[Museora] Ekogunea. Ingurumenaren parkea

[Museora] Ekogunea. Ingurumenaren parkea

Eider Goenaga Lizaso

Kontsumoa, landa garapena, garapen iraunkorra, ura eta energia, baratzezaintza ekologikoa, birziklatzea… Kutxa Ekoguneak bere baitan batzen dituen kontzeptuak eta lan ildoak dira, eta Hernanin lantzen dituzte guztiak. Kutxa fundazioaren Ingurumen atalak 2011n sortu zuen Ekogunea. Baina museo bat al da Kutxa Ekogunea? Interpretazio zentro bat da? Ikergune bat? Umeentzako jolastoki bat? Nora Askargorta (Bergara, 1970) komunikazio arduradunak dioenez, ez zaio erraza egiten Ekogunea sailkatzea. “Museo bat ez da, eta ikergunearena gustatzen zait; baina ez nintzateke ausartuko etiketa bat jartzen. Araztegia eta bioeraikuntzak kanpoan daude, eta panel informatiboekin egin daiteke bisita; gero, baratze eskola edo baratzearen interpretazio zentroa ere badugu, eta hori ere bisita daiteke, informazio panelen bidez. Parke ireki bat denez, jende asko etortzen da paseatzera eta bisita modu librean egitera”. Berezia da, beraz, Ekogunearen eskaintza, bertan ikus daitekeen guztia (haur parkea kenduta) doan bisita daitekeelako, edozein unetan.

Baina, Askargortak azaldutakoaren arabera, bere indarra, batik bat, ingurumenari buruzko kontzientziazioan du jarria Ekoguneak, eta hori bisita gidatu, tailer eta ikastaroen bitartez egiten dute. “Noski, guk jende guztia gonbidatzen dugu nahi duenean gure parkean paseo bat egitera; baina argi dago, hemen daukagun guztia hobeto ulertu eta ezagutzeko, bisita gidatuak eta tailerrak ezinbestekoak direla”. Lau bisita mota egiten dituzte; bat orokorra, parke osoa ikusteko prestatua; eta beste hirurak, gai bakoitza modu sakonagoan aztertzeko atonduak (araztegia eta ibaia; bioeraikuntzak edo eraikuntza ekologikoak; eta baratze parkea).

Umeen parkean

Bisita gidatuak, aurrez eskatuta edozein egunetan egin daitezkeen arren, normalki asteburuetan egiten dira, eta bisitarietako asko familiak direla azaldu du Askargortak. Horregatik, taldean etortzen direnentzat, guraso eta umeei egokitutako eskaintzak egiten dituzte. “Umeak haur parkean utzi, bertan haurrentzat prestatutako tailerretako batean parte har dezaten, eta tailerrak irauten duen bitartean, gurasoentzat bisita gidatu bat antolatzen dugu. Horrela, umeak ikasten ari dira eta entretenituta daude, eta gurasoek eurei egokitutako bisita egiten dute”.

Kutxa Ekoguneko haur parkea orain urtebete jarri zuten martxan, eta, ordutik, bisitari gehien erakartzen duen jarduera da. “0-11 urte bitarteko haurrentzako aisia espazioa da. Pedagogia berdeko irizpideetan oinarritua dago, naturarekin interakzioa bilatzen duen espazioa da, eta egiturek paisaia irudikatzen dute. Jostailuak material naturalez eginda daude, eta espazioa garbia da, toxikorik gabea”. Lehen urte honetan 34.000 bisitari izan ditu haur parkeak. Horietako askok, gainera, tailerretan parte hartu dute; tailer bana egiten baitute, goizean zein arratsaldean. “Bisitari asko etortzen da haur parkera; baina kanpoan bisita librea egitera etortzen direnak ere asko dira, eta hori, ordaindu gabe denez, ezin da zenbatu. Ezingo nizuke esan, azkenean, urtean zenbat jendek bisitatzen duen Ekogunea”.

Ekogunearen eskaintza helduentzako tailer eta ikastaroek osatzen dute. Urte osoan egiten diren ikastaroak dira gehienak, baina, noizbehinka, ikastaro bereziak ere antolatzen dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.