“Hau da garaia Tolosaldeko osasun zerbitzua publifikatzeko”

“Hau da garaia Tolosaldeko osasun zerbitzua publifikatzeko”

Maite Alustiza

Bost urte dira Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma (TOPA) mobilizatzen hasi zela, baina azaroa “erabakigarria” izan daiteke: “Hau da garaia”. Bukatzear da Tolosako Asuncion klinikak eta Eusko Jaurlaritzak 2011n sinatu zuten hitzarmena, eta, plataformaren arabera, Jaurlaritzak orain du aukera ituna ez berritu eta osasun zerbitzua “publifikatzeko”. Tolosaldeko, Andoaingo eta Legorretako herritarrei eragiten die auziak: “Herritarrak ez dira ari arreta egokia jasotzen. Euskal Herrian 65.000 pertsonarentzako ospitale publiko bat ez duen eskualde bakarra gara; zergatik?”.

Osasun arreta publikoa eskaintzen du Asuncion klinikak, baina kudeaketa pribatua du, Inviza enpresaren esku. Plataformak dioenez, 2011ko hitzarmenaren helburua zen Tolosaldeko osasun zerbitzua gainerako eskualdeetakoekin parekatzea, baina argi dute ez dela lortu. “Langileek ahalegin handia eginda ere, zaila daukate gainerako eskualdeetan duten arreta ematea;ezinezkoa da”. Plataformak hainbat datu bildu ditu hori argudiatzeko. Batetik, langile kopuruan jarri du arreta, Asuncion klinikakoen eta Gipuzkoako gainerako eskualdeetako ospitale publikoen artean konparazioa eginez. “Sistema publikoaren batezbestekoa egin genuen, zenbat langile dituen, zenbat pertsonari ematen dieten arreta batak eta besteak… Publikoa balitz, klinikari osasun langileen herenak faltako litzaizkioke”.

Bestetik, mediku espezialisten falta salatu dute. Plataformaren arabera, espezialistak ez diren sendagileak espezialista lanak egiten aritu dira. “Hori publikoetan ez da egiten, lanpostua lortzeko nahi eta nahi ez espezialitatea eskatzen dizute eta”. Gaineratu dutenez, larrialdietan ere ez da behar bezalako arretarik ematen, espezialitateei dagokienez. “Larrialdietan atean egoteko mediku batzuk daude, baina, batzuetan, haiek beste mediku batengana bideratu behar zaituzte: guardiako traumatologoarengana, guardiako zirujauarengana… Publikoetan, ospitalean bertan egoten dira; hemen, berriz, lokalizatuta. Edozein kasutan, deitu egin behar zaie, baina ez zaie deitzen”.

Azpiegitura aldetik ere, TOPAk dio Asuncionek ez daukala baliabide nahikorik 65.000 herritarrei arreta emateko. Garbi du handitu egin beharko litzatekeela, eta horrela jaso zuen klinikak ere bere plan estrategikoan: “Planean agertzen da guztiz nahitaezkoa dela kalitatezko arreta bat emateko espazioak handitzea; larrialdietan, kirurgian, laborategian… Esaten zuten obra batzuk egin behar zirela, baina ez da ezer egin. Bost urte pasatu dira, eta ez dute adreilu bat ere mugitu”.

Urteotan, TOPAk hainbat bilera egin ditu erakundeekin: Jaurlaritzarekin, Gipuzkoako Aldundiarekin, Tolosaldeko alkateekin… Sinadurak bildu ditu, eta eskualdeko 300 osasun langilek babestu dituzte haren argudioak. “Baina, azken finean, Jaurlaritzak dauka zartagina eskuan, eta herritarrak mobilizatu egin behar dugu zerbait lortzeko”.

Lehenik, hitzarmenaren “fundamentuzko” ebaluazio bat egiteko eskatu dio TOPAk Jaurlaritzari, eta mahai bat osa dezala datuak biltzeko: “Hor eseri beharko lukete alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte taldeetako eta langileen ordezkariek, Osasun Sailak… eta banan-banan gauzak begiratuz joan”. Hitzarmenarekin jarraituz gero, “pribatizazioaren hasiera” gainontzeko eskualdeetara zabalduko dela uste dute. “Ospitale pribatu batek oinarrizko arau bat dauka: beretzat hartzen du iristen den diruaren zati bat. Hortaz, iristen diren hamar eurotik jabeak hiru hartzen baditu, zazpi eurorekin emango du arreta; publiko batera, berriz, hamar euro iristen badira, hamar horiekin ematen da arreta. Eta, hamar euro edukita, gertatzen zaigu besteek behar diren langileen herenak dituztela, behar bezalako espezialistak, behar bezalako azpiegiturak… eta guk ez”.

Publifikazioa, “posible”

TOPA sortu zutenerako, baziren hainbat eredu hitzarmen publiko-pribatuenak, Valentzian eta Katalunian, adibidez. Hor hartu zuten Tolosaldean gerta zitekeenaren “susmoa”. “Jendea ez zegoen batere gustura: atentzioaren kalitatea gutxitzen zela esaten zuten, lanpostu gutxiago…”. Valentziako Alzira ospitalea “eredu” izan da kudeaketa publiko-pribatuan, baina orain bertan behera geratuko da bi aldeen arteko ituna. Katalunian ere, Generalitatea bide horretatik ari da: “Kataluniako Ospitale Orokorra erosi nahi du, publifikatzeko”. Bi kasu horietan, orain arte zituzten hitzarmenak bukatu egin dira, eta, beraz, Tolosaldean ere orain ikusten dute aukera: “Ituna indarrean dagoenean egiten baduzu, ordaindu egin behar duzu. Orain, Jaurlaritzak hau esan behar dio enpresari: ‘Ez dizut ituna berrituko, eta klinika erosiko dizut'”.

Euskal Herrian ere badira kasuak; Osakidetzak bere egin ditu hainbat osasun zerbitzu: “Debagoieneko ospitalea kooperatibena zen. Momentu jakin batean, Osakidetzak esan zuen ospitale bat behar zuela, ados jarri ziren, eta haren jabe egin zen. Bizkaian ere berdin, San Eloyrekin [Barakaldo]: labe garaikoena zen, behar zuten, eta erosi egin zuten. Posible izan da erostea, eta da”.

Herritarren jarrera

“Herritarren presioari esker” Jaurlaritzak zituen hainbat asmo gelditzea lortu dutela diote plataformako kideek. “Espezialitate guztiak Asuncionera eraman nahi zituzten, eta gutxienez espezialitate medikoak osasun zentroan geratzea lortu dugu. Horrez gain, lehen, larrialdietarako bi aukera genituen: Donostiako Ospitalera joatea edo Asuncionera. Hori debekatu nahi zuten, baina eustea lortu dugu”.

Osakidetzak erakunde sanitario integratuetan (ESI) sailkatzen du bere sistema. Egitura horrek bere barruan hartzen ditu eskualde mailako ospitale bat eta ospitale hori elikatzen duten osasun zentroak. Tolosaldekoaz gain, Gipuzkoan beste bost daude: Donostialdea, Goierri-Urola Garaia, Bidasoa, Debabarrena eta Debagoiena. Plataformak konparazioa egin du Donostiara jotzen duten erabiltzaileen artean: “Donostia Ospitalean ematen diren eta Donostialdeko ESIari ez dagozkien senda-agirien %45 Tolosaldekoak dira. Gehien jota %20 tokatuko litzaiguke…”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.