Arte espresio ugariren bidez, Xabier Lete

Arte espresio ugariren bidez, Xabier Lete

Maite Alustiza

“Artearen iturrietako bat da Arantzazu; poesian, eskulturan, musikan… Euskal Herrian artearen munduan zerbait izan da, erlijiotik aparte”. Eta aurrerantzean ere hala izan dadin, arte adierazpen zenbait elkarrizketan jarriko dituzte bihar, Gandiaga Topagunean. Juan Kruz Igerabide idazle eta Mikel Laboa Katedrako zuzendariak azaldu duenez, inguruko hainbat artista harremanean ariko dira Arthitz: hatsetik hotsera jardunaldian, guztiak oinarri baten inguruan: Xabier Lete. “Oso modu zabalean” izango dute presente musikaria; poesiaz, kantuaz, antzerkiaz, dantzaz… Mikel Laboa Katedrarekin batera, Ur Mara Museoak eta Arantzazu Gaur Fundazioak antolatu dute jardunaldia, bigarrengoz. “Ez goaz otoitzera, baina otoitz artistiko batera bai”, dio Igerabidek. Mikel Laboa Katedra Leteren webgune bat osatzen dabil gaur egun.

Arantzazu Gaur Fundazioko Juan Biainek “amets kabi” modura ikusten du Arantzazu: “Gu ametsetan hasi ginen lehengo urtean, eta aurten amets horri jarraipena eman diogu. Artea eta hitza Arantzazurekin oso lotuak daudenez, oso aproposa da espresio ezberdinak erabiltzea”. Fundazioaren helburuetan dago, hain justu, gaur egun dauden espresio artistikoei harrera ematea. Gainera, bertan egiten diren emanaldiak bereziki Arantzazurako eginak izan daitezen ahalegintzen dira, ez zirkuitu batean sartuta daudenak.

Propio Arantzazurako sortutako lanetako bat da Koldobika Jauregi eskultorearena. Ur Mararen sortzaileetako bat da, eta performance batean parte hartuko du bihar: Uholde handia: arkaren istorio bat. “Nahi genuen gauza berezi bat egin, lekua ere oso berezia delako; espiritualtasun puntu bat du, eta hausnarketa lekua ere bada”. Proiekzio bat izango da, pelikula bat; horrek bakarrik, ordea, ez du zentzurik gainerakoen parte hartzerik gabe: “Ohikotik ezberdina izango da. Lekuak merezi du, eta, aitzakia hau dela medio, are gehiago. Historikoki zenbait narrazio daude arkaren historiaren inguruan, eta guk horiek bildu ditugu”. Iaz ere jardunaldirako sortutako lan bat eraman zuen Arantzazura, Genesia.

Lekua espeziala da Jauregirentzat: “Bada toki bat erreibindikatzeko modukoa; artea gehiago egin beharko litzateke han, eta hausnarketa gehiago egin beharko litzateke han”. Jardunaldia ez litzateke orain dena Arantzazun egingo ez balitz: “Agian gaur egun horrelakoak gehiago hiri barruan egiten dira; Tabakalera dago, adibidez. Nik uste sokaren alde batean dagoela Tabakalera moduko bat, eta Arantzazu bestean. Arantzazu beste espresio mota horietarako toki bat da, lasaiagoa, naturarekin nahastua”. Dioenez, abangoardiako proposamenak egiteko aukera ematen du inguruak, eta, era berean, leku polita da “joandako guztien eta etorriko diren guztien lanak” lotzeko: “Gure kasuan, proposamenak egiten ditugunean, ez da gauza bat pasatutakoa, baizik eta gure lanketak zerikusia du gaur egungo egoerarekin; non dagoen erlazioa liburuetan erdi galduta dagoen istorio horren eta gaurkotasunaren artean, zer zerikusi duten… Proposatzen dugu eta azaltzen ditugu zenbait errore zoritxarrez errepikatzen direnak, berriro errepika ez daitezen”.

Arte lantegiko erakusketa

Arthitz jardunaldiko proposamenez gain, Gandiaga Topagunean erakusketa kolektibo bat bisita daiteke egunotan: Arantzazuko arte-lantegia. Igandera arte ikusi ahal izango da. Erakusketa horretan, Arantzazun “erro sendoak” zituzten lau fraide eta artistaren hainbat pintura eta eskultura lan bildu dituzte; Xavier Alvarez de Eulate, Jose Luis Iriondo, Juan Arriola eta Xabier Egañarenak, hain zuzen. Basilika eraiki eta dekoratu zuten garaian beraien lengoaia propioak jorratu zituzten Arantzazuko arte lantegian, haien espresio artistikoa garatzeko.

Honako ordutegi hau dauka erakusketak: larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara; eta igandean, 11:00etatik 14:00etara. Igandean, azken egunean, Arriola eta Egaña aretoan egongo dira erakusketari itxiera emateko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.