Herritar antolatuen aldarriak

Herritar antolatuen aldarriak

Maite Alustiza

Plataformak, mugimenduak, elkarteak, taldeak. Herritarrak mobilizatu egin dira Donostian, nor bere aldarrikapenarekin. Asko aipa daitezke: SOS Miracruz 19, Satorralaia, Uliako Lore-Baratzak, Parte Zaharrean Bizi… Honako hauek dira urte osoan presente izan diren gaietako batzuk:

METROA
Lurpeko lanak, hasi gabe

Urteak hilabete ere ez zuen Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak metroaren aldeko apustua berretsi zutenean, Kursaalean egindako topaketa batean. Ordurako herritarren artean bazebilen gaia, eta otsailean metroarekin zuten “egonezina” helarazi zioten Satorralaia bizilagunen mugimenduko kideek Eneko Goia alkateari. Bilera bat egin zuten: alkateak konpromisoa hartu zuen haien kezkak eta eskaerak bideratzeko, baina argi utzi zien udala metroaren proiektuaren alde dagoela, eta parte-hartze prozesu bat martxan jartzekotan proiektuaren sustatzaileari legokiokeela —Eusko Jaurlaritzari, kasu honetan—.

Berez uztailean hasi behar zituzten metroaren lurpeko zatiaren obrak, baina atzeratu egin ziren. Orduan iragarri zuen Ana Oregi sailburuak 2017an hasiko dituztela, eta 2020rako bukatuak izatea espero dutela. Guztira, 165 milioi euroko aurrekontua du proiektuak.

Urte osoan, proiektua gelditu eta garraio ereduaren inguruko eztabaida bat abiatzea eskatu du Satorralaiak, hainbat bidetatik: elkarretaratzeak eta manifestazioak egin ditu, bilerak eskatu ditu erakundeekin, manifestu bat kaleratu du —kultura, kazetaritza, zuzenbide, arkitektura, unibertsitate eta beste hainbat arlotako 70 pertsona ezagunek bat egin zuten—… Sinadurak ere bildu ditu, metroaren igarobideari buruz herri galdeketa bat eskatzeko: 8.916 donostiarren sinadurak erregistratu zituen uztailean, diputazioan eta Jaurlaritzan. Urriaren 11n, ordea, Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak ezezkoa eman zion galdeketa bat egiteari.

Berraztertzeko helegitea aurkeztua dauka mugimenduak. Ez dago ados Diputatuen Kontseiluaren arrazoibideekin: “Erabili dituen argudioak ez datoz bat herri kontsultaren eskaerarekin, eta kongruentziarik ezaz jota daude”. Diputatuen Kontseiluak argudiatu zuen beste erakunde baten eskumenekoa den proiektu bat laguntzeak ez duela proiektu hori bere eskumenekoa bilakatzen. Ez dator bat Satorralaia: “Proiektua foru aldundiaren eskumenekoa ez izateak, Jaurlaritzaren eskumenekoa baizik, ez du loturarik eskatutako herri kontsultaren mamiarekin”.

Alderdien artean, EH Bilduk metroaren alternatiba aurkeztu du: mugikortasun integralari buruzko proposamen bat. Edukiera handiko autobus eredu berri bat eta geltoki intermodalak martxan jartzea jasotzen du proiektu horrek. Koalizioaren arabera, proposamenak hiru alde on ditu: mugikortasun iraunkorra, zerbitzua auzo guztietara iristea eta zerbitzuaren optimizazioa.

BELARTZA II
Balio naturala aldarri

Epaitegietara iritsi da auzia. Azaroaren 22an, Haritzalde Naturzaleen Elkarteak Donostiako Udalari administrazioaren aurkako auzi helegitea jarri zion epaitegian, Mercadonako obra egitetik ateratako material pilaketa Belartza Goikoaren landazabalean baimentzeagatik. Helegitea tramitean onartua izan da, eta “hilabete batzuren epean” ebazpena egotea espero dute naturzaleek.

Maiatzean ezagutu zen auzia. Ekologistak Martxan taldeak, Eguzkik eta Haritzaldek publikoki egin zuten salaketa: Belartza inguruan, Mercadonaren supermerkatu bat eraikitzeko obretan, irregulartasunak izaten ari zirela. Haien arabera, baimendutako eremutik kanpo ari ziren lanean; zehazki, harrobitik ateratako materialak Belartza II poligonoa eraikitzeko asmoa dagoen tokian ari ziren pilatzen. “150.000 metro kubikoko betelan irregularra” salatu zuten. Arartekoari, fiskaltzari, Eusko Jaurlaritzari eta aldundiari eman zioten ustezko irregulartasunen berri, eta Donostiako Udalari obrak geldiarazteko eskatu zioten; berdin egin zuen Naturkon plataformak ere —Gipuzkoako hamahiru talde biltzen ditu—.

Hasiera batean Donostiako Udalak ziurtatu zuen beharrezko baimen guztiak zituztela; gero, ordea, Enrique Ramos Hirigintza zinegotziak onartu zuen obrak legez kanpokoak zirela, eta lanak geldiarazi zituen maiatzaren 30ean. Handik lau hilabetera, urrian, Naturkon elkarteak ustezko irregulartasun gehiago salatu zituen, eta udalak bigarrenez gelditu zituen obrak. Naturzaleek azaldu zutenez, ordea, urriaren 18an berriro altxatu zuen jarritako debekua.

Belartza II proiektua egitea 2009an onartu zuten, eta egun eraikita dagoen Belartza poligonoaren jarraipena litzateke —hogei hektareatik gora eraikiko lirateke—. Naturkon plataformaren arabera, Belartza II eraikiko balitz “balio natural, paisajistiko eta agrologiko handiko eremua suntsituko litzateke”. Horregatik, ingurua Unanue Natural Gunearen barruan integratzea galdegin dute. Naturkonek, Añorgako bizilagunekin batera, Belartza 2 Gelditu plataforma sortu du, eta sinadura bilketa hasi dute, Change.org plataformaren bitartez.

ZEZENKETAK – GALDEKETA
Otsailera begira

Uda ondorenerako iragarrita zegoen zezenketei buruzko galdeketa, baina epaitegietako hainbat erabaki tarteko, 2017ko otsailaren 19ra atzeratu dute. Hori da, oraingoz, galdetzeko iragarrita dagoen data. Honako hau litzateke galdera: “Ados al zaude udalak bere titulartasunekoak diren ekipamendu eta espazioak zezenketetarako ez alokatu edo uztearekin, eta horretarako diru laguntzarik ez ematearekin?”. Dena den, oraindik ez dago argi otsailaren 19an egingo duten galdea.

Donostia Antitaurina Orain plataformak eskatu du galdeketa egitea. Baliozko 8.986 sinadura aurkeztu zituen martxoan, eta udalak apirilean jakinarazi zuen bide emango ziola prozesuari. Hiritar Kontsulten Araudia zegoen horren oinarrian —iaz onartu zuten udalean EH Bilduk, PSEk, PPk eta EAJk—. Udalaren aurreikuspena uda ondoren egitea bazen ere, maiatzean EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin zuen Donostiako galdeketa araudia.

Araudia indargabetu ondoren, aurrera jarraitu zuen udalak, eta beste egun bat ezarri zuen: otsailaren 19a. Udala kontsulta prestatzeko tramiteekin ari zela, irailean, galdeketa egiteko asmoen kontra helegitea jarri zuen Espainiako Estatuaren abokatuak, eta badaezpadako neurri gisara galdeketa egitea debekatzeko eskatu zuen. Azken horri kasu eginda, galdeketa bertan behera utzi zuen Donostiako epaitegi batek.

Hortaz, beste bide batetik jo zuen udalak: Espainiako Ministroen Kontseiluari baimena eskatzea. Proposamen hori babestu zuten Donostiako Udaleko EAJk, PSE-EEk eta Irabazik; EH Bildu abstenitu egin zen, eta PPk kontra bozkatu zuen. Ministroen Kontseiluaren erantzunaren zain daude, beraz. Espainiaren baimenarekin eginez gero, kontsultan parte hartzeko gutxieneko adina 18 urtera igoko da —lehen, 16 urtetik aurrerakoa zen—.

ILLUNBE
Proiektu berria, martxan

Illunbek badu eroslea: Larrain SL (Moyua taldea) eta Loyola Gestion Inmobiliaria (Altuna-Uria) enpresek osatzen duten elkartea —bera bakarrik aurkeztu zen lehiaketa publikora—. Aurreikusi dutenez, hiru gune izango ditu espazio berriak: hotel bat, elikadurari eskainitako saltoki handi bat, eta denda zein zinema aretoentzako beste gune bat. Hotela 3.000 metro koadroko lur sail batean egingo dute, eta antzeko azalera izango du elikadura saltokiak, aparkaleku batekin. Gaur egun zinema aretoak kokatuta dauden tokian arropa dendak, tabernak, edertasun zentroak eta abarrak jartzea aurreikusi dute, baita zinema aretoak eurak ere. Illunberen salmentatik kanpo geratu da zezen plazaren kudeaketa eta erabilera.

Uztailean hasi zuen Tokiko Gobernu Batzordeak Illunbe esleitzeko prozesua. Baldintzak zehaztu zituen lehenik, eta, horietan agertzen denez, Illunbe kudeatuko duen enpresak irisgarritasunari lotutako hainbat lan ere egin beharko ditu: aisialdi gunerako sarbide berriak eta ospitaleetako saihesbidea egin, eta Anoetatik doazen bideak hobetu.

2009tik udala egin da eraikinaren kargu. Gutxienez 17 milioi euro eskatzen zituen, eta 17,1 milioiren truke saldu du. Udalarentzat “diru sarrera handi bat” izango da, eta, aldi berean, “erabilera eskasa zuen hiriko gune bat birsortuko du”. Salmentaren harira, udal gobernua sustatzen ari den hiri ereduarekin kezkatuta agertu dira, besteak beste, Irabazi eta EH Bildu. Bizilagunen artean izan dira aurkako iritziak. “Beste merkataritza zentro bat? Madrilen agian bai, baina hemen, 180.000 biztanleko hiri batean, ez”, adierazi dio Irutxuloko Hitza-ri Iñaki Olasagasti Amara Berri auzo elkarteko presidenteak.

TURISMOA
Masifikazioari aurre

“Donostia marka modan dago mundu zabalean”. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan zuen maiatzean. Donostiak duen “erakarpen” hori aprobetxatuta, turistak beste eskualdeetara bideratu nahi ditu diputazioak. Helburu horrekin sortu du Gipuzkoaren turismo marka berria: Explore San Sebastian Region. Horrez gain, Turismo Mahaia bultzatu du aurten aldundiak. Partaidetzazko aholkularitza organo bat da, eta sektorean inplikatutako eragileak biltzen ditu.

Azken hamarkadetan nabarmen igo da turista kopurua lurralde osoan. Datu bat: gaua Gipuzkoako hoteletan pasatzen duten turisten kopurua 2,5 aldiz biderkatu da 1992. urtetik. Turismoak BPGan duen pisua %7,4ra igo da lurraldean, eta Donostian %10ekoa da. Eragin positiboekin batera, ordea, badira kontrakoak ere. Olanok onartu du Donostian “masifikazio arazoak” izan direla, eta horren kexu dira, adibidez, Parte Zaharreko bizilagunak: “Gainezka dagoen leku bihurtzen ari da”.

Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearen arabera, 6.000 herritar bizi dira auzoan, eta ostalaritza establezimenduz “gainezka” eta ostatuz “beteta” dago. Eusko Legebiltzarrak uztailean onartu zuen Turismo Legea —turismorako etxeak arautzen ditu—, baina elkarteak kritikatu du bizilagunen ikuspuntua kontuan hartu gabe egin dela. Legea onartu eta gutxira, tasa turistikoak jartzeko aukera mahai gainean jarri zuen Eneko Goiak, turismoak eragiten dituen gastuei aurre egiteko.

Donostia Sustapenak egindako txosten baten arabera, turismorako 961 etxe partikular eta 4.458 ohe daude Donostian, arautuak zein ez aratuak. Egoera hori ikusirik, apartamentu turistikoak arautzeko batzorde tekniko bat jarri du martxan udalak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.