“Egun ez dago alarma sozialik, baina droga kontsumitzen da”

“Egun ez dago alarma sozialik, baina droga kontsumitzen da”

Eider Bereziartua

Izan Fundazioko psikologoa da Esteban Perez (Donostia, 1958) duela 31 urtetik. Hainbat programa lantzen dituzte bertan, eta horietako bat da Gizakia Helburu. Drogen kontsumoak eragindako arazoen tratamendurako programa. Horren barruan, joan den asteazkenean Azkoitian izan zen Perez, Drogekiko mendekotasuna: ondorioak eta konponbideak hitzaldia ematen. Hitzaldi horren helburua fundazioak lantzen dituen proiektuen inguruko informazioa herritarrei zabaltzea izan zen.

Nola dago drogen gaia Gipuzkoan?

Drogaren arazoa, gaur egun, ez da hartzen arazo sozial moduan, ez da duela urte batzuk heroinarekin gertatzen zen bezala. Gaur egun ez dago alarma sozialik, baina droga oraindik kontsumitzen da. Guk uste dugu ez dela kontsumoa jaitsi, nahiz eta ez den lehen adina hitz egiten. Era guztietako menpekotasunak dituzten pertsonak tratatzen ditugu guk: alkoholikoak, kokainaren menpe daudenak, speedaren menpe daudenak eta abar.

Gaur egun, gainera, sortu dira substantzia gabeko menpekotasunak ere, hau da, ludopatiak. Ludopatiaren arazoa handia da gazteen artean. Esate baterako, Interneteko jokoekin, pokerrarekin eta apustuekin geroz eta jende gehiagok du arazoa. Guregana etortzen dira hori nola tratatu jakitera. Horretan ari gara orain, pixkanaka-pixkanaka. Guretzat oraindik arazo berria da, baina etorkizunean pertsona gehiago etorriko direla uste dugu.

Orduan, gizartean badago arazoa.

Bai, bai, arazoa existitzen da. Ziur aski, ez da horren inguruan hainbeste hitz egiten ez dagoelako alarma sozialik, baina arazoa existitzen da. Egun, gazteak eta ez hain gazteak daude drogei lotuta. Esate baterako, ostalaritzan edo tabernetako munduan badakigu alkohola eta kokaina daudela. 40 urte inguruko pertsona heldu asko ari dira guregana etortzen kokainarekin arazoa daukatelako. Speeda eta haxixa ere asko kontsumitzen dira. Urteekin substantzia aldatzen da, ez kontsumoa, ordea. Orain ez da lehen bezala heroina kontsumitzen; gaur egun, speeda, kokaina, alkohola eta haxixa daude hor. Estatistikoki ez dakigu jaisten edo igotzen ari den, baina arazoak hor jarraitzen du.

Zein profiletako jendea joaten da zuen hitzaldietara?

Lehenengo urratsa jendea etortzea izaten da. Batzuetan, hitzaldi horietara lotsarengatik-edo ez da inor etortzen. Badakizu zer gertatzen den batzuetan? Jendeak pentsatzen duela hitzaldira joateagatik beste pertsonek pentsatuko dutela etxean arazoak dituela eta horregatik joan dela. Aurreiritzi hori dago. Baina informazioa oso garrantzitsua da. Nik jendeari esan nahiko niokeena da aurreiritzi horiek ahaztu eta hitzaldietara azaltzeko. Guretzat hori da garrantzitsuena. Jendea informatzera etor dadila nahiko nuke, eta, etxean arazoren bat baldin badauka, guri azaltzeko. Ez nik han lan egiten dudalako, jendea kezkatuta dagoela badakidalako baizik. Adibidez, badakit gazteren batzuk kezkatuta daudela beren aitak alkohol asko edaten duelako, edo badira emakume pilo bat ere ezkutuka edaten dutenak… Jendea modu anonimoan hitzaldira azaltzea nahiko nuke, eta gero, pribatuan emango nieke gure telefonoa. Nahi duen jendeak edo behar duen jendeak inolako arazorik gabe dei diezaguke, eta guk erantzungo diegu.

Zuk, batez ere, alkoholarekin arazoa duten pertsonekin lan egiten duzu. Gaur egun, gizartean alkohola oso normalizatuta dago; ez dugu droga moduan ikusten. Arriskutsua da?

Droga legala da, noski. Guk beti esaten dugu: “Gauza bat erabiltzea da, eta beste gauza bat, abusatzea”. Alkohola modu normalean, neurriz edatea ez da arazoa. Pertsona askok edaten dugu asteburuetan afari batean edo bazkari batean, kopatxo bat edo bi kopa, pote bat edo bi pote. Eta hor printzipioz ez dago arazorik. Alkohola beti egon da bai hemen, bai Espainian eta baita Europan ere. Gainera, orain lehen baino kontzientzia handiagoa daukagu. Geroz eta jende gehiago etortzen da guregana errehabilitatzera.

Hala ere, gurera ez dira etortzen alkoholikoak deitzen diegunak bakarrik. Jendeak alkoholikoa entzuten duenean pentsatzen du kalean botata dauden pertsona horiez ari garela hitz egiten, baina alkoholarekin arazoak dituztenak ez dira alkoholikoak. Guretzat hori oso garrantzitsua da. Alkoholikoa hitzak estigmatizatu egiten du, baina mota askotako alkohol arazoak daude.

Nola eragiten du normalizazio horrek pertsonengan?

Guztioi ez digu berdin eragiten alkoholak. Adibidez, ni joan naiteke afari batera, zerbait edan eta ondoren etxera itzuli; autorik hartu gabe. Baina badaude beste pertsona batzuk autoa hartzen dutenak, parrandan jarraitu nahi dutenak, kalera irteten direnak… Hor sortzen da arazoa. Pertsonaren araberakoa da. Alkoholarekin arazoa dutenen eta ez dutenen arteko aldea da batzuek badakitela gelditzen, eta besteek ez. Hori da garrantzitsua. Noski, egunero alkohola edatea eta poteatzera irtetea arazo bihur daitezke. Baina, adibidez, nik astean zehar nire osasuna zaintzen badut, kirola egiten badut eta, gutxi gorabehera, neurrizko kontsumoa egiten badut, ez dago arazorik. Arazoa da pertsona askok edaten hasten direnean ez dakitela gelditzen. Hori geroz eta gehiago ari gara ikusten 30 eta 40 urte ingurukoen artean, eta horrek ondorioak ekartzen ditu. Eta ez pentsa egunero edaten duten pertsonez ari naizenik. Edaten dutenean burua galtzen duten pertsonak dira. Ondorioz, auto istripuak-eta izaten dituzte, eta kartzelara joateko arriskua daukate.

Zein adinekin hasten dira gaztetxoak alkohola kontsumitzen?

Prentsan ikusten ditugun datuak dauzkagu, baina guk, alkohol proiektuan behintzat, 18 urtetik gorako herritarrekin egiten dugu lana. Adinaren inguruan gauza asko ikusi ditut. Esate baterako, duela gutxi agertu zen 12 urteko neskato bat alkoholaren kontsumoaren ondorioz hil dena… Dirudienez, alkohola neurriz gain kontsumitzen hasten dira gaur egun gaztetxoak. Hemen beti edan izan dugu alkohola gaztetatik, baina orain dagoen arazoa da edateko beste modu bat daukatela. Ahalik eta azkarren txispatzea nahi izaten dute. Orduan, denbora tarte txikian edaten dute, eta alkohol askoko edariekin hasten dira. Edari destilatuak edaten dituzte: vodka, tekila, rona.

Zein dira droga menpekotasunaren ondorioak eta konponbideak?

Gehiegikeriaren ondorioak asko dira: arazo pertsonalak, osasun arazoak, lan arazoak, arazo psikologikoak, desoreka psikologikoak, lan galtzeak, familia arazoak, bakartze edo baztertze soziala eta abar. Konponbidea, berriz, errehabilitazioa da. Guk, esate baterako, era guztietako menpekotasunekin lan egiten dugu. Ez gara bakarrak, noski; programa asko daude. Baina guk 31 urte daramatzagu lanean, eta emaitza onekin, gainera. Gipuzkoako Izan Fundazioa ez da erreferente Gipuzkoan bakarrik, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainia osoan dela esango nuke. Lan asko eta formazioa dago atzean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.