Ukuilu bat palazio bilakatzen denean

Ukuilu bat palazio bilakatzen denean

Itzea Urkizu Arsuaga

Ia hiru hamarkada egin behar da atzera Burgiko (Nafarroa) Elizpe elkartearen sorburura itzultzeko. Tolosako San Bernardo eskaut taldeak Erronkari eskualdera txangoak egiteko ohitura zuela eta, taldeko zenbait kide maitemindu egin zen Pirinioen magaleko paraje harekin, eta etxe baten bila hasi ziren, hiritik mendirainoko zubi sendoak eraikitzeko. Bada, pentsatu, esan, eta egin: Burgiko elizaren azpiko ukuilu zaharra aukeratu zuten tolosarrek beren habia ontzeko.

Kokapenetik etimologia sortu, eta Elizpe izenez bataiatu zuten datorren abenduan 25. urteurrena beteko duen elkartea.

Jose Inazio Otermin, Jose Inazio Malkorra eta Joxelu Andueza izan ziren sustatzaile nagusiak, eta, zenbait lagunen babesarekin, ideia proiektu bilakatzea lortu zuten, Martin Barriola egungo diruzainak azaldu duenez: “Hainbat eraikin begiratu ondoren, azkenean merkeena hartu genuen. Hori bai, eraberritze lanetarako baliatu genuen aurrekontuaren zatirik handiena”.

Konponketekin hasi bezain pronto, Burgiko Udalarekin lehen harremanak izateko garaia ere iritsi zen, eta ez zen hasiera erraza izan tolosarrentzat: “Elizpeko kaleak ez zuen isurbiderik: 40 metro beherago zegoen. Horregatik, kaleko harri guztia altxatu behar izan genuen hodia sartzeko. Lehen esku hartze haren ondoren, ordea, konturatu ziren lanak gaizki egin zituztela, eta bigarrenez altxatu behar izan zuten kalea. Guztia guk ordaindu behar izan genuen, eta zertxobait haserretu ginen”, dio Barriolak.

Burgiarrek hasieran beldurra edo susmo txarra zutela diote tolosarrek, eta “erabat” ulertzen dute errezelo sentimendua. Lehen hilabeteetako hoztasun hark, ordea, zenbait pasadizo kontatzeko aukera eman die gerora: “Negua zetorren, eta egurra behar genuen. Gu, noski, kalekumeak ginen, eta udalak egurra emango zigula pentsatu genuen, urtero egiten zuen enkantean. Alkatearengana joan ginen, eta gogoan dut belarra mozten ari zela. Egurra eskatu, eta zera erantzun zigun, gipuzkoarrok diru asko genuela, eta ez zigula egurrik emango”.

Almadiaren zubiak

Hasierako tentsio txikiak segituan uxatu zituzten, ordea, tolosar zein burgiarrek, eta, mende laurdenaren bueltan, nortasun agirian bi herriren izena jartzeko moduan dira zenbait: “Harreman oso ona sortu da, eta gutako batzuk auzolanean aritu izan dira bertakoekin, izoztegia eta txondorra konpontzen. Duela hiruzpalau urte, Dani Telleria almadiazain gisa irten zen Almadia Egunean”.

Joxelu Andueza izan zen maiatzaren 1eko ospakizunean buru-belarri parte hartzen hasi zena, eta, hark irekitako bidetik, gaur egun dozenaka tolosar bertaratzen da Burgira Almadia Egunean: “Oso integratuta zegoen, eta antolakuntzan hasi zen, trafikoan laguntzen-eta. Geroztik, ahoz ahokoarekin, nolabaiteko ohitura sortu da hara joateko”, dio Barriolak.

Almadien aitzakian piztutako parrandatik indarberritzeko, Elizpek aterpe ematen die tolosar horietako askori. Izan ere, garai batean ukuilu izandakoa palazio ederra da gaur egun: “Beheko solairuan elkartea edo txokoa daukagu, eta sukaldea, jangela, egongela eta tximinia ditu. Horrez gain, lau logela ditu, 26 literarekin”. Uzturre, Txindoki, Petretxema eta Belagua logelak ederki aprobetxatzen dituzte, gainera, udan, udaberrian eta eski sasoian; batez beste, 700 egonaldi baino gehiago izaten dira.

Hamazazpiren bueltan

1991ko abenduaren 29an inauguratu zutenez geroztik, Elizpe elkarteak 17 bazkide izan ditu beti, gaurdaino. Elkarte gastronomikoen gisara antolatzen dira, eta 25 urteotan kuota bera ordainduz egin dute aurrera, gastuak eta egin beharreko eraberritzeak ordainduz.

Belaunaldi aldaketarekin bat eginda, garai berriak iritsi ziren Elizpera, eta gaur egun hiru emakume dira bazkideen artean; zendutako kideen edo elkartea utzi duten kideen senideak dira. Gazteek, ordea, ez dute sortzaileen grina bera sentitzen Pirinioen altzora bertaratzeko; hala uste du, behinik behin, Barriolak. “Haurrak txikiak zirenean, beti haiekin joaten ginen, lagun artean; ia guztia berria zitzaigun garai hartan. Lehen haur zirenak gazte dira orain:beste bizimodu bat dute, eta ez dute halako ohiturarik Burgira joateko”.

Behinola mahaiaren bueltan mamitutako ideia ameslaria zilarrezko urtemuga betetzear dago, eta efemeridea ere mahaiaren bueltan ospatuko dute, abenduan: “Afariren bat egingo dugu, eta ekintza bereziren bat prestatzea ere buruan darabilgu; argazki erakusketaren bat izango da, ziur aski”.

Hamazazpi kideren bueltan gorpuztutako etxea izanagatik, Elizperen 17 sortzaileek ez zuten sekula lortu egun eta ordu berean elkartzea. Orain, desio bakarra dute: mende laurdenak arantzatxoa ateratzea, eta belaunaldi berriek Tolosatik Burgira doan zubirik ez eraistea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.