Akordio “osasuntsu” batekin

Akordio “osasuntsu” batekin

Maite Alustiza

“Oraindik garaiz gaude. Izan ere, inoiz ez da berandu segurtasuna areagotu eta osasunarentzat eragin txikiena duen hondakin tratamendua bilatzeko”. GuraSOS guraso taldeak argi du badagoela erraustegia ez den beste alternatibarik. Horregatik, “osasuna eta adostasuna” aldarrikatuko ditu bihar, Donostiako kaleetan: 17:00etan hasiko da manifestazioa, Araba parketik, eta, Alderdi Ederrera arteko bidean, akordio “osasuntsu bat” eskatuko dute: “Bistan dago hondakinen kudeaketa gatazkatsuak irtenbide azkarra behar duela Gipuzkoan, ezin baita gehiago atzeratu”. GuraSOSen arabera, akordio batek bi “arazori” emango lieke irtenbidea: hondakinen kudeaketari, batetik, eta “gizarte kohesioaren gabeziari”, bestetik: “Eskarmentuak erakutsi digu gehiengo politikoak eta irtenbide alderdikoiak alferrikakoak direla, baldin eta gizartea zatitzen badute”.

Zortzi puntuko bide orria aurkeztu berri du guraso taldeak. Lehenengo puntuak honela eskatzen du: hondakinak kudeatzeko azpiegituren lizitazio eta kontratazio prozesuetan atzera egitea edo haiek geldiaraztea. Era berean, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Integrala berrikusi beharko litzatekeela uste du GuraSOSek. Dioenez, azken berrikuspena 2008an egin zen, eta “beranduenez” 2014an berrikusi behar bazen ere, ez dute hala egin.

Maiatzaren 7an sortu zuten GuraSOS, Zubietako errauste plantak osasunean eta haurrengan izan ditzakeen ondorioez kezkatuta. Taldearen datuen arabera, ia 70.000 haur eta gaztek ikasten dute erraustegiaren eragin eremuko 201 ikastetxeetan. OEIT Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko ordezkariak ere “kezkatuta” agertu dira aste honetan plantak osasunean izan ditzakeen eraginekin. Haien arabera, legez onartzen den baino 250 aldiz merkurio gehiago isuriko du erraustegiak.

Maiatzetik hona 15.400 lagunen baino gehiagoren atxikimendua jaso du GuraSOSen manifestuak. Gainera, alor ugaritako ehundik gora lagunen babesa jaso dute; tartean daude aktoreak, kirolariak, musikariak, kazetariak… Biharko manifestaziorako deia egin, eta parte hartzeko eskubidea defendatu du Garbiñe Biurrun epaileak: “Nola ukatuko zaigu deliberazio parte-hartze prozesu bat hasteko eskubidea? Hori ukaezina da. Beti da garaia gure etorkizunaz mintzatzeko, eztabaidatzeko eta erabakitzeko. Eta, jakina, eskubide hori guri dagokigu, eta aitortu egin behar zaigu”. GuraSOSek bere bide orrian proposatzen du mahai sozial bat eratzea herritarren elkarte eta mugimenduen presentziarekin; eta, horretaz gain, mahai tekniko bat osatzea, osasun publikoaren arloan eta hondakin kudeaketan aditu direnekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak abenduaren 27an erabakiko du Zubietako erraustegia nork kudeatuko duen —lanak 2017 hasieran hasi nahi dituzte, eta 30 hilabeteren barruan amaitu—. Hori jakinda, Zubieta inguruko herrietan ere mobilizatzen ari dira. Usurbilen, Erraustegiaren Aurkako Taldeak batzar irekia egingo du azaroaren 29an, 18:30ean, Potxoenean. Beharrezkotzat jo dute “erantzun irmo bat emateko” antolatuta jarraitzea, “errauste plantaren mamua gain-gainean baitago”. Zubietako hainbat herritarrek “inposiziorik gabeko irtenbide bat” eskatu dute, eta Lasarte-Oriako Aire Garbia plataformak maindire zuriekin irudikatu zuen plantaren kontrakotasuna, joan den larunbatean.

Leave a Reply

Your email address will not be published.