Iruditan jasotako indusketak

Iruditan jasotako indusketak

Maite Alustiza

“Zer dakigu Kabulen duten bizimoduaz talibanen erorialdiaren ondoren? Eta turismoak Kanbodian dituen ondorioez? Eta Panamako egungo biztanleen identitateaz?”. Halakoei eta beste hainbat galderari erantzuna ematen ahaleginduko da Bidasoaldeko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa. Bihartik azaroaren 26ra bitarte, Irunen eta Donostian jatorri ugaritako lanak ikusi ahal izango dira: Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Txile, Serbia, Italia, Grezia, Polonia, Portugal, Danimarka, Turkia, AEBak…

Guztira 38 lan emango dituzte —horietako hiru euskaraz—, lau sailetan banatuta: Sail Ofiziala, Hezkuntza saila, Off Ficab —itsasoarekin zerikusia duten filmentzat—, eta CBA saila — emakume arkeologoen inguruan—. Sari banaketa azaroaren 26an izango da, Oiasso museoan, 12:00etan. Saio guztietarako sarrera doakoa da.

‘EUSKAL BALEZALEEN TRISKANTZA’
Bihar, 19:00etan, Donostiako Aquariumean

Gogoan ekoiztetxeak eta Suhar arkeologia taldeak elkarlanean egindako lana da. 1615ean Islandian hil zituzten 32 euskal balea arrantzaleen istorioa kontatzen du; hilketa hura ikertzea dauka helburu dokumentalak. Bueltako bidaia egitera zihoazenean, itsaso zakarrak baleontziak hondoratu zituen, eta ordura arte nekazari eta abeltzainekin izandako harremanak aldatu egin ziren: elkarri trukatzeari utzi, eta elkarri lapurtzen hasi ziren. Abentura tragedia bihurtu zen. Dokumentalak bi kontaketa harilkatuko ditu: ikertzaileen bilaketaren istorioa azalduko du; eta, horrekin batera, gertaera historikoaren narrazioa egingo du, marrazki bizidunen eta animazioaren bidez. Off Ficab sailaren barruan emango dute.

‘ANTXIETA TALDEA, ARKEOLOGIA PASIO’
Asteartean, 11:05ean, Irungo Amaia KZ gunean

1965ean sortu zuten Antxieta arkeologia taldea, Azpeitian. Gaur egun bederatzi lagunek osatzen dute, eta igandero miaketak egitera ateratzen dira Urola ibarrera, aztarnategi berrien bila. Urteotan hainbat aurkikuntza garrantzitsu egin dituzte; adibidez, Danbolinzulon, Erlaitzen, Astuigainan, Ezkuztan eta Ekainen. Azken horretan, margolan paleolitikoak aurkitu zituzten 1969. urtean, eta aurkikuntzan parte hartu zuen Rafael Rezabalek nola gertatu zen kontatuko du ikus-entzunezkoan. Elhuyar fundazioak ondu du lana, Iñaki Leturia zuzendariaren eskutik. Hezkuntza sailaren barruan eskainiko dute.

‘BASKONIAKO HERRI GERRARIAK’
Asteazkenean, 11:00etan, Irungo Amaia KZ gunean

Euskal historiaren gaineko “ikuspegi kritiko eta eguneratua” dakar. 2.000 urte baino gehiago egiten du atzera, Burdin Arora. Garai hartan, baskoiak, barduliarrak eta korintoarrak bizi ziren Euskal Herrian, eta jende primitiboa zirela uste izan den arren, herri aurreratua eta garatua ziren: lehenengo kokaleku harresidunak eraiki zituzten, eta herri handietan elkartu ziren. Signo Digital ekoiztetxeko Josu Venero aritu da errealizazio lanetan, Alberto Santana historialariarekin elkarlanean. Baskoniako historia bat dokumental sortaren parte da, eta zinemaldiaren Hezkuntza sailean sartu dute.

‘ADITUEK DENBORA GAINDITZEN DUTE’ BILDUMA
Asteartetik ostiralera, Irungo Amaia KZ gunean

Hezkuntza sailaren barruan, animazioko bost lan labur aurkeztuko ditu Frantziako Doncvoila ekoiztetxeak, frantsesez. “Modu didaktikoan” eta marrazki bizidunen bitartez, historiako hainbat garaitan barna egingo du bidaia, Homo sapiens-en historiaurretik hasita —asteartean izango da lehen atala, 11:00etan—. Saio horretan, Homo sapiens-en sekretuak, haren lehen arte adierazpenak eta arkeologoen lana ezagutzeko aukera egongo da. Egun horretan, 11:30ean, Neolitoari eskainitako atala emango dute. Garai horren ezaugarri nagusia da nekazaritza eta abeltzaintza hasi zirela, eta horretan zentratuko da film laburra.

Ostegun goizean saio bikoitza izango da, 11:05ean hasita. Lehen atalean, antzinako galiarrak izango dira protagonista; nortzuk ziren, zer egiten zuten, nolako herriak zituzten eta beste hainbat bitxikeria ezagutu ahal izango dira. Bigarren atalak erromatarren Galia jorratuko du. Bosgarren eta azken emanaldia ostiralean izango da, 11:50ean, Erdi Aroari buruzkoa.

SAIL OFIZIALA
Astelehenetik ostegunera, Irungo Amaia KZ auditoriumean

Hamalau lan lehiatuko dira zinemaldiko Sail Ofizialean. Bost lagun ariko dira epaimahaian: Juan Santos Yanguas, Gamma Fortea, Iñaki Garcia, Juliette Gracias eta Ramon Rodriguez. Astelehenean abiatuko dute, 19:00etan, eta, irekiera ekitaldiaren ondoren, Homo Sapiensak zinema egiten zuenekoa emango dute, frantsesez. Pascal Cuissot eta Marc Azema frantziarren lanak galdera bat planteatzen du: “Astakeria al da esatea zinema Paleolitoan asmatu zela, duela 20.000 urte?”. Erantzuna: animazio zinemaren “era primitibo bat” antzeman dute garai hartako haitzuloetako margoetan.

Asteartean, 19:55ean, Poloniako historiaren “enigma handienetako bat” jorratuko du Zdzislaw Cozacen Dinastiaren ezkutuko sorburua lanak —ingelesez da—. Arkeologoek, biologoek eta zientzialari informatikoek lan egin dute misterioa argitzeko: zein zen Mieszko I.a Poloniako lehen printzearen jatorria.

Asteazkenean, Tresminasko urreari buruzko dokumentala aurkeztuko du Portugalgo Rui Pedro Lamyk, 20:00etan. Erromatar Inperioko urre meatze garrantzitsuenetako bat izan zen. Horrez gain, Afganistango Mes Aynak arkeologia eremua ezagutzeko aukera izango da, ostiralean, 19:20ean. “Arrisku larrian” dago, talibanen erasoen eta kobrea ustiatzen ari den Txinako enpresa baten mehatxupean. Soilik %10 induskatu ahal izan dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.