Tiritak, generoa eta rolak

Leire Narbaiza

Jon farmazian sartu da umeendako tiritak erostera: – Egun on, haurrentzako tiritarik?

– Mutila edo neska da?

– ????

– Neskentzat Peppa Pig, mutilentzat Bob Esponja (Bob Belakia).

Euskal Herriko farmazia batean gertatu da hau, eta nik Twitterren irakurri. Ahoa bete hortz laga nau txioak, eta hausnarketarako hainbat motibo.

Jakinekoa da kolore arrosa eta urdinaren bereizketarena. Aspaldi jardun dugu honetaz. Rol generoa arropa, kolore eta produktuetan, alegia. Ohikoa da printzesa/superheroi dikotomia; printzesak/munstroak aukeratu beharra haurrei opari bat egiteko orduan. Zerga arrosaz ere hitz egin da aspaldion, baita ama bezain polita, aita bezain azkarra leloak zeuzkaten kamisetez ere. Orain marrazki bizidunen txanda iritsi da, antza.

Ez dakit inoiz ikusi dituzuen zorioneko marrazki bizidun horiek. Peppa Pig-en txerri familia bat agertzen da. Marrazkiak oso infantilak dira, naifak ia. Koloretsuak, txerriak arrosak dira. Baina arrosa fuertea da. Beste koloreak ere halakoak dira. Istorioak nahiko domestikoak, ume txikien kontuak eta bihurrikeriak. Peppa, txerri protagonista neskatila da, nahiko zintzoa.

Bob Belakia, ordea, marrazki tradizionalagoa da marrazki bizidunen munduan, nire iritziz. Diseinua ez da hain infantila, eta koloreak ez dira hain indartsuak. Bob, mutila, belaki bat da itsasoan bizi dena, eta sukaldaria da. Istorioetan lagunekin gertatutako pasadizoak eta abenturak kontatzen dira.

Marrazki bizidun bi hauek ikusi izan ditudanean beti adinarekin lotu izan ditut. Peppa Pig txikiei gustatzen zaie, eta nagusitxoagoei Bob Belakia. Hala da nire inguruko umeen artean, behintzat. Garapenarekin edo heldutasunarekin lotuagoa. Hizkerak eta egoerek adinarekin dutelako zerikusia. Sekula ere ez nituzke erlazionatuko, baina, generoarekin! Burutik ere ez zait pasatu!

Pasadizo txiki honek zalantza bat piztu dit: nola iritsi dira pentsatzera Peppa Pig neskendako produktua dela? Zerk eragin die hori? Koloreak? Txerriak marrazkietan askotan dira arrosak. Koloreak ez nau kezkatzen —edo esan beharko nuke oraingoan ez dela nire kezka nagusia, kolore segregazioak beti ardura didalako—. Kontu sakonagoak estutzen nau, marrazki bakoitzaren atzean dagoenak, eta asoziazioa ahalbidetu duenak.

Eta zer ematen dute aditzera marrazki biek? Bada, Peppa Pig-enak umekeria, infantilismoa, familia giroa. Bob Belakiarenak, aldiz, lagun giroa, mutil nagusien abenturak, lan kontuak, ganberrokeriak.

Ai, ene! Zelako asoziazio mentalak! Berriro ere betikoan gaude. Betiko rolak betikotzen, eskuz esku, tiritaz tirita, transmititzen. Neskei dagozkie familia, etxea, heldutasunik gabeko kontuak. Mutilei, ostera, kalea, lagunak, mundua, abentura harrigarriak, familiarengandik aparte, bihurrikeriak… Neskak etxean txintxo. Mutilak drogan kalean.

Farmaziako langileak hori guztia izango zuen subkontzientean, jakin barik. Baina tiritaz estalitako zauri bakoitzeko esaten ari zaio ume bakoitzari zer espero duen berarengandik: familia zalea/lagun zalea, sinplea/konplexuagoa, etxerako/kalerako. Ez da gehiegikeria, ez zait burua joan, patriarkatuak zirrikiturik txikiena erabiltzen baitu ahalik eta gazteen geureganatu dezagun berari komeni zaiona. Urratu txikienetatik sar litezke bakteria kutsakorrenak ere, tiritaren bitartez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.