Handitzearen kontra, ingurunea babesteko

Handitzearen kontra, ingurunea babesteko

Maite Alustiza

Gomistegi harrobia handitzeko proiektua abian da. Oñatin, Arantzazura daraman errepidearen inguruetan kokatzen da: bost bat hektarea ditu egun, eta handitzeak bikoiztea ekarriko luke. Udala proiektuaren kontra dago, eta alegazioa jarria dio harrobiaren ingurumen eraginaren azterketari. Mikel Biain alkateak azaldu duenez, “orokorkerietan” oinarritzen da azterketa hori, “suposizioetan”, eta ez da propio bertarako egina. Hori horrela, handitzeko eskaera bertan behera utz dezala eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

1960ko hamarkadan jarri zuten martxan harrobia, Patricio Etxeberria enpresarako lehengaia ateratzeko. Egun, Aridos Aloña SL enpresak ustiatzen du, eta hark egin du ingurumen eraginaren azterketa. Alegazioa prestatzerakoan udalak biologo baten laguntza izan du, eta handitzeak inguruarekiko eragina izango lukeela “agerikoa” da, Biainen ustez: “Inpaktuak ezin dira aurreikusi, baina dinamitarekin-eta jardungo lirateke… Aberastasun bat dago, flora eta faunaren aldetik habitat aberatsa; zerbaitegatik dago Natura 2000 sarean”. Aizkorri-Aratz parke naturala Natura 2000 sarean sartuta dago, eta harrobia handitzeko proiektua eremu babestuaren barruan proposatzen da, Aizkorri-Aratz parke naturalari itsatsita.

Inguru hartan bizi diren herritarrei ere eragingo lieke, noski: “Lasaitasunik ez da egongo. Han ondoan baserriak daude. Gesaltzan, Kortakogainen, Zapiarben… Zapiarbekoek, adibidez, kexa handiak dituzte; leherketak-eta egiten direnean asko nabaritzen dute etxean…”. Gomiztegi Artzain Eskola ere han dago, “harrobiaren muga-mugan”.

Urteotan, Gomistegi-Arantzazuko harrobia hirigintzako jarduerari lotuta joan da neurri batean, Biainek azaldu bezala: “Eduki du beherakada handi bat, baina baita garai oso ona ere, gehienbat eraikuntzako boomaren barruan. Gaur egun ere martxan dago; kamioiak gora eta behera dabiltza”. Eta harrobiaren ustiapena “ahal den gehieneraino” iritsi da. “Zailtasunak dauzkate jarduera ekonomiko hori ondo aurrera eramateko; mugaraino iritsi da, eta, azken urteetan, itxura denez, sakonera egiten ari dira. Baina beheranzko ustiaketak zailtasun tekniko handiak dauzka”. Biainek gaineratu duenez, gaur egun enpresak badauka baimena errepide aldera ustiapenarekin jarraitzeko, baina tartean sartzen da 2006ko akordio bat.

“Inon idatzita ez dagoen akordioa da”, Aitor Gerenabarrena udaleko Ingurumen teknikariak zehaztu duenez. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, Meatze eta Energia Zuzendaritzak eta Aridos Aloña enpresak egin zuten: “Akordio horrek esaten du geratzen den eremua ustiatzeak paisaiaren ikuspegitik inpaktu handia edukiko duela; gaur egun, errepidetik bazoaz, kamioiak kargatzeko lekua ikusten duzu, baina zuloa ez duzu ikusten. Hori jango balute, errepide parean geratuko litzateke. Orduan, esan zuten: hau ez ukitzearen ordainetan, ustia dezakezu beste zatia”. Beste zati hori da oraingo handitze proiektuan sartzen dena.

Alegazioaren mamia

Ingurumen eraginaren azterketan “forma akatsak” topatu dituzte, Gerenabarrenaren esanetan: “Eskala, adibidez, bibliografia orokorrekoa da, ez detailekoa. Gainera, ingurumen azterketa bat egiten duzunean proiektuaren alternatibak egon behar dira; zuk aztertu behar dituzu alternatiba batzuk, eta bakoitzaren ingurumen azterketa egin”. Natura 2000 sarean egonda, horri “atal propioa bat” eskaini beharko litzaioke, eta lan honetan “oso gainetik eginda dago”. Horretaz aparte, ingurumen azterketan ebaluazioa atalka egin dutela dio Gerenabarrenak; “harria birrintzea batetik, garraioa bestetik… Denak batera aztertu behar dira, inpaktu orokorra”.

Ez da Oñatiko Udalak alegazio bat jartzen duen lehen aldia. Iaz, abuztuan, Aizkorri-Aratz parke naturala kontserbazio bereziko eremu izendatzeko prozesuan udalak ohartarazi zuen harrobiaren jarduerak “erabateko talka” egiten zuela Natura 2000 eremuko babeserako helburuekin. Salatu dutenez, Jaurlaritzak ez zion alegazioari erantzunik eman. Oraingo alegazioan bezala, EH Bilduk aurkeztu zuen kontrako mozioa udalean, eta koalizioaren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zuten.

Ordutik, enpresak tramitazioarekin jarraitu du. Aurten, abuztuan jakinarazi zion Jaurlaritzak udalari informazio publikoan jarriko zuela ingurumen eraginari buruzko txostena, baita gainerako alde interesdunei ere. 30 egun izan zituzten alegazioetarako, eta epe hori pasatu da. Gipuzkoako aldizkarian argitaratu zen orduan, eta behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, beste 30 egun daude edonork alegazioak aurkezteko —epe hori zabalik dago oraindik—.

Biainek salatu duenez, alegazioa aurkezteko zailtasunak izan dituzte; besteak beste, ingurumen eraginari buruzko txostena ez dutelako sarean jarri. Energia eta Meatzeetako Zuzendaritza da proiektuei baimena ematen dien erakundea, eta, beraz, informazioa eskuratu nahi duenak ordezkaritzatik pasatu behar du. “Lehen horrela egiten zen, baina zaila da ulertzea erraztasun gehiagorik ez ematea”, gehitu du Gerenabarrenak.

Alegazio guztiak jaso ondoren, meatzeen sailak Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari bidaliko dizkio, ingurumen azterketarekin batera. “Proiektua ez onartzeko modu bakarra da ingurumen inpaktuaren deklarazioan eragin kritikoren bat egotea, eta hori Eusko Jaurlaritzak esan beharko du”, dio Biainek. Bestela, proiektuari neurri zuzentzaile batzuk jar diezazkiokete. “Natura 2000 sarean dagoen proiektua denez, oso ondo aztertu beharko lukete”. Jaurlaritzarekin harremanetan jarri da Hitza, baina ez du prozesuaren gaineko informazio gehiagorik jaso.

Gaia, herritarrekin

Udalak bilera eskatua dio Jaurlaritzako Ingurumen sailburuari, eta “erantzunaren zain” daude. Erakundeekin harremanetan egotearekin batera, herritarren artean ere harrobiaren gaia zabaldu nahi du udalak. Asteartean, 19:00tan, bilera informatiboa antolatu dute Oñatiko Udaleko osoko bilkuren aretoan, handitzeak izango lituzkeen ondorioen inguruan azalpenak emateko.

Arantzazu Defenda Dezagun plataforma ere martxan da. Bihar, 10:00etan, agerraldia egingo dute Arantzazuko Auzoetxean, harrobia handitzeko proiektuaren gaineko iritzia emateko. Kontra agertu dira. Besteak beste, salatu dute handitzeak auzotar eta ibiltarien segurtasuna “arriskuan” jarriko lukeela, eta paisaia aldetik “inpaktu basatia” edukiko lukeela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.