“Antzinatik, gizakiak miresmenez begiratu ditu mineralak”

“Antzinatik, gizakiak miresmenez begiratu ditu mineralak”

Asier Zaldua

Francisco Javier Aguado (Urretxu, 1954) aita zenaren eskutik zaletu zen mineralen eta fosilen mundura. Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astearen sorrera eta Urrelur museoaren irekiera bultzatu zituen. Asteartean, Mineralen erabilerak eta sinesmenak hitzaldia emango du, 19:00etan, herriko kultur etxean.

Zergatik erabaki duzu mineralen erabilerei eta sinesmenei buruzko hitzaldi bat ematea?

Mineralen eta fosilen munduan lan egiten dut, eta bezeroen artean bildumazaleak, mineralak dekoratzeko erosten dituztenak eta esoterismo munduan lan egiten dutenak ditut. Esoterismoa modan dago, eta profesionalon ardura da arrazionaltasun apur bat jartzea. Izan ere, batzuetan gauza logikoak entzuten ditugu, baina beste batzuetan tontakeriak entzutea tokatzen zaigu. Mundu horretan denetik dago. Batzuk antzinako zibilizazioen esanetan oinarritzen dira —naturarekin bat egin behar dugula, gorputzari behar duena bakarrik eman behar diogula…—, baina beste batzuk jendearen ezjakintasunaz baliatzen dira aberasteko.

Zeintzuk dira entzun dituzun tontakeria horiek?

Malakitak gaitzak kentzen dituela (La malaquita el mal quita). Hori sekulako ergelkeria da. Airea gatzekin ionizatzeak ere ez du ez hanka eta ez bururik. Hori Alacanten [Herrialde Katalanak] poto bat erosi eta barruan Mediterraneoko eguzkia dagoela esatea bezala da. Hematitea zirkulaziorako ona dela esatea ere tontakeria da. Hematites hitzak odola darion harria esan nahi du, baina horrek ez du zerikusirik gure odolarekin. Hematitea burdin mineral bat da, baina, burdina behar baduzu, platerkada bat dilista jatea hematita bat ondoan jartzea baino askoz ere hobea da, noski.

Ba al dago alboan edukitze hutsagatik mesede egiten duen mineralik?

Hori esoterismoa da. Ezin da frogatu. Reikia bezalako teknikek kuartzoa energia transmititzeko erabiltzen dute, baina ezin da frogatu. Dena den, kuartzoa ia kultura guztietan aurki dezakegu: Nepalen, Indian, Txinan, mojave indioen artean… Kuartzoa igorle ona da, baina burua da energia hartzen duena. Harriarekin edo harririk gabe. Erlaxatzeko edo desblokeatzeko teknika on bat ezagutzen ez baduzu, alferrik hartuko duzu harri bat. Harriak kanalizatu egiten du, baina zu zara aginduak ematen dituena. Amerikako new age delakoak espiritualtasuna modan jarri zuen. Kultura ezberdinetako gauzak hartu zituen. Horien artean, harri sendatzaileak. Xamanek beti erabili dituzte harriak. Erlijio katolikoak ere harriak erabiltzen ditu: gotzainak ametista bat du, kardinalak errubi bat… Espainiako Alfontso X. erregeak mineralei ematen zitzaien erabilerari buruzko informazio asko bildu zuen. Dibertigarria da informazio hori irakurtzea. Zorionez, geroz eta gehiago dakigu.

Esoterismo munduko jende asko etortzen al da zure biltegira mineralak erostera?

Bai. Guk mineralak saltzen ditugu, besterik ez. Burdindegi batera mailu bat erostera doanak mailua iltzeak sartzeko nahi duela suposatzen da.

Sineskeriez harago, mineralek erabilera asko dituzte.

Mineralak gure inguruan daude, eta beraiekin orekan bizitzen ikasi behar dugu. Teofastroren garaitik, antzinatik, gizakiak miresmenez begiratu ditu mineralak. Beti magikoak iruditu zaizkio, eta bere kolore eta formak apartekoak direla uste izan du. Baina, horretaz gain, mineralak ezinbestekoak ditugu bizirik jarraitzeko. Soldata hitza gatza hitzetik dator (salarium, latinez). Jaten, edaten eta arnasten duguna gara, eta horietan guztietan mineralak daude. Gorputzak mineralak behar ditu bizitzeko. Hitzaldian mineral garrantzitsuenez hitz egingo dut: zertarako eta zein neurritan erabiltzen dituen gorputzak burdina, sufrea, magnesioa, potasioa… Jakiek lurretik hartzen dituzte mineral horiek. Meategi bateko ikatzak airera sufrea botatzen badu, sufrea lurrera eroriko da, abereek lur horretan hazitako belarra jango dute, eta guk abere horien haragia jango dugu. Beraz, sufre hori jango dugu. Jendeak mineralekin harremanetan bizi garela jakitea nahi dut.

Euskal Herrian mineralei eman diegun erabilpenen bat?

Baserrietan, logela batean infekzio bat zuen gaixo bat egon bazen, sufrea erretzen zuten ateak eta leihoak itxita. Sufre erreak oxigenoa kontsumitzen du, eta bizitza oro bukatzen du.

Mineral batzuk oso baliotsuak dira. Zeintzuk izango dira etorkizunean mineral baliotsuenak?

Egun, koltana sekulako sufrimendua eragiten ari da Afrikan, baina egungo mineral estrategikoek balioa galduko dute urte batzuk barru. Uyuniko gatz lautadan [Bolivia] multinazional batzuk finkatu dira, gatzaren litioa baterientzako oso baliagarria delako.

Gipuzkoan asko al zarete mineralak saltzetik bizi zaretenak?

Ez. Eta Espainiako Estatuan ere ez. Nik 25 bat ezagutzen ditut.

Zeintzuk dira zure bezeroak?

Bildumazaleak, esoterismo mundukoak, ikastetxeak eta mineralak apaintzeko gustuko dituztenak dira gure bezero nagusiak. Duela gutxi EHUkoak etorri ziren, ikatz baten bila. Errusiako lagun bati esker nuen ikatz hori. NASAk EHUn garatzen ari diren egitasmoa onartzen badu, hemen egon zen ikatza Martera eramango dute beharbada.

Zergatik da horren berezia ikatz hori?

Bildumazaleek eta esoterismo mundukoek estimu handian zuten, eta orain zientzialarien arreta piztu du. Ikatz hori lortzea oso zaila da. Jatorri protobakteriarra du, ez begetala. Duela 2.000 milioi urte asteroide bat lehertu egin zen lurraren aurka txikitu beharrean, eta protobakteriak zeuden toki bat erre zuen. Hala, Errusian bakarrik aurki daitekeen ikatz hau sortu zen. Shungita deitzen zaio. 1940ko hamarkadan hidrogenozko bonba egiteko balio zezakeela uste zuten, baina ez zen hala izan. Ura arazteko, ordea, balio du. Uraren egitura molekularra berrantolatzen du.

Zenbat mineral dituzu zure biltegian?

Munduan 3.500 bat daude sailkatuta, eta nik 1.200 bat eskain ditzaket. Denbora apur bat ematen badidazu, beste 600 ere ekarriko dizkizut. Bildumazale on batek 300 inguru ditu. Horietatik 200 ez dira ikusteko politak.

Zein da esku artean izan duzun mineral baliotsuena?

Errusiako Baikal lakuko arrosa koloreko turmalina bat oso kuttuna dut. Baikal lakua munduko sakonena da. Errusian egon nintzeneko altxor txiki bat da. San Petersburgoko unibertsitateko irakasle bati erosi nion. Jose Antonio Ubarretxenak oparitu zigun hogei kiloko gatz gema ere asko maite dut. Ubarretxena Zaragozako [Espainia] Remolinos herriko meategikoa da, eta guri eman ziguna ordura arte aurkitu zuten gatz gema handiena da. Joaten garen bakoitzean, primeran hartzen gaitu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.