Legorreta. Parkea, plaza eta gurasoak kezka iturri nagusi

Eider Goenaga Lizaso

Legorreta aurten sartu da Ueman, eta, sartzearekin batera, udalean euskara plana landu eta herritarrekin arnasguneen tailerrak egin dituzte. Tailerretan, herritarren kontzientziazioa landu eta euskararen ahulguneak identifikatu zituzten. Izan ere, ezagutzan ez ezik, lehen hizkuntza euskara dutenen batez bestekoa zein etxean euskara erabiltzen dutenena nabarmen jaitsi da Soziolinguistika Klusterrak egindako neurketetan —2001ean eta 2011n egin ziren azken biak—. Hamar urtean euskaldun kopurua %75,1etik %69,8ra jaitsi zen. Lehen hizkuntza gisa euskara dutela aitortu zutenen kasuan, %69,9tik %57,1era; eta etxeko hizkuntza nagusi zutenen artean, berriz, %63,8tik %44,2ra. Hirugarren aldagai horretan izan zen jaitsiera handiena, 19,7 puntukoa —Hego Euskal Herriko herri euskaldunetan batez besteko jaitsiera 8 puntukoa da—.

Eneritz Albizu Uemako teknikaria aritu zen tailerretan koordinatzaile gisa, eta azaldu du herritarrek ez zituztela espero datuok. “Egoera aztertzen hasita, ordea, konturatu ziren baietz, hori zela errealitatea. Kalean ere gaztelera uste baino gehiago entzuten dela aitortu zuten”. Parkea, plaza eta gurasoak nabarmendu zituzten kezka iturri nagusi gisa, horietan gazteleraz euskaraz baino gehiago entzuten delako. “Parkeena herri askotan errepikatzen da. Gurasoek umeei euskaraz egin arren, haien arteko elkarrizketak, inertziaz, gazteleraz izaten direla orokorrean, guraso denak euskaldunak izan arren”. Horri lotuta, Uemak tailer berri bat sortu du, non 6-11 urte arteko haurrek gurasoen hizkuntza ohiturak aztertzen dituzten. Asteburuan, Zaldibian eta Zerainen egingo dute.

Leave a Reply

Your email address will not be published.