[Museora] Urrelur. Gatza eta diamanteak

[Museora] Urrelur. Gatza eta diamanteak

Eider Goenaga Lizaso

Fosilak, harriak eta mineralak. Horiek aurkitzen ditu bisitariak Urretxuko Urrelur museoan; baina bildumaren atal nagusia mineralek osatzen dute. Milatik gora mineral dauzkate sailkatuta bertan; egunero erabiltzen ditugunetatik hasi eta balio handiko mineraletara, bigunetatik hasi eta gogorrenetara, ohikoenetatik ezohikoenetara.

Pertsonak egunero erabiltzen ditu mineralak, gehienetan mineralak direla kontziente izan gabe: barazki eta zekaleek lurretik xurgatuta jasotzen dituzte burdina, sufrea, magnesioa, potasioa… eta horiek ezinbestekoak dira giza gorputzaren funtzionamendu egokirako; gatza ere minerala da, eta gatzik gabeko dieta jarraitzea zaila egiten zaio askori; grafitoarekin arkatzen minak egiten dira; talkoa eta igeltsua ere mineralak dira… Zerrenda amaigabe horretan, gatzetik oso urrun dagoen mineral bat ageri da punta-puntakoen artean: diamantea. Mineralen artean gogorrena, eta garesti eta preziatuenetakoa. Horrekin batera: urrea, azafrai minerala, rodioa, platinoa, plutonioa, painita, californioa…

Urrelur museoa bi zatitan banatuta dago. Horietako bat mineralei buruzkoa da. Bestean daude bai fosilak eta bai harriak. “Fosilak bost kontinenteetan jasotakoak dira, eta kronologikoki jarrita daude”, azaldu du Miren Castillo Urretxuko kultura teknikariak. Harri eta harkaitzei buruzko atalak osatzen du Urrelurreko erakusketa. “Gauza askoren berri ematen digute mineral eta fosilek. Lurra osatzen duen materiaz, elementu kimikoez eta munduaren bilakaeraz mintzatzen zaizkigu, besteak beste. Helburu didaktiko horri, bestalde, hainbat piezaren erakargarritasuna gehitu behar zaio, eta horren berri jasotzen dute Urrelurrera etortzen diren bisitariek”. Castilloren arabera, bere erakusketaren aberastasunak eta aniztasunak bereizten du Urrelur.

Munduan sailkatuta dauden 3.500 mineral ingurutik, 1.000 baino gehiago daude ikusgai Urrelurren, eta aukera hori Nicasio Aguadoren familiari zor zaio. 1987an Aguado-Goñi familiak Urretxuri egindako doako lagapenari esker sortutako museoa baita Urrelur. Javier Aguado Goñik honela azaldu zuen bere aitak mineralekin izandako harremana: “Aitak denetariko bildumak egiten zituen. Mineralak gogoko zituen, eta euskal hiriburuetako merkatu txikietara joaten zen haien bila”.

Doako bisitak

Museoan dagoena hobekien ezagutzeko modua bisita gidatuak diren arren, bisitak modu librean egiteko aukera ere badago Urrelurren. Museoaren ohiko ordutegian egin daitezke, bai eskuliburu eta panelen laguntzarekin, eta baita audiogida batekin ere. “Audiogidak bisita osoa azalpenekin egiteko aukera ematen du, baina, aldi berean, gehien interesatzen zaizkizun atalak aukera ditzakezu, eta horietan gehiago sakondu. Bisita zure modura egokitzeko aukera ematen dute audiogidek”. Bisita libreak doakoak dira.

Bisita gidatuak dira, hala ere, mineral, fosil eta harriei buruzko informazio osatuena jasotzeko bidea eta “museoaz jabetzeko” modurik onena. Ordu eta erdiko bisitak antolatzen dituzte, hamar lagunetik gorako taldeentzat. Ikastetxeetatik joaten diren bisitarientzat, berriz, ohiko bisita gidatua moldatzen dute, ikasleen adinaren, taldearen ezaugarrien, interesen eta eskolan landutako gaien arabera.

Urrelur museoak, bestalde, hainbat jarduera berezi antolatzen ditu urtean zehar, eta horietan garrantzitsuena Mineralogia eta Paleontologia Astea izaten da. Azaro inguruan egiten dute, eta aurten 29. edizioa izan da. Irteera mineralogikoa, tailerrak eta hitzaldiak, erakusketa monografikoak —Kretazeoko dinosauroei buruzkoa, adibidez—, ipuin antzeztua, mineral eta harribitxien azoka eta umeentzako mineralogia eta paleontologia parkea antolatu zituzten, urriaren 31tik azaroaren 6ra. Urtean zehar irteera gehiago ere antolatzen dituzte, eta Museoen Nazioarteko Egunean ekitaldi bereziak eskaintzen dituzte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.