[Herriz herri] Errezil. Zorra arintzeak arnasa eman dio

[Herriz herri] Errezil. Zorra arintzeak arnasa eman dio

Eider Bereziartua

Urola Erdian dago Errezil, 600 biztanle inguruko herria. Hirigune txiki batean eta bost auzo nagusitan banatuta daude herritarrak: Artzalluz, Erdoizta, Ezama, Ibarbia eta Letea.

2011n iritsi zen Sebero Agirretxe (Errezil, 1958) Errezilgo Udalera. Hura “urte gogorra” izan zela gogoratu du alkateak: “Udalera iritsi eta izugarrizko zorrarekin topo egin genuen. Gero, gainera, uholdeak izan ziren herrian, eta baserri bideak hondatu ziren. Guk ez geneukan dirurik horiek konpontzeko. Nahiko larri ibili ginen”. Egoerari buelta emateko asmotan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bilerak egiten hasi ziren, eta 2012an plan ekonomiko bat sinatu zuten. “Hamar urteko plan ekonomikoa sinatu genuen Gipuzkoako Aldundiarekin, udalaren egoera ekonomikoari irtenbidea emateko. Gure diru mugimendu guztiak diputazioaren esku gelditu ziren, hark kudeatzen zituen”.

Diru falta horrek eraginda, 2011tik 2015era bitartean “gauza handirik egin ezinda” ibili zirela esan du alkateak: “Urte amaieran gelditzen zitzaigun diru apurrarekin inbertsio txiki batzuk egin genituen, baina ia guztia zorra ordaintzeko erabiltzen genuen. Oso lotuta egon gara”. Joan den ekainean, ordea, 2022rako markatuta zeuzkaten helburuak lortu zituen udalak, eta plan ekonomiko horretatik irten zen. “Bost edo sei urte aurreratu gara”, esan du Agirretxek. “Hala ere, zuhurtzia handiz jokatzea tokatzen zaigu, oraindik zor handia daukagu eta”, azpimarratu du.

Orain, udalaren egoera ekonomikoa “dezente” hobetu dutenean, hainbat plan eta inbertsio ditu esku artean udalak. “Errezil den herria ikusita, daukan arazorik handiena baserri bideena da. 50 kilometro ditugu baserri bideetan herrian, eta horietariko asko puskatuta daude. Orain dela 30 edo 35 urte hormigoitu zituzten, baina harrezkero ez dira konpondu”. Horregatik, proiektu garrantzitsuena hori dela uste du Agirretxek. 90.000 euroko diru saila dauka aurten udalak proiektu horretarako, eta “astebete barru edo bi aste barru” ekingo diote lan horri. Proiektuak luze joko duela uste du.

Horrez gain, beste egitasmo “polit bat” dauka martxan Errezilgo Udalak: herriko gimnasioa. “Udaberri aldera galdeketa egin genuen biztanleek herrian ikusten zituzten beharrak zein ziren jakiteko. Herriko zerbitzuei buruz galdetu genien, eta, hainbat gauzaren artean, askok kirola egiteko gunea eskatzen zigutela ikusi genuen”.

Gaur egun, kirola egiteko “gune bakarra” dutela azaldu du, eta herritarren eskariari erantzuna emateko gimnasioaren proiektua jarri dutela martxan. Lehen mediku etxea zenean kokatu dute kiroldegia, eta “handia izango ez den arren, gauza polita” izango dela uste du Agirretxek: “Makina batzuk jarriko ditugu, eta aurrekontuak ematen digunaren arabera jantziko dugu”.

Horren harira, urteko aurrekontu sailean proiektu hori ez zeukatela azpimarratu du, eta “zalantzan” ibili zirela heldu edo ez heldu. “Foru Aldundiko Gazteria eta Kirol Departamentuak diru-laguntza deialdia zabaldu zuen, eta horra bidali genuen proiektua. Haien baiezkoaz gain, herriko Domusa fabrikak diru kantitate handia eman digu”, esan du Agirretxek: “Diru laguntza horiei esker atera dugu proiektua aurrera”.

Bi egitasmo horiez gain, Errezilgo Udala hirugarrena hasteko bidean da. Errezilgo herrigunea zeharkatzen duen errepidean “abiadurarekin arazoak” izaten dituztela adierazi du Agirretxek, eta handik pasatzen diren ibilgailuen abiadura mantsotzea nahi dutela. “Herrigunea bi zatitan bezala banatuta dago. Errepidearen alde batean udaletxea, denda, osasun zentroa, kiroldegi berria eta auzo-etxea daude. Beste aldean, berriz, eliza, taberna eta plaza. Horregatik, jende askok errepidea gurutzatu behar izaten du”, azaldu du. “Bidea gurutzatzeko zebra-bide bakarra daukagu, eta semaforoarekin araututa dago. Hala eta guztiz ere, ibilgailuak abiadura handian pasatzen dira, eta herritarren kexa dezente iristen zaizkigu”, gaineratu du.

Horri irtenbidea emateko, dagoen zebra-bidea “apur bat altxatzea” nahi dute, eta, horrez gain, bigarren zebra-bidea egingo dute, “hori ere altxatuta”. Esan duenez, “oinezkoen segurtasuna bermatzea” dute helburu.

Auzolanaren filosofia

2011tik 2015era bitartean herritarrek “udalaren egoera ulertu” eta lan karga batzuk auzolanean arindu zituzten. Esate baterako, auzo bateko bideak konpondu zituzten Foru Aldundiaren partaidetzako aurrekontuei esker. “Herritarrek berek eskulana jarri zuten, eta diru laguntza horrekin materiala ordaindu genuen”, adierazi du udal ordezkariak. “Gure filosofia aurrera begira ere hori da. Gauza batzuk ezin dira auzolanean egin, baina baserri bide horien mantentzea, garbiketa eta txukuntzea auzolanean egitea da gure helburua. Auzolana aktibatu nahi dugu berriro”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.