Herri gehiagotan martxan dituzte euskara hutsez bizitzeko erronkak

M. Alustiza

“Indar proba” betean dira Hernanin. Urriaren 15ean ekin zioten Eutsi euskarari erronkari, Euskara ari du egitasmoaren barruan, eta azaroaren 26ra arte jarraituko dute horretan. Helburua: ahalik eta herritar eta elkarte gehien euskaraz bizitzea. Laugarren urtea dute, eta, Lasarte-Orian bezala, sei asteko txandatan egin dute antolaketa; gutxienez astebeterako konpromisoa hartu du bakoitzak. Antolatzaileek emandako datuen arabera, Hernaniko herritarren %60 euskaldunak dira, eta beste %20k euskara ulertzen dute. “Beraz, hernaniarren %80k euskara ulertzen dute”. Herritarren eta udalaren artean bultzatu dute egitasmoa.

Lehen astean askotariko eragileek bat egin zuten probarekin: bertso eskolak, pilota elkarteak, Hernaniko palistek, Kanika taldeak, Kaxkardi kirol elkarteak, Urbieta Kopiak dendako langileek, Plaza Berriko hainbat lagunek… Aste honetan ere, beste hainbat ari dira parte hartzen: Inmakulada ikastetxeko guraso eta irakasleak, Hernanin Zero Zabor, Urumea bailarako lagunak, udaleko EH Bildu, gazteen kuadrilla, Hernaniko futbol elkartea, Irrixola aisialdi elkartea…

Erronka hilaren 15ean hasi zen, baina ia hilabete daramate lanean. Urriaren 3an “beroketa lanak” hasi zituzten, eta hitzaldi eta tailerren bitartez jorratu dute gaia.

Astigarragan ere bai

Astigarragan 100 ta 100… 200 ordu euskaraz abiatuko dute azaroan. Astebetez egingo dute, azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitarte, Euskararen Egunera arte. Oraindik zabalik da izen-ematea —gaur bukatuko da epea—. Parte hartu nahi duenak astigarragan euskaraz@gmail.com helbidera idatzi behar du edo fitxa bat bete antolatzaileen egoitzetan. Hiztun edo hizkide bezala eman daiteke izena.

Herriko zortzi eragilek antolatu dute: AEK euskaltegiak, Xaguxar aisialdi taldeak, Astigarragako Gazte Lokalak, Norberto Almandoz musika eskolak, Astigarragako Herri Eskolak, Herri Eskolako Guraso Elkarteak, Mundarrok eta Astigarragako Udalak.

Erronkarekin hasi aurretik, tailer bat antolatu dute azaroaren 12rako. Euskaraz bizitzeko estrategiak landuko dituzte horretan, 09:30etik 13:30era. Erronkarako izena ematerakoan zehaztu beharko da tailerrean parte hartu nahi bada. Egun horretan ere, prozesuaren inguruko xehetasunak emango dituzte jende aurrean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.