“Epaimahaian tradizio ezberdinak izatea da helburua”

“Epaimahaian tradizio ezberdinak izatea da helburua”

Imanol Garcia Landa

Gaurtik azaroaren 1era arte maila handiko koruak entzun ahal izango dira Tolosako Abesbatza Lehiaketan. Enrique Azurza (Tolosa, 1967) izango da aurtengo epaimahaiburua. Dagoeneko ibilbide luzea du Azurzak abesbatza musikaren munduan, eta egun bost koru zuzentzen ditu: Tolosako Hodeiertz, Bilboko Korala, Kea ahots taldea, Ibarrekolanda Institutukoa eta Musikenekoa.

Euskal Herriko Abesbatza Elkarteko lehendakaria da Azurza: “Ohorea eta ardura da euskal abesbatzen mundua ordezkatzea. Aldi berean, interesgarria eta aberasgarria da hainbat proiektu suspertzea, Euskal Herriko Gazte Korua, esaterako”. Guztira, hamasei herrialdetako 21 talde ariko dira Tolosan, eta euskal abesbatza bat: Vocalia.

Ez da lehenengo aldia Tolosako Abesbatza Lehiaketan epaimahaiburu izango zarena. Zein da zure zeregina?

Puntuak ematerakoan epaimahaikide bat gehiago naiz. Horrez gain, epaimahaiburu bezala beste epaileak koordinatzen ditut, eta berdinketaren bat gertatzen bada, nire botoak desegiten du berdinketa hori. Bestalde, euskal abesbatzen munduaren ordezkari moduan nago epaimahaian.

Hain justu, hainbat herrialdetatik etortzen dira epaimahaiko kideak. Puntuak ematerakoan irizpide bateratuak dituzue?

Ezberdintasun horiek dira interesgarrienak; epaimahaian irizpide ezberdinak, tradizio ezberdinak izatea da helburua. Badaude irizpide objektiboak: erritmoa, afinazioa, zehaztasuna eta partiturari errespetua. Gero badago arlo artistikoagoa, esaterako, koruaren adierazkortasuna, eta hori irizpide subjektiboa da. Eta horretarako hobe da tradizio ezberdinak izatea epaimahaian.

Zer-nolako maila izango du aurtengo lehiaketak?

Abesbatza batzuk ezagutzen ditut, baina gehienak ez. Eta niretzat askoz hobea da gehiegi ez jakitea parte hartzaileen inguruan. Nahiago dut entzutea eta ondoren botoa ematea. Tolosako lehiaketan normalean oso maila altua izaten da, eta espero dugu aurten ere horrela izatea.

Aurten, abesbatza euskaldun bat izango da, Leioako (Bizkaia) Vocalia taldea.

Tolosako lehiaketan parte hartzeak prestaketa handia suposatzen du. Vocalia taldea oso ona da, eta ahots talde moduan zein abesbatza moduan parte hartuko du; ziur nago oso maila altua emango dutela. Gero, noski, agertoki gainean erakutsi behar da hori.

Aldaketarik izan da abesteko moduan lehiaketan?

Zaila da esatea, tradizio hain ezberdinak etortzen baitira… Nik esango nuke gero eta maila altuagoa dagoela. Prestaketak oso profesionalak izaten dira.

Euskaraz kanta bat abestu behar dute parte hartzaileek.

Gure tradizioa munduari aurkezteko aukera bat da hori. Uste dut oso aberasgarria dela hona etortzen diren taldeek euskal kultura ezagutzea eta euskaraz abestea. Sari berezi bat dago, euskal obraren interpretazio onenari, eta hori beste epaimahai batek saritzen du, Javier Bustok, Xabier Sarasolak eta nik osatutakoak.

Leidor aretoa eta Santa Klara eliza dira agertokiak, bakoitza bere berezitasunekin.

Santa Klara eliza oso egokia da musika sakratuarentzat, eta uste dut oso polita dela abesbatzak eliza batean entzutea. Gero, antzoki batean entzuteak beste ikuspegi bat ematen digu. Antzokian abestea zailagoa da. Santa Klara elizan asko gozatzen dut, antzokian baino gehiago.

Tolosarra izanik eta abesbatza munduan aritzen zarenez, zuretzat oso berezia izango da Tolosako lehiaketa, ezta?

Oso berezia eta hunkigarria da. Tolosako lehiaketatik sortu da nire ibilbidea musikaren munduan, eta Hodeiertz abesbatza lehiaketa antolatzen duen Tolosako Ekinbide Etxetik sortu zen. Niretzat ohore handia da epaimahaiburu izatea.

Tolosan ezaguna da lehiaketa, baina nola bizi da hortik aparte?

Nik uste dut gutxienez Euskal Herriko abesbatza munduarentzat oso ezaguna dela, baina, publiko orokorrari dagokionez, ez nago hain ziur. Batzuetan uste dut aurreiritziak daudela, eta pentsatzen dela abesbatza musika zerbait aspergarria dela. Nik jendea animatuko nuke aurreiritzirik gabe eta adimena irekita Tolosako lehiaketara joatera. Baliteke ezusteko ederra izatea.

Esan ohi da beste herrialde batzuen aldean, Europa ekialdekoen aldean, adibidez, musikaren kultura eta hezkuntzaren aldetik maila baxuagoa dugula.

Orokorrean, bai Gipuzkoan eta bai Euskal Herrian, koruen maila oso handia dela esango nuke. Niri falta zaidana da jende gazte gehiago ikustea entzule moduan Leidor aretoan. Horrek pena ematen dit. Hori da gure errealitatea, eta horregatik animatuko nuke jendea probatzera.

Eta nola ikusten duzu orokorrean euskal abesbatza munduaren osasuna?

Denetik dago. Oso herri txikia gara, baina badaude talde oso onak, eta ikusten dut oso mundu dinamikoa dela. Azken urteetan lan asko egiten ari gara, eta hori nabaritzen da. Maila asko igo da, baina, beste herrialdeekin alderatuta, oraindik asko dago egiteko.

Eta nondik heldu horri? Hezkuntzatik, abesbatzak sortuz…

Niretzako giltza da haurrekin eta gazteekin lantzea. Txikitatik hastea da gakoa. Gipuzkoan hori egiten da, eta gero nabaritzen da. Ondoko herrialdeetan falta zaie pixka bat gehiago lantzea haurrekin eta gazteekin.

Lehiaketara itzuliz, epaimahaiko kide izanik, emanaldiez gozatzeko aukera izango duzu?

Nik gehiago gozatzen dut publiko orokorrean izanda. Epaimahaitik beste ikuspegi batetik jarraitzen duzu lehiaketa. Seguru nago gozatuko dudala.

Leave a Reply

Your email address will not be published.