“Euskal makilari Hegoaldeko erakundeen babesa falta zaio”

“Euskal makilari Hegoaldeko erakundeen babesa falta zaio”

Ikerne Zarate

Euskal makila tradizionalak egiten dituen Hego Euskal Herriko artisau bakarra da Beñat Alberdi. Irungo Lapitz auzoko tailerrean aritu direnen hirugarren belaunaldikoa da. Tailugilea zen aitona, eta, ondoren, osaba eta aita hasi ziren makilak egiten. Erreleboa hartuta, argi du euskal makilak Hegoaldean ez duela Iparraldean duen erakundeen babesa.

Euskal makila tradizionala egiten duzue. Zer da makila?

Errespetu sinbolo bat da makila, eta, norbaiti oparitzen diogunean, gure errespetua adierazten diogu. Ez da aginte makila, horretarako erabili bada ere; ez dugu ahaztu behar makila herrikoia dela. 1800. urte amaierako argazkietan, azaltzen dira gizonak beren makilak eskuan; oso objektu arrunta zen, moda osagarri eta errespetu sinboloa, aldi berean. Ez zen lan egiteko erabiltzen, asteburuetan plazara joateko edo elizara baizik; ekitaldi sozialetan. Maila guztietako jendeak zuen makila, ez bakarrik agintea zutenek. Gerora, horretarako ere erabili izan da euskal makila, eta ongi dago, zuzena da, baina oinarria ez da hori. Lehendakariek eta alkateek soilik erabiliko balute, gaur egun itxia genuke tailerra; herriari esker bizi gara gu.

Aitona hasi zen tailerrean lanean. Ondoren, aita eta osaba, eta, orain, zu hirugarren belaunaldia zara. Zergatik erabaki zenuen jarraitzea?

Ofizioa nahi gabe ikasi nuen gaztetan, lanean, eta bereziki nerabezaroan. Dirua nahi nuen, eta, hori lortzeko, aitak tailerrean laguntzeko eskatzen zidan. Trukean dirua ematen zidan. Hor ikasi nuen lan eginda dirua irabazten. 16 urterekin, ez nuen pentsatzen tailerrean jarraituko nuenik; mundua ezagutu, ikasketak egin, bestelako lanak probatu nahi nituen. Urteak pasatu ahala, aukera hori presenteago izan nuen, eta, unibertsitatea amaituta, banekien tailerrean amaituko nuela. Hainbat enpresatan lan egin, eta, oso gustura egonda ere, tailerra aukeratu nuen.

Ofizialki hiru urte pasatu ditut tailerrean, eta oso positiboak izan dira; oso gustura nago, nahiz eta egoera ekonomikoa ez den ona. Gure produktua oparitarako egiten dela kontuan hartuta, zerrendan azkena da. Asko sumatu dugu. Hala ere, eusten ari gara, eta pozik gaude. Gainera, sentitzen dut lanaren bidez euskal kulturari ekarpena egiten diodala, aitaren lanaren segida da, gustukoa daukat eta hilaren bukaeran nire fakturak ordaintzeko ematen dit… beraz, aurrera. Kontent, eta lanean ari gara.

Zein da euskal makila tradizionala egiteko prozesua? Nahikoa luzea da, ezta?

Prozesu luzea da. Bi pertsona ari gara lanean: Jon Estonba eta neu. Aitarekin lanean ibilitakoa da. Prozesuaren lehenengo etapa eta garrantzitsuena, oinarria, egurra da. Garrantzitsuena eta zailena. Mizpirondo basatia erabiltzen dugu guk. Zuhaitz horren egurra oso gogorra eta, aldi berean, oso malgua da; puskatzeko zaila.

Udaberrian mendira joaten gara mizpirondo bila; aurkitu, eta makilak egiteko adar aproposak ikusten ditugunean, labain batzuk pasatzen dizkiogu eta tatuaje moduko ebaki batzuk egiten dizkiegu: hiru marra olatu eta hiru marra puntu. Tradizionalki hala egiten da; zergatik ez dakigu, ez dagoelako dokumentaturik; baina guk erreplika bat egiten dugu, hasiera-hasierako pauso berberak egiten ditugu. Ebaki horiek eginda, neguan itzultzen gara, sei hilabetera, eta orbainduta daude. Orduan, adarra moztu, tailerrera eraman, eta labean sartzen dugu. Labean sartuta, azala kentzen diogu, eta makilan egindako marrazkiaren erliebea agertzen da. Beste egur batean eginez gero, ez da ateratzen. Ezaugarri honek bereizten du euskal makila tradizionala beste edozein kulturetako makiletatik.

Zenbat adar markatzen dituzu urte batean?

Ez dakizu zer aurkituko duzun urte bakoitzean, baina, kopuru bat ematearren, 200 edo 300 bat markatzen ditugu. Naturaren menpe nagoenez, 300 horietatik agian 100 jasotzen ditugu.

Egurrarena, lehenengo pausoa. Hortik aurrera zer?

Makila sei urtez lehortzen utziko dugu ondoren, material bizia delako egurra eta, ongi lehortzen ez baduzu uzten, okertu daitekeelako. Behin egurra landuta, metala lantzen dugu: alpaka, letoia edo zilarra. Eta lan egiten dugu duela 300 urte bezala. Plaka handi batzuk iristen dira, moztu, tolestu, soldatu, eta leundu egiten ditugu.

Marrazkiak egiten ditugu ondoren. Mailuarekin eta xixelekin markatzen ditugu, kolpeka, eta grabazioak egiten ditugu euskal sinbologiarekin. Metalak amaituta, larruzko trentza egiten dugu letoizko tubo baten gainean, eta heldulekua adarrez egiten dugu. Prozesu bakoitza errespetatzen dugu, eta, material guztia dugunean, muntaketa egiten dugu.

Hego Euskal Herrian bada euskal makila tradizionala egiten duen beste artisaurik?

Ez, profesionalki besterik ez dago.

Zer pentsatzen duzu zuk horretaz?

Ba, niri neuri kezka eragiten dit. Berekoia banintz, pozik nengoke, nik bakarrik saltzen ditudalako, eta hori ongi datorkigu. Baina hau ez da bakarrik ofizio bat. Nik erabaki ez banu tailerrarekin jarraitzea, ez legoke beste inor euskal makilak egiten. Tristura ematen dit hori pentsatzeak. Euskal makilari babes instituzionala falta zaio. Pisua dauka; gaur egun, aitak egin duen lanari esker, gero eta pisu handiagoa hartzen ari da Hegoaldean. Iparraldean beti izan du, eta erakundeek babestuta dute; kondekorazioak, diplomak ditu.

Bezeroak nondik iristen zaizkizu?

Euskal Herria da bezero garrantzitsuena, baina Filipinak, Tel Aviv, edonondik eskatzen dizkigute makilak. Gure merkatua Euskal Herrian dago. Mediatikoenak ere hor daude: lehendakaritzak, foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzak, udalek eskatzen dizkigute. Lehendakariarena-eta mediatikoenak dira, eta publizitateak on egiten digu, baina, batzuetan, iparra galdu egiten dugu, uste dugulako makila bakarrik dela jende garrantzitsuarentzat eta, azkenean, denak gara garrantzitsu.

Eta zertarako eskatzen dizkizute euskal makilak, zein opari mota egiteko?

Gehienbat, erretiroetarako eskatzen dizkidate, aitortza gisa. Makila sentimentala da, etxekoa, sinboloa da. Adinean sartzen ari gara, eta ikur egokia da makila erabiltzea, horrek esan nahi duelako oraindik partidan ari garela. Enpresetan barne mailan zein kanpo mailako opariak egiteko, bezero oso berezientzat; aitona-amonentzat, euskal makilak ez duelako sexurik; ezkontzetako ere eskatzen digute; lagun berezi bati oparitzeko; urrun dagoen anaiari…

Eta zenbat balio du euskal makila tradizional batek?

250 eta 700 euro artean balio dute egiten ditugun makilek; aukeratzen duzun makila eta metalaren araberakoa da salneurria. alberdimakila.com webgunean nahi duenak jaso dezake gure makilen gaineko informazio guztia. Eta norbaitek gure tailerrera etorri nahi badu zuzenean ikusi eta aukeratzera ere, badu aukera. Webgunean dago gure helbide elektronikoa eta telefono zenbakia gurekin harremanetan jartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.