“Ez dakigu nerabeak sare sozialetan non edo zertan dabiltzan”

“Ez dakigu nerabeak sare sozialetan non edo zertan dabiltzan”

Iñigo Terradillos

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko IKT informazioaren eta komunikazioaren teknologien sustatzailea da Iñigo Balerdi. Hezitzaile lana teknologiarekin uztartuz, garai berrietako eskola jazarpenaren inguruan ari da, azkenaldian: ziberbullying-aren inguruan. Ikasleekin prebentzioa bereziki lantzearekin batera, sare sozialen erabileran gurasoak hezteko beharraz ere ohartarazi du.

Zer da ziberbullying-a?

Internet bitartez egindako jazarpena da, oro har: posta elektronikoan, mezuetan, jokoetan eta, nola ez, sare sozialetan. Lehengo bullying-a da, baina IKTak erabiliz. Gaur egun, adibidez, jazarpentzat hartzen da pertsona batek baimendu gabeko argazki bat sarera igotzea eta etiketatzea. Halaber, nortasuna faltsutzea ere ziber-jazarpentzat jo daiteke: beste pertsona baten izena erabiliz, Interneten gezurrak edo zurrumurruak zabaltzea. Jazartzeko nahiko modu berria da, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak martxan jarria du ziber-jazarpenari erantzuteko protokolo bat, eta horrek esan nahi du kasuak gora doazela.

Sei ikasletik batek, behintzat, jasaten omen du.

Bai. Gauza bat da zenbat salaketa jartzen diren, eta beste gauza bat zenbat kasu dauden. Estatistikek diotenaren arabera, seitik batek jasaten du ziberbullying-a. Noski, ziberbullying-ean hainbat maila daude, eta, adibidez, nortasuna faltsutzeak edo sare sozialetan gezur bat zabaltzeak ez dute larritasun bera. Pentsatzen dut salaketa jartzera iristen diren biktimak kasu larrienetakoak izango direla.

Zirikatzea, baztertzea eta manipulatzea irizpidetzat darabiltza Jaurlaritzaren protokoloak, mailak zehazterakoan.

Bai, eta, horren arabera, irakasle batek jazarpen zantzuren bat ikusten badu, martxan jarri behar du protokoloa. Mailaren arabera, bi aukera daude: txostena ikuskaritzara bidaltzea edo arazoa ikastetxean bertan konpontzea. Alde horretatik, ikasleek nahikoa babes badutela iruditzen zait, protokoloa susmorik txikienarekin martxan jarri behar delako. Baina nola jakin ziberbullying hori gertatzen ari dela? Eta nola jakin zein den jazarpena egiten ari dena? Hori da zailena.

Oso ezkutukoa izan daiteke.

Bai. Gainera, kontuan izan behar da badela belaunaldi arteko jauzi bat. Ziberbullying-a adin bertsuko jendearen artean gertatzen da, eta guraso nahiz irakasleek askotan ez dute ezer jakiten: ez dakigu nerabeak sare sozialetan non edo zertan dabiltzan ere; ez dakigu etiketatzea zer den; ez dugu Instagram ezagutzen… Gazteak lasai-lasai dabiltza, baina badira neurriak. Adibidez, Internetera konekta daitezkeen gailuak gelan erabili behar dituztenean, atea ixteko debekua ezartzea, mundura zabalik dagoen leiho hori beren esku utzi gabe. Hori zertxobait kontrolatzea komenigarria da.

Jazarlea atzemateko ala biktima zein izan daitekeen ikusteko?

Ziberbullying-a jasaten ari den pertsona bati nabaritzen zaio jarreran aldaketa bat, ordenagailua erabiltzerakoan: urduriago edo tristeago egoten da. Normalean, ohiko bullying-a jasaten dutenek ziberbullying-a ere jasaten dute gaur egun, eta hori ere adierazle bat izan daiteke. Adi egon behar da, eta ondo legoke gurasoek, noizean behin, seme-alabekin gai horiez hitz egitea. Baina ez da erraza.

Gurasoek teknologia berriez ikastea ere komeni da?

Bai. Ondo dago gazteak beren gisara sakelakoekin-eta Interneten ibiltzea, baina, era berean, gurasoek ere eskubidea dute seme-alabek sarean egiten dutenaren zati bat ezagutzeko. Horretarako, gurasoek egokitu egin behar dute teknologia berrien erritmora.

Salaketa jartzen duten biktimen %6 urritasunen bat duten pertsonak dira, beste %6 arrazismoarekin lotutako kasuak, eta %14 eraso sexista edo homofoboak. Datuak bat datoz errealitatearekin?

Gizartean errotuta dagoen zerbait da, eta, azken finean, beti ahulenari eragiten dion zerbait da, izan bullying-a edo izan ziberbullying-a. “Nire segurtasun faltari eta nire autoestimu faltari aurre egiteko, besteak hondoratuko ditut”, hori da irizpidea. Baina, egia esan, gure ikastetxean ez dugu halakorik izan.

Prebentzioan sakontzen duzue gehien, ezta?

Bai. Uste dut indarrik handiena hor egin behar dela, horrek duela garrantzia. Ziber-jazarpena saihesteko eta salatzeko jarduera digital bat sortu dugu Tknika-n, eta lan ildo horretan dago etiketa arauen inguruko esparru bat. Ariketa batean, adibidez, rol-joko bidez hainbat paper esleitzen dizkiegu ikasleei: erasotzailea, erasotzaileak akuilatzen dituztenak, erasotzaileen laguntzaileak, biktimak, biktimaren defendatzaileak eta, azkenik, ikusleak. Behin jokabideak banatuta, sare sozialetan beren rolaren arabera jokatzeko eskatzen diegu, eta, amaieran, ikasle bakoitzak rol horretan sentitu duena azaldu behar izaten du. Helburua argia da: enpatia sortzea eta sentsibilizatzea.

Fruiturik ematen al du?

Ondorio moduan, sare sozialetan jarraitu beharko liratekeen arauak zerrendatzen ditugu. Beste pertsona baten argazki bat igo baino lehen baimena eskatzea izan liteke arau bat. Halaber, Instagramera argazki bat igo eta beste pertsona bat etiketatzerakoan, etiketa hori iraintzeko edo min emateko ez erabiltzea ere araua da. Bide beretik, helarazten diegu ez dela ezer gertatzen pertsona baten lagun eskaerari ezezkoa emateagatik; horrekin kezka izaten dute. Eskaera guztiak onartzeko joera oso orokorra da, baina ezetz esatea ere garrantzitsua da.

Posible al da konturatu gabe ziberbullying-a egiten aritzea?

Bai, noski. Askotan, etiketa arau horiek irakurtzen ditugunean konturatzen gara akaso inoiz halako zerbait egin izan dugula, batez ere, argazkien kontuarekin. Irudi eskubidea zaintzeko kontzientzia hori oso berria da, eta pixkana-pixkana aurrerapausoak ematen ari garela uste dut.

Gurasorik joan izan zaizue informazio eske edo kezkatuta?

Nik dakidala ez. Eta, egia esan, ziber jazarpena salatu eta saihesteko ariketa hori, ikasleekin ez ezik, gurasoekin ere abian jarri beharko genuke, batez ere kontura daitezen jazarpen hori badela, existitzen dela. Izan ere, batzuetan beste jazarpen mota batzuen gainean jartzen dugu begirada, eta ez dugu pentsatzen halako jazarpenik badenik ere. Ni neu guraso eskolara joaten naiz, eta joera handia dugu adimen emozionala, arazoen ebazpenak eta komunikazioa lantzeko. Aldiz, gutxiago lan egiten dugu ziberbullying-aren eta antzeko gaien inguruan, teknologia berriak ezagutzea eskatzen baitu. Baina, tresna ezagutu gabe, nekez jakingo dugu seme-alabak non eta zertan dabiltzan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.