Zahartzeari aurrea hartuz

Zahartzeari aurrea hartuz

Olatz Mitxelena

Orain arte udalen esku egon diren zahar etxeak aldundiaren eskumenekoak izango dira aurrerantzean, Gizarte Zerbitzuen 12/2008 legeak hala aginduta. Kudeaketa ereduaren aldaketari ekin ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kabia erakundea sortu zuen aurreko legealdian, EH Bildu agintean zela. Gaur egun, Kabiak lau egoitza kudeatzen ditu: Azkoitiko, Elgoibarko, Villabonako eta Zumaiako zentroak. Beste hamabi ditu bere gain hartzeko.

Prozesu hori guztia nola gauzatuko den lehengo astean azaldu zuen aldundiak, eta iragarri zuen egun Kabian dauden zentroei Andoain, Arrasate, Bergara, Eibar, Errenteria, Hernani, Irun, Lasarte-Oria, Oñati, Ordizia, Pasaia eta Tolosako zentroak erantsiko zaizkiela 2019. urterako.

Horrenbestez, Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak nabarmendu duenez, hiru urtean, “aldundiak, 224 toki kudeatu ordez, 1.505 toki kudeatuko ditu: egoitzetako 1.336 toki, eta eguneko zentroetako 169 toki”.

Bi egoitza berri

Peñak azaldu duenez, “pixkanaka” integratuko dira zentroak Kabian, txertatze prozesuaren “zailtasun teknikoaren arabera”. Horrela, datorren urtean Andoain, Bergara, Ordizia eta Lasarte-Oriako zentroak integratuko dituztela azaldu du; 2018. urtean, berriz, Oñati, Errenteria, Tolosa eta Arrasatekoak. Aurreratu du aurreikusia dutela 2019. urtean Eibar, Hernani, Irun eta Pasaia integratzea. Irunen eta Pasaian, gainera, egoitza berriak eraiki beharko dituzte.

Alde horretatik, ordea, Pasaiako EH Bilduk txalotutako erabakia gezurtatu du foru diputatuak. Aldundiak zabalduko duen hurrengo zentroa Pasaian eraikiko dutela iragarri zuen Pasaiako koalizio abertzaleak, baina, erabakiaren zergatiaz galdetuta, ukatu egin du Peñak: “Ez dut uste inon esan denik Pasaian lehenago irekiko denik. Pasaiako egoitza Etorkizuna Eraikiz proiektuan dago. Irungo egoitza, berriz, mugaz gaindiko proiektua da, eta mugaren bi aldeetan dauden beharrei erantzuteko pentsatuta dago. Bi kasuetan, proiektuak gauzatzeko daude oraindik”.

Lasarte-Orian, handitu

Irungo eta Pasaiako egoitzak eraiki aurretik Lasarte-Oriako zahar etxea handituko dutela iragarri du Peñak, Buruntzaldean leku gehiago eskaintzeko konpromisoa hartua duelako aldundiak. “Buruntzaldeko eskualdean handia da itxaron zerrenda, eta gizarte zerbitzuen mapak dio toki gehiagoren beharra dagoela egoitzan”, zehaztu du. Izan ere, asko dira gaur egun zahar etxean leku bat lortzeko zain dauden adinekoak, eta 2016-2019 aldirako 300 toki sortuko dituztela agindu du diputatuak, “lurralde guztian sakabanatuta”.

Sortuko dituzten 300 leku horiekin “Gipuzkoako familia askok duten arazoa arindu” egingo dutela esan du Peñak. “Gure adinekoak gehiago eta hobeto zaindu ahalko ditugu”, gehitu du.

Gaur egun, Gipuzkoak 64 egoitza zentro ditu adinekoentzat: hamar publikoak, 52 itunpekoak eta itun gabeko bi. Guztira, 5.389 toki eskaintzen dituzte. Eguneko zentroei dagokienez, guztira 62 dira gaur egun Gipuzkoan. Horietatik 14 publikoak dira, eta 48, itunpekoak. Guztira, 1.681 leku eskaintzen dituzte.

Etorkizuneko beharrak

Peña sinetsita dago Gipuzkoako populazioa zahartzeak gizartea “egoera guztiz berri batera” eramango duela, eta Kabian aurreikusitako planaren bitartez Gipuzkoak “erronka handi bati heltzen” diola adierazi du: hain zuzen ere, “zahartzearen arazo sistemikoari aurre egiteko”. Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat egindako Adinekoak Lurraldean ikerketan jasotzen denez, gaur egun Gipuzkoan 147.570 adineko daude, eta zahartze tasa %20,6 da herrialdean.

Egoera udalerrika aztertuta, berriz, zahartze tasarik handiena duten udalerriak Deba arroan eta Donostialdean daude gaur egun. Egoera demografikoaren prospektiba eginda, Gaindegiak ondorioztatu du 2025. urterako Gipuzkoako biztanleriaren laurdenak baino gehiago 65 urtetik gorakoak izango direla.

Leave a Reply

Your email address will not be published.