Katean batzen doaz udaberrira

Katean batzen doaz udaberrira

Maite Alustiza

Pasaiako badia izango da erabakitzeko eskubidearen aldeko hurrengo geralekua. Igandean, 8,4 kilometroko giza katea osatu asmo dute, Oiartzualdean egingo duten galdeketarako “giroa epelduz joateko”. 2017ko martxoaren 19an eman ahal izango dute botoa Errenterian, Pasaian, Lezon eta Oiartzunen; eguna iritsi bitartean, “lehen erronka nagusi” gisa igandeko giza katea jarri du Demoarso mugimenduak.

Zortzi kilometro pasa horiek osatzeko, Errenterian 4.000 lagun biltzeko helburua jarri dute, 2.100 Pasaian, 1.600 Oiartzunen eta 800 Lezon. Orotara, 71.000 lagun bizi dira lau herriotan. 12:00etan eratuko dute katea, eta, ordubete geroago, boto sinbolikoa eta ekitaldia egingo dituzte Errenterian, Gamon zumardian. Iluntzera arte musika eta bestelako jarduerak izango dira.

Goierrin, Debagoienean eta Azpeitian badakite zer den herri galdeketa bat antolatzea eta gauzatzea —ekainaren 5ean egin zituzten—. Oraindik ere lanean jarraitzen dute, ordea. Bihar, adibidez, batzar irekia egingo dute Seguran, Hemendik aurrera zer? izenburuarekin. 10:30ean izango da, kultur etxean.

2017ari begira, Gipuzkoako beste zenbait herritan martxan dira. Euskal Herri osoan ehun herri ingurutan izango dute botoa emateko aukera hurrengo urtean, eta horiek antolatzen laguntzeko prestakuntza saioak eman dizkie Gure Esku Dago-k 150 bat laguni, Eibarren.

DONOSTIA-BETERRI

Hernanin eta Astigarragan azaroaren 12an dute begirada jarria. BagaGiltza dinamika ekainean abiatu zuten, eta 2017ko udaberrian bukatuko dute prozesu hori, galdeketarekin. Azaroaren 12an, hain justu, galdeketaren eguna zein izango den jakinaraziko du antolaketa batzordeak. Data ezagutzera ematearekin batera, sinadura bilketa abiatuko dute; 500 atxikimendu bildu nahi dituzte asteburu horretan. Hori guztia festa giroan egingo dute, Udaberri Festaren barruan. Ave Maria parkean izango da —eguraldi txarrarekin Gay Murreko patio estalira lekualdatuko dute—.

Usurbilgo Gure Esku Dago-k 2017rako iragarria du kontsulta, data zehaztu gabe, eta Lasarte-Orian ere lanean ari dira hurrengo urtera begira, Loratu prozesuan. Sinadura bilketan 1.832 atxikimendu jaso zituzten —1.700 zuten helburua—, batzorde sustatzaile bat eratu dute prozesua gidatzeko, eta lantaldeak osatzen ari dira gaika antolatuko diren zereginetarako: ekonomia, kale presentzia, protokoloa, komunikazioa…

UROLA KOSTA

Datorren udaberrian egingo dituzte galdeketak Azkoitian, Getarian, Orion, Zarautzen, Zestoan eta Zumaian. 54.000 herritar bizi dira herriotan, eta tokiko batzordeak hasiak dira prestaketa lanetan: Ontziratu (Zumaian), Zarahitz (Zarautzen) Urrats (Azkoitian), Baliza (Orion), Brankan (Getarian)…

Azpeitiak, eskualdean galdeketa egiten lehena izanda, lekukoa pasatu die seioi. Hala mintzatu zitzaien Laxaro Azkune Hitzartuko kidea talde antolatzaileei: “Subiranotasun edo herri antolaketa auziak modu baketsuan, demokraziaren arauei jarraituz eta herritarron parte hartzean sakonduz bideratu behar dira, aukera guztiak errespetatuz eta posible eginez, erabakiak herritarron borondatean eta nahieran oinarrituz”. Azpeitian egin zuten moduan, berme gisa sinadurak bilduko dituzte sei herrietan, eta gutxieneko bat lortu ondoren deituko dute ofizialki galdeketara.

TOLOSALDEA

Eskualdeko 28 herrietan badute estatus politikoaren inguruko galdeketarako eguna: 2017ko martxoaren 19a, Oiartzualdekoen egun bera. 38 laguneko batzorde sustatzailea aurkeztu berri du Giltzarria dinamikak, eta eskualdean “ilusioa berreskura” dadin lan egingo dute —bideo bat sareratu dute jendea animatzeko—. Herri bakoitzeko ordezkari bana dago taldean, beste hamar lagunekin batera. Galdeketa “baldintza egokietan” egin dadin, sinadura bilketa jarriko dute martxan datozen asteetan, Gure Esku Dago-ren protokoloan zehazten den bezala.

DEBABARRENA

Datorren urtean antolatu nahi dute galdeketa Soraluzen. Duela bi aste aurkeztu zuten antolaketa taldea; hemezortzi lagun inguru bildu dira, “adin eta sentsibilitate ezberdinekoak”, baina taldea zabalik dago. Asteazkenero bilera egingo dute Elkargunean, eta 16 urtetik gorakoei parte hartzeko deia egin diete, “soraluzetarren esku” egongo delako Soraluzen ere herritarrei galdetzea. Lanean ari dira beste hainbat herritako batzordeak ere; Deba eta Mendarokoak, besteak beste.

Leave a Reply

Your email address will not be published.