Garagardoa oso da bidaiari kaskarra

Danel Agirre

Taberna perfektu batekin topo egin nuen lehengoan. Ezorduan eta ezlekuan izan zen, horrelako aurkikuntzekin beti gertatu bezala. Hotelera zeraman muinoa lanbroak estali zuela eta, taxi-gidariak bezperan gomendatutako lasterbidea hartuta nindoan. Harrizko eskailera luze bat igotzeak eragindako arnasestuari buelta eman ezinik nengoenean, argiztatu gabeko kale baten bukaeran izenik gabeko ostatu txiki bat antzeman nuen. Zapatu goizean egiteko apartekorik ez, eta bidetik zertxobait aldenduta bertaratu nintzen, azkenekoa bertan edateko asmoz. Atea zabaltzerako jakin nuen, hori bai, ni handik irten baino lehen bospasei azkeneko eroriko zirela.

Hogei metro karratu eskaseko egongela bat baino ez zen taberna perfektua. Lurra, hormak, sabaia. Guztiak zituen egurrezkoak. Zortzi lagun zeuden barra ttipiaren inguruan eserita, aulki bakarra zegoen niretzat libre. Okupatu nuenerako garagardoz betetako edalontzi txiki bat nuen parean. Nola izena nuen galdetu, eta tokata zaharreko diskoa aldatu zuen emakumezko bezero batek. Tabernariak garagardoa gustuko banuen pitxar oso bat aterako zidala hitzeman zidan. Erabaki baino lehenago beste argixeago bat ere emango zidala probatzera nahi banuen. Auzoko soto batean egiten dituzte garagardook, duela pare bat mende bai gutxienez, fraidez eta monasterioz betetako hiria zen hau aspaldi, eta jakingo duzu zurruterako ez dagoela fraidez eta monasterioz beteta egon zen hiria bezalakorik. Edalontzitik tragoxka eman, eta aurpegia ikusi zidanerako ekin zion tabernariak pitxar handiena betetzeari. Egurrezko bi upel zaharretan zituen garagardoak, eta lokaztuta erortzen ziren. Alimalekoak ziren. Bidaiari kaskarra da hau, esan zidan, zeharo petraltzen da urrutira eramanez gero, mikaztuta edo motelduta iristen da beti helmugara. Ez dizu inork inoiz inondik (“niemand, niemals, nirgendwoher”) ekarriko zure auzokoa baino garagardo hoberik. Eta zure auzoan horrelako garagardorik ez badu inork sotoren batean egiten, auzoa gaizki aukeratu duzulako da.

Taberna perfektuan geundenen artean ni nintzen gazteena, eta besteek Boston, ZZ Top eta Lynyrd Skynyrden biniloak ipintzen eman zituzten orduak. Diskoz betetako kartoizko kutxak arakatu, eta berrixeagoak —ez asko— zirenen artetik Talking Headsen bat aukeratu nuen nik. Barraren bueltan eseritakoen hurrengo erronda nire kontuan idazteko eskatu nion tabernariari. Ederki da, erantzun zidan, baina zure orain arteko guztiak ere ordaindu dituzte dagoeneko. Hotelera zein bide hartu behar nuen galdetu nion azkenik. Tokitara etorri zara, lehertu zen algara batean, auzo tranpatia da hau oso turistentzat. Axota hartu, eta argibideak xehe idatzi zizkidan hogei euro egiten ez zituen nire kontuaren atzean. Berokia, eskularruak eta txapela janzten ari nintzela, hirian noiz arte geratuko nintzen jakin nahi izan zuen. Astelehenean naiz itzultzekoa, igandeko saskibaloi derbiagatik nago hirian, zehaztu nion. Bihar arte, beraz, agurtu ninduen, lanbroarekin edo lanbrorik gabe taxi-gidariari gaizki ulertutako lasterbidea berriz hartuko nuenaz ziur. Bihar arte, erantzun nion nik, taberna perfektu bat topatu izanarekin liluraturik, eta auzoa gaizki aukeratu ote dudan zalantza jaio berriarekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.