[Herriz herri] Gabiria. Herrian, gaztetasuna potentzia

[Herriz herri] Gabiria. Herrian, gaztetasuna potentzia

Aimar Maiz

. Herri txikia izanda, 490 biztanlerekin eta jarduera ekonomiko apalarekin, auzolana eta herritarren lanerako konpromisoa ditu ardatz Gabiriaren orainaldiak. Etorkizunera begira, gazteak herrian bertan geratzea da erronka, etxebizitza ziurtatuta.

Ostirala, urriaren 21a, arratsaldeko bostak. Gabiriako kirol guneko kantxaren zorua margotu behar dela eta, 25 nerabe ari dira lanean; arrabolak eskuan hartu, eta margo gorrizta zabaldu dute, di-da batean. Beren jolaslekua da, eta, ondo zaintzeaz gain, ez dute makurrik lana egin behar denean ere arrimatzeko.

Larunbata, urriak 22, goizeko zortziak. Kultura Batzordeak sustatutako Hartu-Eman saio bat hastera doa. Perretxikoak dituzte gaur gai, eta, bi herritar aditu gidari hartuta —Iñaki Oiarbide eta Jon Ander Jaka—, basora joan dira gabiriarrak. Arratsaldean, bildutako 50 mota sailkatu eta erakutsi dituzte. Mokadutxoa janez bukatu dute ekitaldia, iluntzean.

Gabiriako herrian azkena izan diren bi auzolanen adibideak dira horiek. Herritar borondatetsuak ditu, lanerako, daukatena emateko eta erakusteko nagirik gabeak. Behar ere bai, udalerri txikia izanik, bizirik jarraitzeko horixe delako baliabide edo diru gabeziaren antidotoa: norberak egitea.

Goierri eskualdean dago Gabiria, 420 metroko garaieran, eta 15 kilometro koadro ditu. Urtearen hasieran 490 bizilagun zeuden erroldatuta. Bi auzo nagusi ditu: Alegia eta Aztiria.

Haur eskola badago —lau ume joaten dira—; HH eta LH ematen duten eskola publikoa ere bai, 29 ikaslerekin, eskola txikien familiakoa. Hiru elkarte daude bertan, eta beste bitan ere ibiltzen dira gabiriarrak, Gabiria parte den aldameneko herrietako auzoetan. Dantza taldea, musika eskola, bertso eskola, eskolaz kanpoko jarduerak haurrentzat, helduentzako yoga edo pilates saioak. Horixe du eguneroko eskaintza.

Urtean behin, han antolatzen dute euskal automobilismo egutegia hasten duen rallyesprinta. Bi mendi lasterketa ere egiten dira; baita bertsolari gazteen Osinalde bertso sariketa entzutetsua eta errezil sagarraren azoka ere. Oihartzuna ematen diote ekitaldi horiek herriari.

Gizarte gihar hori tenkatzeko, eta etorkizuna ziurtatzeko, gaztetasunari heldu nahi dio Gabiriako Udalak. 65 urtetik gorakoak bezainbeste (%21,8) dira ia 20 urte baino gazteagoak (%20,4).

Etxebizitzaren gaia kezka

Udalarentzat etorkizun hurbilerako zaindu beharreko arloa “herriko gazteak bertan geratzea” da. “Gure etorkizuna gazteetan dago, eta nola edo hala gazte horiek herrian bertan gelditzea lortu behar da”, dio Arantxa Bidegain zinegotziak, kirol pista auzolanean margotzen ari diren nerabeei begira.

Etxebizitzaren gaia kezka iturri ikusten dute udal arduradunek. “Etxe solte batzuk badaude salgai, baina, noski, ekonomikoki ere egoera ez da oso egokia gazteentzat”. Gabiriako etxebizitza dentsitatea 17,8 etxekoa da, hektareako (Goierrikoa 61,3, Gipuzkoakoa 60,3). Biztanle dentsitatea ere eskualdekoa eta herrialdekoa baino askoz txikiagoa du: 33 biztanle kilometro koadroko (Goierrin 194, Gipuzkoan 375). Hutsik dauden familia etxebizitzak, berriz, %25,4 dira: lautik bat, Goierrikoa (%15) eta Gipuzkoakoa (%12,7) baino altuagoa.

“Udalaren jabetzakoa den etxebizitza bakarra daukagu, une honetan, alokairuan. Hutsik dauden etxeak mugitzea bultzatu beharko litzateke, ea horiek nola martxan jarri. Biderik zuzenena hori dela uste dut”, azaldu du Iñaki Etxezarreta alkateak (Gabiria Hautesle Elkartea).

Auzoetan begia jarrita

Gabiriako herri gunea 420 metrora dago, eta udalerriaren mutur banatan bi auzo gehiago ditu: Aztiria da herriko bizitoki garaiena (600 metro), eta Alegia beheren dagoena, Irizar autobus fabrikaren parean (207 metro). Gune horietan ere arreta jartzea da udalaren beste jardunbide bat.

“Badugu asmoa datorren urtean Aztiriko tabernara iristeko modua erraztekoa —udal jabetzakoa da eraikina—. Beste auzoetan ere landu nahi dugu zerbait. Gabiriar senti daitezela nahi dugu, eta ez dauzkagula baztertuta”, dio Etxezarretak.

Horretarako, baliabide ekonomiko murritza da galga. Industria gutxi du, eta 2008tik jarduera are gehiago murriztu da, enpresa batzuk itxita, edo ekoizpena utzita. Gaur egun, 31 enpresak daukate Gabirian egoitza soziala. Lehen sektorean bakarra dago, bigarrenean hiru, eta gainontzekoak zerbitzuetan edo hornikuntzan.

Udalaren diru iturrientzat muga da hori, eta laguntzen menpe geratzen dira proiektuak: “Orain, adibidez, egin behar ditugun obra guztiek %50etik gorako finantzaketa laguntza daukate. Bestela ez dugu obra hasten”, gaineratu du alkateak.

Ordainetan, auzolana, elkarlana eta gizarte konpromisoa indartzen dituzte. Iraupen ekonomia denak gizartearen bizitza suspertzen laguntzen du, azken batean. “Iritzi guztiak entzuten saiatzen gara, eta ondoren horrekin irtenbidea bilatzen. Batzordeak daude, eta babes handia dira udalarentzat. Etsenplua kirol zelaiarena da. Hamar metro laburtu nahi genuen, baina gazteek esan digute ez dutela mozterik nahi. Eta euren nahia egingo dugu. Azken batean, jendeak parte hartzen du, eta hori nahi dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.