen bertsotan. Nire lehen txapelketa eskolartekoa izan zen, taldekako lehia izaten zena. Hurrena, eskolarteko banakako txapelketa izaten zen, baina segurtasun faltagatik ez nuen parte hartu. Halaber, bertso eskolan jarraitu nuen, eta denbora aurrera zihoan heinean, inguruan abesteko abaguneak sortzen hasi ziren. Ordea, eskolarteko banakakoan ez aritzeak gazteen sariketako kate horretatik aldendu egin ninduen; sariketa entzutetsuenetan sartzeko erakusleihoa baita eskolartekoa. Pena hartu nuen ez zidatelako deitzen, alabaina, gerora on egin didala deritzot. Izan ere, Mikel Artola eta Beñat Iguaran garaiz samar harrapatu zituzten sariketa horiek. Niri, ostera, sasoi hobean tokatu zait: 24 urte ditut, eta beste heldutasun batekin iritsi naiz sariketetara.

Lizardiko saioan nola sentitu zinen?

Epaileak aurrean egongo direla jakite hutsak aparteko urduritasuna jartzen du. Goizetik antzeman nuen gorputza ez zegoela egun arrunt bateko lasaitasunarekin. Hala ere, behin agurra abestuta, taula gaineko sentsazioak onak izan ziren. Nahiz umoreko bertsoaldiak nahiago ditudan, Lizardik gutxi izan zuen arinetik. Zortziko handian, Eli Pagola eta biok baleko ofizioa egin genuela iruditzen zait. Zortziko txikian, berriz, ez genuen jakin Maialen Akizuk eta biok elkar ondo ulertzen. Puntukako ariketan, dezente ondo aritu nintzen; baita seiko motzean ere Aitor Salegi lagun nuela, nahiz erreparoa nion teknikoki neurri zailena delako. Azkenik, bakarkakoan maitasunari kantatu nion; gai originala ez den arren, jendeak eskertu egin zuen umore printzak sartu izana, saioa serioa izan zelako hasi eta buka.

Agurrean, aitona gogoan hartuz, malkoak ia masailean behera joan zitzaizkizun.

Bai, nahikoa lan izan nuen eusten. Etxean izan den bertsozale bakarrenetarikoa izan da aitona, gertuen sentitu nuena. Behin, ikastolan bertso idatzien txapelketa antolatu zen, eta animatu nintzen. Aurrez sekula idatzi gabekoa nintzen, eta ez dakit errimatuta edo gabe zeuden, baina bigarren saria lortu nuen. Eskolan lanketarik egin gabe gai izan nintzen hala moduz bi bertso neurrian sartzeko; hori lortu nuen lehendik aitonari entzunda nengoelako. Zer egokiagoa Lizardiko txapela baino, aitonari eskaintzeko. Hasierako pausoa haren eraginez izan zen, nahiz gero bertso eskolan sakondu.

Erniarraitz eta Laboa ere irabazi dituzu, eta Gipuzkoako Txapelketan lan polita egin zenuen. Aspaldian ezagun zara bertsozaleentzat.

Ni ere harrituta nago izan dudan bilakaerarekin. Horren errudun nagusia Gipuzkoako Txapelketa izan da, ezbairik gabe. Harituz-en lan mardula egin genuen txapelketari begirako prestakuntzan, gustu handiz. Txapelketan asko antzeman da eginiko esfortzua, ez nigan bakarrik; Mikel Artola, Beñat Iguaran, Oihana Iguaran, eta Haritz Mujikarengan ere bai —nahiz emaitzek ez dioten asko lagundu—. Talde mailan koska bat gora egin dugu. Txapelketa honek neure buruarengan konfiantza handiagoa izaten eta urduritasuna kontrolatzen lagundu dit. Txapelketa honetako albisteetako bat izan naizela esan didate, eta sorpresa izateak plaza ugaritako ateak ireki dizkit; Lizardirena, besteak beste.

Harituz bertsozale elkargunetik, denbora gutxian, bertsolari on asko atera zarete.

Orain hiru urte-edo bildu ginen, lehen aldiz, eskualdean bertsotan aritzen ginenok. Bakoitza bere aldetik ibiltzen zen, eta elkarrengandik oso gertu bageunden ere, ez genuen orain dugun harreman esturik; Mikel Artolak esaten duen gisan, artxipelago batzuk ginen [barreak]. Konturatu ginen elkartzeko premia genuela, eta halaxe hasi ginen; ez bertso eskolen kontuagatik soilik, urte osoan bertsoaren bueltako ekintzak antolatzeko asmoarekin ere bai: bertso jarrien afaria, herrien arteko txapelketa, Pernando Amezketarra sariketa…

Talde osoa gara, ez bertsolariak soilik, gai-jartzaileak eta epaile lanetan jarduten dutenak ere badira. Lagun talde bikaina dugu, giroa ederra izan ohi da; finean, horrek eragin ditu gutako batzuen lorpenak. Gelan beti egon ohi da ikasleren bat ikasi gabe bikain ateratzen duena; hori ez da gure kasua: guk nota ona atera dugu, baina galtza bete lan eginda. Astean bitan edo hirutan biltzen ginen bertsotan aritzearren; paperean ez dugu asko idatzi, baina erratzaren kirtenetik kantatzen arratsalde andana igaro ditugu.

Etorkizunari begira, jomugarik baduzu?

Orain sekula baino hobeto sentitzen naiz taula gainean, konfiantzarekin. Lehen helburua bertso maila honi eustea da, eta plazetan gozatzen jarraitzea. Orain arteko nahia Gipuzkoako lehen fasea igarotzea zen. Ikusita finalerdietara ia pasatu nintzela, Euskal Herrikora sailkatzea izango litzateke jomuga; alabaina, ez dut horrekin itsutu nahi. Etorriko dira aukera gehiago.

Leave a Reply

Your email address will not be published.