Iritsi zaie eguna sanmartinei

Iritsi zaie eguna sanmartinei

Maite Alustiza

Azaroaren bigarren asteburuan San Martin feria ospatzen dute Euskal Herriko hainbat herritan. Gipuzkoan ere, jai giroan murgiltzen dira San Martin egunaren bueltan, herri zein auzoetan: Ataunen, Zegaman, Araman, Urretxun, Gaintzan, Aian, Errezilen, Villabonan, Alkizan, Amezketan…

Feria entzutetsuenetako bat Zegamakoa da. Joan den asteazkenetik etzi bitarteko egitaraua prestatu dute, baina biharko eguna izaten da jendetsuena, azoka eguna. 09:00etatik 18:00etara, jarduera ugari prestatu dituzte bihar: eskulangileen produktuen azoka, Tolosako babarrunaren eta txakolinaren dastatzea, pilota txapelketa… 18. aldiz, Aizkorri-Aratz parke naturaleko gazta lehiaketa egingo dute. Idiazabalgo gaztaren eta Artzai Gaztaren 25 ekoizlek baino gehiagok parte hartuko dute sariketan, gehienak gipuzkoarrak. Iazko irabazlea lehian ariko da, Galarretako (Araba) Azkarra SC, eta baita hainbat urtetan txapeldun izan diren gipuzkoarrak ere: Aranburu elkartea (Idiazabal), Arantxa Segurola (Legazpi), Aizpea gaztandegia (Olaberria)… Aizpea gaztandegiak, adibidez, sari nagusia irabazi berri du Gernikan (Bizkaia), urriko azken asteleheneko azoka jendetsuan.

Azken urteetan bezala, gaztenaz gain herriko abereen erakusketa eta lehiaketa ere izango dira. Horretan, ardiak, bildotsak, arkumeak, zaldiak, arraza ezberdinetako behiak, behorrak, zezenak eta abarrak egongo dira frontoitik Urgainberri auzora bitarteko eremuan. Eguerdi partean izango da sari banaketa.

Jaiak Ataun eta Errezilen

Errezilen sanmartinak dituzte herriko jai ofizialak. Festa goizetik hasiko da, baina gaur 20:00etan botako dute txupinazoa azokako andreek. Egunean zehar mus txapelketa, pilota partidak, sagardo eta pintxo dastatzeak, haurrentzako zinema eta beste izango dira. Gauetan, berriz, kontzertuak: gaur, Elizagoien ahizpak, eta, bihar, Lidia eta Itzederren erromeria. Azoka ere antolatzen dute sanmartinetan, eta herriko baserritar ugarik parte hartzen du etxeko produktuak salgai jarriz —igandean izango da, 11:30ean—. Asteburu honetatik aparte, azaroaren 20rako erretiratuen eguna antolatu dute, sanmartinetako egitarauaren barruan.

Ataunen ere urteko jai nagusiak dituzte sanmartinak. Herriko sukaldari taldeko kideek botako dute txupinazoa gaur, eta hiru egunetan ekitaldi ugari egongo dira: artzain txakurren lehiaketa, kuadrillen eta erretiratuen bazkaria, toka txapelketa, mozorrotuen juntadizoa, kontzertuak… Igandeko ekitaldi nagusienetako bat mondeju txapelketa izango da, 12:30ean, San Martingo plazan. Herri mailako lehiaketa da, eta hainbat irizpide erabiliko ditu epaimahaiak puntuaziorako: usaina, zaporea, ebaketa… Jentilbaratza kultur elkarteak antolatu du, eta jarraian pintxoak dastatzeko aukera izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.