Google, Apple: tori nire agenda

Danel Agirre

Goizeko hiruretan Eduardo Indari telefonoz deitu, eta ez nuen momentua behar bezala zukutzen asmatu. Hilabeteak neramatzan harekin lan egindako nire lagunari erreguka, haren zenbakia gordeta zeukala banekielako. Azkenean, mahai zapi batean idatzita pasatu zidan sanferminetan, eta urduriegi ipini nintzen. Marca-ko zuzendaria zen Inda orduan, baina plaza handiagoetarako prest zegoen zantzuak sobran antzematen zitzaizkion dagoeneko. “¡Hola marquistas!” agurrarekin abiatzen zituen bideo xelebre askoak eskegitzen zituen egunero bere egunkariaren webean. Ordu gutxira, Indacente izeneko anonimo batek bizkor erantzun ohi zion, Youtubera igotako parodia jenialekin. Opioa ziren guretzat, bai Inda eta bai Indacente. Pieza guztiekin zerrendak egin eta repeat-ean edukitzen genituen astebururo. Efektu lisergikoa zuten bideo haiek. Eta badute oraindik, egiaztatu berri dut eta.

¡Hola marquista!” agurrarekin abiatu nuen nik ere gure solasaldia, baina segituan damutu zitzaidan markatu aurretik plan zehatz bat prestatu ez izana. “¿Sí? ¿Quién es?” entzundakoan, “Eduardoooo!” ozen bat bota nuen, baina erantzunik gabeko beste “¿Quién es?” baten ondoren bizkor eskegi zidan Indak. Tabernan alboan nituen kideen algara ozenek ez zuten konpentsatu nire erreflexu faltak utzi zidan aho-zapore gazi-gozoa. Hain telefono zenbaki bikainik ez dit sekula berriz inork pasatuko, eta nik ez nion merezi zuen probetxurik atera. Eta hori ez zen okerrena izan: handik gutxira galdu egin nuen.

Ordurako Indak blokeaturik izango ninduela suposatu, eta haren zenbakia sakelakoaren agendan sartu nuen parrandan segitu baino lehen. Noizbait ni baino kide abilagoren bati goizeko hiruretan mahai zapi batean idatzita pasatu, eta hark momentua behar bezala zukutzen asmatuko zuen segurtasuna nuen. Agenda sinkronizatuta izan ez, eta hilabete gutxira galdu nuen telefono hura, ordea, bere kontaktu guztiekin. Indaren zenbakiarekin. Harekin lan egindako nire lagunari erregutu izan diot berriz emateko, baina erantzun ohi dit sanfermin haietan alferrik galdu nuela nire aukera.

Multinazionalen eskuetan nire datuak uzteak eragiten zidan mesfidantza uxatu zait Eduardo Indaren kontakturik gabe geratu nintzenetik. Orain, traste berriren bat erosten dudan bakoitzean, Google eta Appleren hodeiekin sinkronizatzen dut ahalik eta bizkorren. Maldini eta Chimo Bayoren zenbakiak eskuratu ditut azkenaldian, belarri mordoxka kea dariela laga eta gero. Google eta Applek nire gailuetan muturra sartu ahal izatea ez zait axola, Google eta Applek bermatzen badidate inoiz ez ditudala galduko bi horiek bezalako telefono zenbaki bikainak. Hori bai, Maldini eta Chimo Bayori goizeko hiruretan deitzen diedanean, plan zehatz batekin izango da, momentua behar bezala zukutzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.