[Herriz herri] Elgoibar. Bizi-bizi jarraitzeko erremintak

[Herriz herri] Elgoibar. Bizi-bizi jarraitzeko erremintak

Maite Alustiza

Makina-erremintaren hiriburutzat har daiteke Elgoibar. Industria izan du jarduera ekonomiko nagusia, eta bereziki makina-erremintari lotuta zabaldu da herriaren izena. Ane Beitia alkateak azaldu duenez, ordea, auzoetako aktibitatea batu behar zaio jardun horri: “Landagunea oso garrantzitsua da guretzat. Orain auzoetako edo landa eremuetako beste ekoizleek ere eraman dute Elgoibarren izena mundura; adibidez, Mausitxa gaztagileak”. Munduko 50 elikagai onenen artean aukeratu berri dute Mausitxa, eta azaroan aipamen berezia egingo diote World Cheese Awards sarietan, Donostian.

Gipuzkoako mendebaldean dago Elgoibar, Debabarrenean; zazpi auzo ditu, eta “Bizkaiko kutsua” —mendebaldetik mugakide du Markina-Xemein—. Makina-erremintaz gain, beste ezaugarri nagusi bat aipatu du Beitiak, urteetan erabili dutena: Elgoibar bizi-bizixa. “Armarriaren ondoan beti jarri izan dugu aldarrikapen bezala, aurreko legealdietan ere bai. Elgoibarren beti dago zer edo zer; bizi ikusten da herria”.

Martxan dauden hainbat proiekturi jarraipena ematearekin batera, udal gobernuak herritartasuna bultzatzea du helburu: “Gure proiekturik edo baliorik garrantzitsuena gure herritarren ongizatea bermatzea izango da”. Esku artean dituen proiektu nagusien artean, kulturgintzari lotutako bat dago: Aita Agirre eraikineko kultur gunea. “Herritarrak kulturgintzan lotuko dituen proiektu indartsu bat da, dagoeneko aurreikusita zegoena”. Eraikin zahar bat da, eskola izandakoa, eta berreraiki eta berrantolatu egingo dute. “Prozesu parte hartzaile bat hasi zen joan den legealdian, 2012-2013an, eta enpresa batek dinamizatuta saiakera bat egin dugu parte-hartze prozesu horretan. Kulturgintzako talde eragileak eraikin horretara eraman nahi ditugu, lotze aldera”.

Liburutegia ere hara aldatu asmo dute, baita udaleko kultura eta euskara zerbitzuak eta udal euskaltegia ere. “Nahi duguna da kulturak eta euskarak eduki dezaten transbertsalitatea kultur eragile guztiengan”. Proiektua idazten ari da Jovino Martinez Sierra arkitekto asturiarra, eta urte bukaerarako idazketa bukatzea espero dute. “Ahal badugu eta epeek ematen badigute, datorren urtetik aurrera hasiko gara exekutatzen”.

Kultura arloari lotuta, udalak Herriko Antzokiaren inguruko ikerketa bat abiarazi du aste honetan, ematen ari zaion erabilera eta eskaera ezagutzeko asmoarekin. Telefono bidezko 770 inkestatik gora egingo dituzte Elgoibarren, Soraluzen, Mendaron, Deban eta Mutrikun. Hilaren 17ra arte egingo dituzte, eta azaroaren hasierarako ikerketaren lehenengo ondorioak prest edukitzea aurreikusi dute. Inkestez gain, Elgoibarko elkarte kulturalei lotutako lagunei eta arduradunei ere elkarrizketak egingo dizkiete.

Ongizatea bermatzeko neurrien artean, etxez etxeko laguntza zerbitzuen araudian egindako berrantolaketa aipatu du Beitiak. “Udalak konpromisoa hartu du zerbitzu horietan ekarpen gehiago egiteko”. Orain gutxi inkesta bat egin dute etxez etxeko zerbitzua erabiltzen duten familiekin, eta, Beitiaren arabera, nota “oso ona” jaso dute, bai zerbitzuari dagokionez, eta baita zerbitzua ematen duten langileen aldetik ere. “Gure barne antolakuntzan herritarrenganako gertutasun hori bermatu nahi dugu, bai langileengandik eta baita politikarien aldetik ere”.

Aste honetan aho batez onartutako beste neurri bat kaleratze egoeran dauden pertsonak babesteko jardueren protokoloa da. Helburua kaleratzeen inguruko arrisku egoerei aurrea hartzea da, baita arrisku egoeran eta gizarte bazterketa egoeran egon daitezkeen pertsonei konponbide integralak ematea ere.

Bizikidetza eta memoria historikoa ere garrantzitsua da udal gobernuarentzat. Duintasunaren Kolunbarioa ekarri du gogora Beitiak: “Gerrako biktima ezagun eta ezezagunen errekonozimendu toki bat edukiko dugu. Duela bi urte lehendakariak konpromisoa hartu zuen kolunbarioa Elgoibarren egiteko; errekonozimendua oso presente izango dugu”.

Toki estrategikoan

Zerbitzu aldetik “nahiko ondo” hornitutako herria da. “Ondo bizitzeko moduko herria da, erosoa. Herriko antzokia daukagu, kiroldegia, kanpoko igerilekuak…”. Beitiak dioenez, gainera, estrategikoki “oso ondo” kokatuta daude. “Autoa hartuta, autobidean denbora berdina igarotzen duzu Donostiara, Bilbora edo Gasteizera joateko”. Garraio publikoen zerbitzuak ere bermatuak dituztela dio; gabezia bat aipatzekotan, ordutegien loturak. “Adibidez, Bilbora joateko lotura Eibarrekin daukagu, baina bermatzen badugu Eibarrerako garraio zerbitzu hori ondo daukagula, konponduta dago. Trena ere badaukagu”.

Herri txiki-ertaina izanik —11.500 biztanle inguru—, kalean jasotzen dituzte iradokizun eta eskaerak, Beitiak azaldu duenez: “Gauza txikiak izan arren, farola bat falta zaiela adibidez, horiek zuzenean jasotzen ditugu”.

Elgoibarrek izandako bilakaera urteetan egindako lanaren ondorio dela dio alkateak: “Elgoibarri aurpegia garbitu zaio. Askoz ere euskaldunagoa da lehen baino, ongizatea hobea da, segurtasuna hobea da, politagoa da, bizia da”. Duela hainbat urte herritarrei eta udalari “buru-hauste ugari” eragin zizkien gaietako bat larunbat arratsaldeetako zarata eta zikinkeria izan zen. “Ez daukate zerikusirik oraingo asteburuek lehengoekin. Tarteka egoten dira taldeak, herri guztietan bezala, baina duela urte mordo bat lan asko egin zen”. Herri kanpotik zetozenak “kontrolatze” aldera, tren geralekua bertan behera utzi zuten denbora batez —geralekua eta geltoki nagusia dituzte—. “Trena geralekuan gelditzen da berriro, eta ez dago inongo arazorik. Urtez urte eta ekinean-ekinean lortzen da kontrolatzea, %100 kontrolatu ezin den arren”. Prebentzio kanpainak egitea ere garrantzitsua dela uste du, eta martxan dituzte hainbat ikastaro: “Eskoletan, adibidez, hainbat gai lantzen dira txikitatik —drogak, alkohola, sexu erasoak…—. Pentsatzen dut horrek ere izango duela zeresana aurrera begira; heziketan eragin egin behar da”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.