“Gauza bat dira kondenak, eta bestea giza eskubideak”

“Gauza bat dira kondenak, eta bestea giza eskubideak”

Maite Alustiza

Urriaren 15ean, 17:00etan, Bulebarretik aterako da larriki gaixo dauden presoen eskubideen aldeko martxa. Leku horretan elkartu dira Hitza-rekin Sare mugimenduko Inaxio Oiarzabal (Donostia, 1986) eta Gentzane Callejo (Donostia, 1947), Jagoba Codo preso donostiarraren izeba. Iazko ekainean Martutenetik Castello IIra (Herrialde Katalanak) aldatu zuten Codo. Egoera latza izan arren, itxaropentsu da Callejo: “Indarra ez dugu galtzen; aterako da ziur”.

Gaitz larria izan arren, Euskal Herriratzeko eskaera ukatu diote Jagoba Codori, Sarek lehengo astean jakinarazi zuenez.

GENTZANE CALLEJO: Legea aplikatuta kalean beharko luke Jagobak, legea eskuetan. 2021ean dauka ateratzeko data. Hiru laurdenak dauzka beteta, eta kalean egon beharko luke. Hamabost urte eta erdi daramatza preso, eta hogei dauzka betetzeko. Gauza bat dira kondenak, eta bestea giza eskubideak. Bete egin behar dute hori, sakabanaketak ez dauka zentzurik, eta gaixoek etxean egon behar dute.

INAXIO OIARZABAL: Euskal Herriko hamar preso larriki gaixo daude, benetan behar duten tratamendua jaso gabe, eta giza eskubideak urratzen ari zaizkie egunero. Hori gizarteratu egin behar da, eta egoera hori amai dezatela eskatu. Saretik ikusten dugu egoerak daukan larritasunari aurre egiteko eta azken hilabeteetan egoerak txarrera egin duen heinean, badela momentua gaia kalera ateratzeko eta konpartitzeko manifestaziora etorriko direnekin eta ingurukoekin.

Osasun arloko hainbat langilek agerraldia egin zuten asteazkenean. “Larriki gaixo” eta “kartzela” elkartzea krudelkeria dela salatu zuten.

I.O.: Nik uste alde horretatik ez dagoela ulertzerik ez bada mendeku politika bat dela. Erakunde guztietan ados daude tratamendu duin bat jaso behar dutela, giza eskubide bat dela. Nabaritu dugu gizarte arloan egin ditugun harreman guztietan jendearen oniritzia dela giza eskubideak errespetatu behar direla eta egoera hau bukatu behar dela. Ikusten dugu gizartearen gehiengo zabal batek nahi duela hori. Saren lanean hasi garenetik gaixo dauden presoak dituzten senideekin eta herri ezberdinetako dinamikekin, nabaritu dugu egoerak askotan txarrera egin duela, eta horrek gu larritzen gaitu.

Jagoba Codoren kasuan, espondilitis ankilosantea dauka, gaixotasun degeneratibo eta kronikoa. Zer moduz dago?

G. C.: Larriena espondilitisa da, baina gauza pila bat dauzka. Oso-oso elbarrituta dago, eta minduta. Derrigorrean jan behar du almidoirik gabeko janaria, ariketa egin behar du, baina ez dute egiten. Hango bazkaria oso txarra da, ezin ditu frutak eta barazkiak erosi… Buruz oso ondo dago, baina gorputzez ez. Ezin da ibili, ezin da eserita egon…

Zer-nolako mediku arreta jasotzen du han?

G.C.: Castelloko medikua hutsetik hasi zen; ez zekien ezer, eta berarentzat paziente berri bat zen. Hamabost hilabete daramatza, eta ez diote ia-ia ezer egin. Degeneratiboa da; derrigorrean egin behar du errehabilitazioa. Eta elikadurarena ere oso garrantzitsua da. Almidoia oso-oso txarra da, eta ia denak dauka. Castelloko guardia juzgatuan salaketa jarria dio Jagobak kartzelako mediku zerbitzuko buruari, eta onartu egin diote kereila; zerbait ikusiko zuten.

Hamabost hilabete daramatza Castellon. Okerrera egin du Martutenetik mugitu zutenetik?

G.C.: Lau urte egon da Martutenen, eta mediku aldetik oso ondo zegoen begiratuta ospitalean. Baina Castellon ez. Oso gaizki dago. [Espainiako] Auzitegi Nazionalak ikusi zuen kasua Euskal Herrira ekartzeko, eta esan zuen ezetz, uste duela haren oinarrizko eskubideak ez direla urratzen, eta Castellon jarraituko duela ez delako bere eskumena erabakitzea zein kartzelatan egon behar duen, hori administrazioarekiko auzien arazo bat dela, espetxe zuzendaritzak —erabaki behar duenak— ez badio aldatzen. Baina badakigu administrazioarekiko auzi prozesuak zenbat irauten duen; hiru, lau edo bost urte.

Senideok nola daramazue?

G.C.: Familia oso txikia gara, eta gehienak, helduak. Ez gara asko joaten bisitak egitera; hilean behin, bakarrik bisetara-eta. Astero egin dezakegu bisita, baina normalean ez gara joaten. Ez dira hainbeste kilometro, 500 bat, baina errepidea oso txarra da; neguan bereziki da txarra. Eguraldi oso txarra egiten duenean autobidetik joaten gara, Saguntotik, baina 160 kilometro gehiago dira. Normalean bisak 09:15ean edo 18:30ean jartzen dituzte, orduan derrigorrean egin behar dugu gaua.

Azken hilabeteetan hainbat alderdirekin bildu zarete senide eta Sarekideak. Zein da jarrera?

I.O.: Egon gara alderdi eta sindikatu ezberdinekin egoera hau konpartitzen, eta beraien jarrera positiboa izaten ari da hein batean, hitzetan. Baina guk aurrerapauso bat eman nahi dugu, ea benetan konpromiso bat hartzea lortzen dugun guztion artean hau aldatzeko.

G.C.: Donostian, adibidez, udaleko taldeekin egon gara, Irabazirekin, EH Bildurekin eta EAJrekin; PPrekin eta PSE-EErekin ez. Irabazik eta EH Bilduk onartu zuten gure eskaera, baina EAJk ez. Dirudienez pintada bat egin zuten Groseko batzokian preso gaixoen alde, eta alderdiak esan zuen dinamika horretan ez duela babestuko. [Eneko] Goiarekin hitz egin genuen, eta alde zegoen, baina pasatu zenarekin esan zuten horrela ezetz.

Eusko Legebiltzarreko eta Espainiako Gobernuko aldaketek nola eragin dezakete?

G.C.: Ea [Espainiako] gobernu berrian nor ateratzen den, eta zer egiten duen. Panorama ez da polita, baina ea Gasteizen. Orain dela urtebete esan zuen [Iñigo] Urkulluk diskrezioarekin ari zirela, baina diskrezioarekin baino gehiago erabateko ahanzturarekin esango nuke.

I.O.: Orain dauden aukeretan, batez ere larriki gaixoen egoera aldatzeko, momentu hau ez dute galdu behar. Jarrera positiboa ikusten da, baina gero praktikara eraman behar da.

Sarek zein pauso aurreikusten ditu hemendik aurrera?

INAXIO: Salatzen Dut dinamika jarri genuen martxan duela hilabete-edo, eta hau [manifestazioa] guretzat lehenengo pausoa da dinamika horren baitan. Dosier bat landu dugu juristekin, zabaldu diegu alderdi batzuei eta hori zabaltzeko intentzioarekin gabiltza. Dosier horren muina da sakabanaketaren egoera zein den azaltzea, eta batez ere zigor batuketarekin jada zortzi euskal presok kalean behar luketela. Espainiako leku ezberdinetara eta Europara hedatu nahi dugu.

Zigorren batuketekin lanketa berezi bat egin behar dugu, judizialki ez dagoelako nondik hartzerik preso horien egoera. 48 presori eragingo lieke hemendik urte batzuetara. Parot-en segidilla bat da, eta Europak atzera bota zion Espainiari Parot-en erabilera. Eta jada begirada jarrita gaude urtarrileko urteroko mobilizazioan, urteko lana borobiltzen duena.

Leave a Reply

Your email address will not be published.