[Museora] Luberri. Paleozoikotik gaur arte

[Museora] Luberri. Paleozoikotik gaur arte

Eider Goenaga Lizaso

Geologia, Paleontologia eta Lur Zientzien azterketa eta zabalkundeari eskainitako interpretazio zentroa da Luberri, eta Aranzadi zientzia elkarteko geologia saileko kide Jose Angel Torresek eta Klara Gutierrezek (Donostia, 1959) sortu zuten, 2003an. “Museo bat da berez, baina jendearengana hurbiltzea xede duen museo bat da hau. Ez dugu izan nahi soilik bertan dauden piezak ikusteko museo bat, gure helburua erakustea baita, zabaltzea, azalpenak ematea, interesa piztea…”.

Izan ere, Gutierrezek azaldutakoaren arabera, bere senar Jose Angel Torresi geologiak pizten zion grinaren eta interesaren emaitza da Luberri. “Haren bidez, ni ere harrapatu ninduen geologiaren mundu honek”. Urteak zeramatzan Torresek mendian bildutako pieza eta espezimenak biltzen. “Etxean bilduma oso inportante bat genuen, pieza askorekin, eta iruditu zitzaigun interesgarria izango litzatekeela guk bildutako hori jendeari erakustea eta zabaltzea”. Oiartzungo alkate Jon Inarrari aurkeztu zioten esku artean zuten egitasmoa, eta udalaren babesa jaso zuten museoa sortzeko.

Bi areto

Luberri bi aretotan banatuta dago. Aretoetako batean Euskal Herria hartzen dute bere osoan. “Areto horretan dauden piezen bidez, azaltzen dugu nola sortu zen gure lurraldea; Paleozoikotik —duela 542 milioi urtetik 251 milioi urtera— Kuaternariora bitarte, gaur egun arte. Garrantzi handia dute itsasoan bizi ziren animaliek, garai batean dena itsaspean baitzegoen, eta fosilen bidez joaten gara azalduz nola sortu zen gure lur hau, azalpen geologikoekin”.

Bigarren aretoan, Oiartzuni lotutako geologia aztertzen dute. “Izan ere, Oiartzun oso berezia da, geodibertsitate handiko eremua delako. Zortzi kilometroko ibilbide batean, bidegorritik atera ere egin gabe, bilakaera guztia aurki dezakegu: Paleozoikotik hasi eta Era Kuaternariora bitartean”.

Halako ikastegia hain gertu edukita, Gutierrezek dio museoan egiten dituzten bisitak bezain garrantzitsuak direla museotik kanpo egiten dituzten jarduerak eta bisitak, eta jendeak asko estimatzen dituela. Irailean egin zuten azkena, talde batek antolatutako mendi ibilbide bat aitzakia hartuta. “Neguan zailagoa da, baina berriro ere udaberrian hasiko gara egiten”.

Geologia, nahieran

Luberrira egiten diren bisita guztiak bisita gidatuak dira, eta taldeetan joaten diren bisitarientzat berariaz prestatutako bisitak eskaintzen dituzte. “Ikastetxe batek deitzen badu, haiek lantzen ari diren gaien araberako bisita prestatzen dugu. Izan daiteke barruan, edo izan daiteke kanpoan; bisitan txango bat egitea nahi badute, txangoa antolatzen dugu. Jarduera bereziak edo tailerrak ere antolatzen ditugu ikasleentzat. Eta berdin taldeka etortzen diren familiekin ere. Zein adineko umeekin datozen kontuan hartuta atontzen ditugu bisitak; adinari egokitutako azalpenak eta gaiak lantzen saiatzen gara. Ezin dira azalpen berdinak eman umeentzat eta helduentzat. Beraz, geologia nahieran eskaintzen dugu”.

Luberrin dituzten piezak askotarikoak dira; dinosauroen fosilak, dinosauroen aurreko izakien eta landareen fosilak, harriak, mineralak… Eta denek beren balioa dutela nabarmendu du Gutierrezek. “Azkenean, guretzat balioa dutenak informazioa ematen diguten piezak dira; berdin du txikiak eta itsusiak izatea”. Dena den, ez du ukatzen dinosauroen gaia dela jende gehien erakartzen duena. “Jendearentzat erakargarritasun berezia dute dinosauroek, eta ez bakarrik umeentzat. Baina hori oso ondo dago; izan ere, amu horri eutsita, geologian barneratzeko urratsa egiten dute. Dinosauroetatik abiatuta, gainerako guztia azaltzeko bidea ematen digu”.

Ildo horretan, museoan duten pieza garrantzitsuenetako bat Olatzagutian (Nafarroa) topatutako mosasauroaren burezurraren zati bat da. “Ez da berez dinosauro bat, itsastarra baita, baina bada dinosauroen garaikoa; Kretazeoko itsasoko narrasti erraldoi bat da [18 metro arteko mosasauroen fosilak agertu izan dira]. Eta garrantzitsua da, horrelakoen fosilak ordu arte ez zirelako aurkitu Maroko baino iparralderago. Eta hemen, Euskal Herrian, pieza bat aurkitu zen”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.