Oiartzun. Arrakala, ustearen eta errealitatearen artean

E.G.L.

Azaroan egin dituzte arnasguneen tailerrak Oiartzunen, eta bertan izandako parte hartze handia nabarmendu du Uemak, herritarrek duten inplikazioaren seinale. 80 herritar inguruk parte hartu dute tailerretan.

Herritarrei Oiartzunen euskaraz zenbat hitz egiten den galdetuta, ustearen eta errealitatearen arteko aldea handia zela ondorioztatu zuten bai Uemako teknikariek eta bai herritarrek berek ere. Izan ere, euskaldunak herritarren %73,9 izan arren, euskararen erabilerak indarra galdu du azken urteotan: 2001 eta 2011 artean, %67,2tik %60,4ra jaitsi zen lehen hizkuntza gisa; etxeko hizkuntza nagusia izateari dagokionez, berriz, jaitsiera 10,8 puntukoa izan zen, %56,9tik %46,1era.

Oiartzunen, bestalde, kale erabileraren neurketa ere egina dute, eta 2011koan %52,9koa izan zen euskararen erabilera; 2001ean baino ia 10 puntu gutxiago. Uemako tailerretan parte hartu aurretik Oiartzungo euskara taldeak egindako bideoan, herritar askok %70 inguruan kokatzen zuten euskararen erabilera, eta datu errealak ezin sinetsita gelditzen zirela azaldu du Eneritz Albizu Uemako teknikariak. “Oiartzunen 20 puntukoa den bezala, herri euskaldun askotan izaten da ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala handi hori”.

Herritarren kontzientziazio eta ahalduntzeari begira jarri dira, batez ere, Oiartzungo tailerretan: “Gaia gizarteratu, herritarrak ahaldundu eta euskaldunak egoeraren jabe egitea. Izan ere, datu horiei buelta eman behar diotenak, aldaketaren eragileak, herritarrak berak izango dira. Arnasguneetan, ezagutza datu onak dituzten herrietan, herritarrek eman behar dute lehen pausoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.