[Herriz herri] Hernialde. Altuerak dakarren ikusmira

[Herriz herri] Hernialde. Altuerak dakarren ikusmira

Jon Miranda

Leku argia da Hernialde. Ez dago oso altu, 281 metroko garaieran, baina altuago dagoela dirudi eskaintzen dituen ikusmira ederrengatik: alde batera geratzen da Anoeta, pare-parean du Uzturre, eta harago Txindoki ingurua. 4,2 kilometro karratuko azalera duen herria da, eta lur guztiak landa eremukoak ditu, “nahiz eta baserritik ia inor ez den bizi”.

Igaro Balda Hernialdeko alkatea da, eta izaera bereko beste herri askok duten gaitza sumatzen dio bereari: “Industria lurrik ez dugu; beraz, foru funtsa eta biltzen ditugun tasak dira udalaren diru sarrerak. Tasak igotzeak jendea zigortzea dakar, eta hori ez da gure helburua”. Oreka zaila da, baina udalean asmatzen dute herriko 321 biztanleei behar dituzten zerbitzuak ematen.

Biztanle horietako asko edadetuak dira, gainera, Baldaren hitzetan: “Egin genuen neurketa baten arabera, 75 urtetik gorako 38 pertsona daude, baina, zorionez, 17 urte artekoak ere asko dira, 52 bat”. Herriak, beraz, badu etorkizuna, eta egungo udal taldearen “obsesioa” gazte horiei herrian geratzeko aukera eskaintzea da.

2007an, 21 urte baino ez zituela sartu zen alkate Balda. Aurreko lau urteetan hutsunea egon zen udalean: legez kanporatzeen ondorioz ez zen ez korporaziorik, ez gestorarik izendatu. “Urte horietan eguneroko martxari eutsi zioten administrariak eta idazkariak, baina ez zen ez inbertsiorik ez proiekturik gauzatu”. Aurreko plan orokorra iraungita, “etxebizitzak egiteko lurrak agortuta, gazte jendea ezertarako aukerarik gabe geratu zen, eta askok herritik alde egin behar izan zuten”.

Orain herrian bizi diren gazteei gauza bera gerta ez dakien, udaletxean sartu eta berehala hasi zen udal taldea Hernialdeko plan orokor berria prestatzen. Zortzi urteko lana izan da, eta iazko udaberrian eman zioten behin betiko onarpena. Besteak beste, urbanizagarriak diren bi eremu zehaztu dituzte dokumentuan, eta lehen fase batean hamar partzela prestatuko dituzte etxebizitzak egiteko.

Norbera sustatzaile

Herriaren sarreran, bidearen alde banatan zehaztu dituzte etxebizitzak egiteko bi sailak, eta, plazara bidean, ezkerrekoan egingo dute lehen proiektua. “Gure filosofia herri kaskoa tipularen bihotza izatea da, eta bueltan-bueltan urbanizazioak egitea, zerbitzu nagusiak erdigunean daudelako eta errazagoa delako zerbitzu horiek ingurura eramatea”.

Etxebizitzen proiektua lantzen hasi zirenean herritarren artean inkesta bat zabaldu zuen udalak zer nolako etxea gustatuko litzaiekeen, zein baldintzatan eta zein salneurritan eskuratuko luketen jakiteko. Baldak azpimarratu duenez, bederatzi lagunek agertu zuten interesa: “Horietako batzuek denbora honetan beste irtenbide bat bilatu badute ere, uste dugu hamar partzela horiek herriko jendeak eskuratu ahal izango dituela. Horrela gertatuko ez balitz, eskualdera zabalduko genuke aukera”.

Herritarren iritzia biltzeaz gainera, beste herrietako esperientziak ere ezagutu zituzten udal arduradunek. “Harreman estua daukat Baliarraingo aurreko alkatearekin eta hango idazkariarekin, eta han egin duten lanketa gustatu zitzaidan”, esan du Baldak. Beraz, eredu hori Hernialdera moldatu nahi izan dute, eta eskaintza berritzaile bat egin: “Udalak ez du etxe bat egingo eta gero salduko. Terrenoa da salduko duena, zerbitzu guztiekin. Gero partzela erosten duen herritarraren esku geratuko da eraikitze proiektua, beti ere udaletxean onartutako pleguetan agertzen diren baldintzak beteta. Neurri, azalera, altuera eta material berdintsuak erabili beharko dira, baina, nolabait, etxebizitza pertsonalizatuak izango dira”.

Etxebizitza eraikitzeko lur batzuk tasatuak izango dira, eta besteak libreak. 30.000 eurotik 60.000 eurora bitarteko salneurria izango dutela kalkulatu dute udal ordezkariek. “Udalarentzat lanketa handiagoa eskatzen du eredu honek, proiektu bakoitzak baldintzak betetzen dituen aztertu beharko delako aurrena, eta gero proiektu bakoitzari jarraipena egin beharko diolako, baina uste dugu merezi duela. Norberaren bizi proiektua landu beharko du bakoitzak, eta hori berme bat da guretzat”.

Bailaratan banatuta dago Hernialde. Oriako ibarretik hasi eta mendialdera, bost auzo bereizten dituzte: herrigunea hartzen duen Enparantza bailara, herri gainaldean dagoen Izarre, bi zatitan banatzen den Txingurri, Tolosatik gertuen dagoen Olotza eta Anoetako bidegurutzean kokatzen den San Migel. Azken bailara horri garai batean han kokatua omen zegoen San Migel ermitatik datorkio izena; “baina zoritxarrez horren arrastorik ez dugu”, dio alkateak. Hala ere, herrian badute erakusteko modukoa den ondarea —garbitokiak, gurutze-bideak, baserriak…—, eta horiek auzolanean txukundu eta panel batzuen bitartez seinaleztatzeko asmoa dute.

Hernialdek badauzka Herniora igotzeko bide batzuk, eta mendizale ugari gerturatzen da herrira aitzakia horrekin. Guztiak “beso zabalik” hartuko dituztela nabarmendu du alkateak, eta gogoratu du herrian zabalik duten ostatuak zerbitzua eskaintzen diela bisitari guztiei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.