Ankerrak, baina modernoak oso

Danel Agirre

Donald Trumpen garaipenaren harira, egunkarietan nonahi topatu dut post-egiaren aroan sartu garen iragarpena. Egun, politikariek ez dituzte arazo eta premisa errealak aurkeztu behar segidan irtenbideak saltzeko (lehen bai, antza). Ziriak ere erraz topatzen omen du bidea, ziria jarraitzaileen ezinikusi eta fobiekin bat badator. Errepublikanoen %43 Obama musulmana dela sinetsita bizi direnez, Trumpek nahi adina lukainka partitu ahal izan du kanpainan, hautesle mordoa lukainka jateko irrikan zegoelako.

Espainiako analistei irakurrita jakin ahal izan dut, gainera, euskal politika izan zela post-egiaren bolada horretan aitzindari. Hamarkadak daramatzate boto-emaile abertzaleek ere ETAk eraikitako gezurrak pozarren irensten, agidanez. Espainiak Euskal Herriari kalte egiten dion ilusioa eraiki zuen komunitateak aspaldi. Terroristek gertakari guztiak post-egiaren iragazkitik pasa eta erraz jarraitzen dute trukatutako merkantzia zabaltzen. Aurreiritziz jositako eta sena primarioetan oinarritutako ideologiekin eroso bizi da jendea bailaretan. Errealitatea (Espainiaren zintzotasuna) onartzeak eragingo lukeen asaldurari aurre egin baino, nahiago dute tribuko partaideek fabrikatutako ziriak irensten jarraitu.

El Mundo-ko zutabegile ileurdin batena da azterketa, eta ontzat ematea komeni delakoan nago ni. Behin ETA desagertuta ezarriko den kontaketan (egian sustraitua, eta ez post-egian, beste batzuenaren moduan) borrero, konplize eta terrorismo etnikoaren biktimek osatu hiru talde zurrunetan banatuko dituzte euskal herritarrak. Erruaren zama betiko arrastaka eraman beharko duten bi multzoentzat bada kontsolamendua taktika politiko berritzaileak darabiltzatela onartu izana. Hiltzaile edo hiltzaileen laguntzaile izatea ez baita hain karga astuna, Donald Trumpek munduko hauteskunde garrantzitsuenak irabazteko zure taktikak erreplikatu dituenean. Makurkeriak ez luke bekatu larriegia izan behar berrikuntza politikoen olatuaren aparrean doazenentzat (modernoenak tribalak izanda, ez da lorpen makala).

Analista espainiarren gogoetetan murgildu eta argiegi geratu ez zaidana da zergatik bilatu duen Trumpek inspirazioa ETAn, nolatan bururatu zaion post-egiaren aurkikuntza lokal hori moda global bilakatzea. Gero gogoratu dut Idahoko errepublikanoek euskal preso politikoen aldeko mozioak aurkeztu izan dituztela. Haietako batekin hitz egingo zuen aholku bila presidente berriak kanpainan hasterako, akaso. Ni orain Marine Le Penen diskurtsoak aztertzen hasi naiz. Trumpek irabazi duenean estrategia politiko moderno eta maltzurrenak Euskal Herrian asmatutakoak direla jakin badugu, ziur Frantziako ultraeskuinaren etorri guztia ere ez dela originala. Terroristei zer kopiatzen ari diren kontatuko dizut, detektatu bezain pronto. Espainiako zutabegileei aurre hartuko diet horrela, kazetaritzako berrikuntzen olatuaren aparrera igota.

Leave a Reply

Your email address will not be published.